Herriaren legegintza-ekimena arautzen duen martxoaren 25eko 3/1985 Foru Legea eta Nafarroako udalen legegintza-ekimena arautzen duen 4/1985eko Foru Legea aldatzen dituen Legea onetsi dute
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Nabai-k, PPNk eta I-Ek alde emandako botoekin eta Bildu-ren abstentzioarekin, herriaren legegintza-ekimena arautzen duen 3/1985 Legea eta Nafarroako udalen legegintza-ekimena arautzen duen 4/1985eko Legea aldatzen dituen Foru Legea onetsi du gaur.
Socialistas de Navarra-k bultzatutako Foru Legeak afera publikoetan parte-hartzeko eskubidearen erabilera eraginkorra sendotzea du helburu, herritarrei bizitza parlamentarioan “zuzenago eta modu efizienteagoan” parte-hartzeko bide bat emanez.
Horretarako eta aipatu dekretua arautzen den esparru naturala kontuan hartuz, 3/1985 Legearen 3. artikuluan d) atala txertatzen da. Era horretan, udalen legegintza-ekimenaren Udalbatza Sustatzaileak ordezkari bat izendatuko du, proposamena parlamentuko eztabaidetan defendatu ahal izan dezan; baldin eta izapidetzeko onartzen bada eta errolda autonomikoaren %1aren babesa badu gutxienez (lehenagoko 7.000 sinaduren ordez, 5.000 sinadura inguru).
Era berean, Legeak 4/1985 Foru Legearen 3. artikulua aldatzea dakar. Horrela bada, udalbatzek izendatutako ordezkaria parlamentuko eztabaidetan parte-hartzeko gaitzen da udalek egindako proposamena defenda dezan, ezartzen den moduan.
Ekimen baten zein bestearen kasuan, gaitze horren barruan aintzat hartzeko parlamentuko eztabaidak jasotzen dira, horri dagokionez talde guztiek sinatutako zuzenketa bat onetsi baita.
Osoko Bilkuran nahiz Batzordean ekimen bat zein bestea aurkezteko, bai herriaren legegintzarena bai udalena, beharrezkoa da Erregelamendua aldatzea eta izendatutako ordezkarien parte-hartzea parlamentariei aitortzen zaien “modu bertsuan” egitea.
Bestalde, 3/1985 Foru Legearen 8. artikuluari laugarren epigrafe bat gehitzen zaio “indarrean dagoen legediarekin bat” sinadura elektronikoko sistemaren bidez egin ahal izateko zer baldintza bete behar diren ezartzeko.
Sinadurak Nafarroako Hauteskunde-batzordeari eman beharko zaizkio 6 hilabeteko epea agortu aurretik -zigilatutako eta zenbakitutako paper-orriak gaitzen direnetik; dena den, epe hori bi hilabetez luzatzen ahalko da, baldin eta horretarako “arrazoi objektiboak” badaude.
Azken xedapenean jasotzen denez, Nafarroako Gobernuak arau honi “beharrezko” zabalpena emanen dio, bai onetsi berritan, bai “aurreragoko aldizkako kanpainen” bidez ere.
26 urtetan 7 herriaren legegintza ekimen aurkeztu dira, baina bakar batek igaro du aintzat hartzeko izapidea eta 9/1999 Foru Lege moduan onestea lortu zen, Eskubide Sozialen Gutun baterako. Azken aurrekaria aurtengoa da, Antsoaingo abortatzeko klinika kokatzea, kontzesioa, lizentziak eta baimenak foru hauste izenda zitezen eskatzen zuen Herriaren Legegintza Ekimena izapidetzea onartu zenekoa. Lehenago, 2011ko urrian, Ganberak Nafarroan entzierro txikiak ezartzeko eskatzen zuen herritar talde batek bultzatutako Lege proposamena izapidetu zuen. Sinadurak jasotzeko ezarritako epea gainditzeagatik proposamena pasa den 4an iraungi zela adierazi zuen.
Nafarroako Udalen Legegintza Ekimenari dagokionean, behin bakarrik aurkeztu da hainbat udalek babestutako foru lege proposamena eta aintzat hartzea baztertu zen.
· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege Proposamenaren argitalpena (NPAO, 22. zk., 2012-03-02koa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 51. zk., 2012-05-23koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 57. zk., 2012-06-12koa)