ELGA eta nazioarteko erkidegoa zerga-paradisu gisa jarduten duten herrialde edo lurraldeak debeka ditzaten premiatzen dituen ebazpena onetsi dute
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpena ahobatez onetsi du gaur zeinaren bidez ELGA eta nazioarteko erkidego osoa premiatzen diren “berriz ere har ditzaten zerga-paradisutzat lurraldez kanpoko zentro gisa edo ez-egoiliarrentzako zentro gisa jarduten jarraitzen duten lurraldeak, banku-sekretua indarrean duten antolamendu juridikoa dutenak eta sekretu hori urratzea zigortzen dutenak, baita beste herrialde batzuekin informazioa trukatzeko akordioak sinatuta badituzte ere”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du, Socialistas de Navarra-k zuzendu duena. Bertan Espainiako Gobernua premiatzen da “EBaren eta parte hartzen duen hainbat nazioarteko erakunderen baitan (G20, ELGA…) behar adina ekimen gauzatzearen” alde egin dezan “lurralde ezberdinetan kokatutako zerga-paradisuekin bukatzeko”, eta “zerga-paradisuen definizio berri bat” susta dezan “laguntzen ez duten jurisdikzioen zerrenda objektiboago eta zehatzago bat eginez”.
Era berean eta hirugarren atal batean, Estatuko eta Nafarroako gobernuak premiatzen dira “legedi indarduna alda dezaten, zerga-paradisuetan erregistratutako merkataritza-sozietateen eta finantza-entitateen gaineko kontrol zehatza egiteko”.
Gainera, Foru Komunitateko Gobernua premiatzen da “kontratazio publikotik eta zerga-salbuespen, diru-laguntza nahiz laguntza publiko orotatik kanpo utz ditzan zerga-paradisu gisa jarduten diren herrialdeetan eta lurraldeetan erregistratutako sukurtsalak, filialak edo entitateak dituzten merkataritza-sozietateak, banku-entitateak eta enpresa-taldeak”.
Azkenik eta Socialistas de Navarra-k aurkeztutako gehitze zuzenketa baten ondorioz, Espainiako Gobernua premiatzen da “EBaren baitan ECOFINen abenduaren 7ko akordioa garatzea bultzatu dezan, estatuen arteko informazio truke automatikoa diru-sarreraren eta kapitalaren zortzi maila nagusietara hedatzeko: lanagatiko diru-sarrerak, zuzendarien diru-sarrerak, dibidenduak, kapital-irabaziak, royaltyak, bizi-aseguruengatiko irabaziak, pentsioak, jabetzak eta ondasun higiezinengatiko diru-sarrerak”.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak bultzatutako ebazpenak “zerga-iruzurraren eta diru-garbiketaren aurka era eraginkorrean egitean” kokatzen du bere ekimena. Izan ere, jurisdikzio asko daude oraindik “finantza-zentro opaku direnak, banku-sekretua dutenak, zerga oso gutxi ordaintzen direnekoak edo zergarik ordaintzen ez direnenekoak eta oso eskura daudenak finantza-sukurtsalak edo enpresa instrumentalak eratzeko”. Hori dena, “zerga-iruzurra zerga-paradisu horietako ia bakarrean ere delitutzat ez hartzearen” astungarriarekin.
· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 37. zk., 2012-04-20koa)