Publicada el Jeudi, 13 de septembre de 2012

Nafarroako Gobernua 2013-2016 urteetarako Inbertsio Publikoen Plan berriko proiektuetan bideragarritasun azterlanak erants ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Nabai-k, Bildu-k eta PPNk alde emandako botoekin eta I-Eren abstentzioarekin, Nafarroako Gobernua “2013-2016 urteetarako Inbertsio Publikoen Planean egin beharreko proiektuen bideragarritasun azterlan bana erants dezan” premiatzen duen ebazpena onetsi du gaur.

Bildu-k neurri hori “Nafarroa 2012 Planean bukatu gabe gelditu diren lanetara” zabaldu nahi izan du; baina ez da aurrera atera, PPNk ez baitu horri zegokion aldaketa zuzenketa onetsi.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du, non jasotzen den aipatu planak “besteak, beste, jarduketen ekonomia-, finantza- eta gizarte-errentagarritasuna balioetsiko” dituela.

Era berean eta hirugarren atal batean aurreikusten denez aipatu azterlanak “ustiapen-gastuei buruzko aurreikuspena jasoko du, gutxienez ere 10 urteko eperako, hala behar denetan”.

Zioen azalpenean, PPNk argudiatzen du Nafarroa 2012 Planari jarraipena emango diola 2013-2016 Hainbat Urtetarako Planean. PPNren arabera “zenbait jarduketaren” bideragarritasun analisirik ez egoteak berekin ekarri du Nafarroa 2012 Plana aplikatzeko “ahalegin ekonomiko gehigarri bat” egin behar izatea.

Proposatu duen taldearen arabera, “zorroztasun” gabezia hori onartezina da egungo krisi ekonomikoaren testuinguruan. Horrenbestez, are beharrezkoagoa da aipatu inbertsio planak azterlan xehakatua izatea, “beharrizanak” “balioetsiko eta zehaztuko” dituena, bai eta “jarduketa bakoitzaren finantza- eta gizarte-errentagarritasuna” ere, horiei lotutako mantentze-gastuak barne.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 44. zk., 2012-05-07koa)