Publicada el Jeudi, 28 de juin de 2012

Nafarroako Gobernua Liburutegi Nagusi berrian arreta egokia emateko behar diren langile guztiak jar ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Nabai-k, Bildu-k eta I-Ek alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk kontra emandakoekin, Nafarroako Gobernua “Liburutegi Nagusi berrian arreta egokia emateko behar diren langile guztiak jar ditzan” premiatzen duen ebazpena onetsi du gaur.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du non Foru Komunitateko Gobernua premiatzen den “ez dezan kanpoan kontrata Liburutegien zerbitzua”.

Zioen azalpenean, Nabai-k bultzatutako ebazpenak argudiatzen du Kulturako Liburutegi Nagusiaren erabiltzaileari laguntza emateko eginkizuna indartzeko kontratua Sedena-ri emateak inplizituki “aitortzea” dela, Asnabi Nafarroako Liburuzainen Elkarteak bere garaian “salatu” zuen legez, Liburutegi Nagusiari esleitutako langile kopurua “urria” dela, Mendebaldeko eraikin berrian egin beharreko eginkizun guztiak bere gain hartzeko. Izan ere, “txanda bakoitzean 9 pertsona soilik zeuden jendaurrean lan egiten; alegia, San Frantzisko plazako liburutegi zaharreko kopuru bera”.

2011ko maiatzean Sedena-ri esleitu zitzaion kontratuaren karietara, urtebeteko iraupena duena baina beste bi urtez luza daitekeena, proposatu duen taldeak zehazten du lau langile gehitu direla larunbat goizetan erabiltzaileei laguntzeko eta artatzeko eta bosgarrena haur liburutegiko erabiltzaileez arduratzen dela.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 44. zk., 2012-05-07koa)