Publicada el Lundi, 14 de janvier de 2008

Adierazpen instituzionala. Horren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du funtsezko eskubideak eta askatasunak babesteko duen konpromisoa, eta, beraz, indarkeria terroristaren aurrean duen jarrera irmoa

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak, 2008ko urtarrilaren 14an egindako bilkuran, ondoko adierazpen instituzionala onetsi zuen:

"1. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du funtsezko eskubideak eta askatasunak babesteko duen konpromisoa, eta, beraz, indarkeria terroristaren aurrean duen jarrera irmoa.

2. Nafarroako Parlamentuak poza agertzen du ustezko bi terrorista –hala ere, aitorpena egin dute– atxilo hartzeagatik. Bi terrorista horiek ETAren komando aktibo batekoak ziren eta, beste ekintza terrorista larri batzuen artean, Barajaseko 4. terminaleko atentatu basatia eta bi herritar errugaberen heriotza leporatzen zaie.

3. Nafarroako Parlamentuak bere atxikimendua adierazten die Estatuko segurtasun indar eta kidegoei, eta, era berean, zuzenbidearen estatuaren funtsezko printzipioei eusteko egiten duten lan garrantzitsua ezagutzen die; orobat, eskertu egiten die Espainiako gizarte osoari ematen dioten zerbitzu leiala, atentatuei aurrea hartuz, terroristak jazarriz, horiek atxilotuz eta justiziaren esku jarriz.

4. Nafarroako Parlamentuak poza agertzen du zuzenbidearen estatuak berme osoz eta erabateko normaltasunez funtzionatzen duela egiaztatu ahal izateaz.

5. Nafarroako Parlamentuak indar politikoei zuhurtasuna eta lasaitasuna eskatzen die, gizartean alarmarik pitz ez dezaten susmoak hauspotuz, ondorioak aldez aurretik ateraz eta ustezko terroristen egoerari buruzko iritziak emanez; aldi berean, Nafarroako Parlamentuak eskatzen du errespetuz jokatzea justiziak abian jarria duen lanarekin, eta men egin dakiela justiziak hartzen dituen erabakiei.

6. Nafarroako Parlamentuak atsekabea adierazten du Nafarroako Foru Komunitateko herritarrak gauza izateagatik hain ekintza arbuiagarriak, higuingarriak eta gaitzesgarriak egiteko, eta beren jaioterriaren izena, Lesaka, eta ondorioz, Nafarroaren izena, pertsona horiekin eta beren ekintzekin lotuta agertzeagatik.

7. Nafarroako Parlamentuak batasunerako deia egiten die berriro ere indar demokratiko, gizarte-erakunde eta, oro har, herritar guztiei, horrela, legezkotasuna oinarri hartuta, eta irmotasun osoz, terrorismoaren gaitzarekin amaitzea lortzeko eta bake osoa, behin betikoa eta atzeraezina iristeko".