Parlamentuak "Transplantearen Egun Nazionala" ospatzearekin bat egiten duen adierazpen instituzionala onetsi du
Bozeramaileen Batzordeak aho batez onetsi du Nafarroako Parlamentuko Partido Popular taldeak aurkeztutako adierazpen instituzionala, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak “Transplantearen Egun Nazionala” ospatzearekin bat egiten duen eta nafarrei organoak ematera dei egiten dien.
Adierazpenak honakoa dio:
“Nafarroako Parlamentuak heldu den asteazkeneko ospakizunarekin bat egiten du, hau da, otsailaren 29ko Transplantearen Egun Nazionalarekin. Urtero 65.000 organo-transplante inguru egiten dira munduan eta, kalkulatzen da, egun 150.000 eta 200.000 pertsona artean transplante baten zain daudela. Garapen mediko eta farmakologikoari esker transplantearen emaitza geroz eta arrakastatsuagoa da, nahiz eta organo eskasia dela-eta gaixoen itxaron zerrenda luzeegia izan.
Europak 18 emaile ditu batez beste milioi bat biztanleko. Espainia da munduan transplante jarduera gehien duen lurraldea, milioi bat biztanleko ia 35 emaile dauzka. 2011n Espainiak bere transplante eta emaile marka hautsi zuen, gehiengo historikora iritsi ziren zifrak lortu baitzituen, 4.212 eta 1.667 hurrenez hurren.
Nafarroan, 2011. urtean guztira 40 giltzurruneko transplante, 24 gibeleko transplante eta 5 bihotzeko egin ziren. Zehazki 2012ko urtarrilaren 2an, 95 pertsona zeuden transplantea jasotzeko itxaron zerrendan: 2 bihotza jasotzeko, 16 gibeleko transplanterako eta 77 giltzurruna hartzeko.
Nafarroako Parlamentua Transplantearen Egun Nazionalaren ospakizunarekin bat egiten du eta nafarrei dei egiten die, eskuzabaltasunez eta altruismoz, organo-emaile gisa parte har dezaten itxaron zerrendako pertsonek ahalik eta azkarren transplantea jasotzeko.