Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabekoek 2013ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa onetsi du gaur
Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren kontra emandakoekin, SNk, Bildu-k, Nabai-k, Izquierda-Ezkerrak eta atxiki gabekoek 2013ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa onetsi du gaur.
Foru Lege proiektua gobernuari itzultzeak, Nabai-ren osoko zuzenketaren ondoren egin denak (ez da beharrezkoa izan SNrena, Bildu-rena, I-Erena eta atxiki gabekoena bozkatzea), erregistratuta zeuden bostetan lehenengoa alegia, 2012ko Aurrekontu Orokorrak luzatzea dakar, 3.711 milioikoak, Gobernuak 2013rako aurreikusia zuena baino % 8,8 gehiago (3.384,49 milioi).
2013ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuaren izapidetzea urriaren 31n onetsi zen eta azaroaren 2an argitaratu zen Parlamentuaren Aldizkari Ofizialean.
Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako osoko zuzenketaren oinarria da 2013rako Aurrekontuen proiektuak “murrizteko eta gutxitzeko” “berezko” eredu “liberalarekin” bat datorrela, eta eredu horrek, ekonomia “mugiarazi” ordez, “defizita kontrolatzeko obsesio interesatua” dakarrela; era horretan, “gizartearen ongizatearen eta herritarren eskubideen alorretan atzerapausoa” eragiteko.
Bildu-k baieztatzen du Parlamentura igorritako proiektuarekin Nafarroako Gobernuak “gastu publikoa era larrian murriztearen” alde egiten duela eta “langabezia gehiago, zailtasun gehiago eta txirotasun gehiago” eragingo duen sistema batean “sakontzen” duela. Horri dagokionez, hezkuntzan eta osasunean egindako murrizketak aipatzen ditu, 2010ekin alderatuta, % 15,6koa eta % 17, 3koa hurrenez hurren.
Nabai-k “gastu eta diru-sarrera egituraren kontra” dagoela adierazi du; alegia, Gobernuari “publikoa defendatzeko eta jarduteko” ematen zaion paperaren kontra, funtsean, 2013rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko proiektuan jasotako “funtsezko lehentasunen” kontra.
Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeak baieztatzen duenez Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proiektuak “ez ditu funtsezko zerbitzu publikoak bermatzen eta ez du ekonomia mugiaraztearen ez enplegua sortzearen alde egiten, austeritate eta murrizketen aldeko politika ekonomiko” batean kokatzen delako, zeina dagoeneko “krisitik ateratzeko balio ez duela” agerian geratu den.
Ildo berean, atxiki gabeko parlamentariek argudiatzen dute aurrekontu horiekin Gobernuak ez zuela “osasunean, hezkuntzan eta politika sozialetan funtsezko zerbitzuak ematea” bermatuko, ez eta “ekonomia piztera eta enplegua sortzera” lagundu ere, oinarri duten “diru-sarrera fiskalen” proposamena “egokia ez” baita.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariak, Lourdes Goicoecheak, ordea dio 2013rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko proiektuak “austeritate irizpideak” dituela ardatz, baina “ekonomia piztearen, enplegua sortzearen eta estrategia proiektuen” alde egiten duela, eta “osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte politiken alorrean funtsezko zerbitzu guztiak ematea bermatzen” duela, Estatuak murriztu dituen horiek barne, “mendekotasuna eta egoera irregularrean dauden etorkinen osasun laguntza” esaterako.
· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 88. zk., 2012-11-02koa)