Publicada el Jeudi, 13 de septembre de 2012

Nafarroako Gobernua Ondare Historikoaren Babesa Ziurtatzeko 16/1985 Legearen bosgarren xedapen iragankorrean ezarritakoa aplika dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak SNk, Nabai-k, Bildu-k eta I-Ek alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk kontra emandakoekin, ebazpena onetsi du gaur zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen den “egiazki aplika dezan 16/1985 Legeko bosgarren xedapen iragankorrean xedatutakoa, Ondare Historikoa bere osotasunean eraginkortasunez babestea ziurtatze aldera”.

Zioen azalpenean, Nabai-k eskatzen du 16/1985 Legearen egiazko aplikazioaren luzatzearekin amaitu dadin; 28.1 artikuluak xedatzen baitu interes kulturalekotzat deklaratutako ondasun higigarriak eta Inbentario Orokorrean sartutakoak eliza-erakundeen esku baldin badaude Estatuari, Zuzenbide Publikoko entitateei edo Elizaren beste erakunde batzuei soil-soilik besterendu edo laga ahal izanen zaizkiela.

Bosgarren xedapen iragankorrak epigrafe horretan xedatutakoa zabaldu zuen Ondare Historikoaren parte izanik Eliza-erakundeen edukitzan dauden ondasun higigarrietara; 10 urteko epea ezarri zuen.

Epe hori luzatuz joan zen bi legeren bidez: Zerga, administrazio eta gizarte arloko neurriei buruzko 42/1994 Legea (10 urte), eta Interes publiko bereziko gertakarien zerga-onurak eta tasak aldatzen dituen 2/2004 Legea (7 urte); bai eta Errege Lege-dekretu baten bidez ere, 20/2011a, defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, zerga eta finantza arloko premiazko neurriei buruzkoa (urte 1).

Azken luzatze hori bukatzear dagoenean, proposatu duen taldeak irizten du “justifikaziorik gabe” ari dela luzatzen; eta, gainera, “kaltegarria” izan daitekeela Ondare Historikoaren osotasunerako, 16/1985 Legeak “definitzen” duenaren arabera.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 49. zk., 2012-05-18koa)