Parlamentuko Osoko Bilkurak zentsura mozioaren eztabaida eta bozketa geldiarazi eta apirilaren 18ra atzeratu du
Bildu-k eta Aralar-Nabaik lehen aldiz erabili dute Nafarroan erantzukizuna exijitzeko tresna hau, eta, Juan Carlos Longás dute Gobernurako lehendakaritzarako hautagai
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adostu dute datorren apirilaren 18an, ostegunean (09:30), zentsura mozioa eztabaidatu eta bozkatzea, zeina Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek iragan ostiralean erregistratu zuten. Nafarroaren historian aurkezten den lehenengoa da.
Zentsura mozioak NaBai-ko parlamentari independente Juan Carlos Longás proposatzen du Gobernuko lehendakaritzarako hautagai gisa eta hauteskunde aurreratuak deitzea du helburu.
Zioen azalpenean, proposatu duten taldeek azpimarratzen dute Barcinaren gobernua, PSNrekin zuten hitzarmena orain dela ia urtebete hautsi zuenetik gutxiengo parlamentarioan egonda, “paralizatuta, noraezean eta eragiteko gaitasunik gabe” dagoela, bai eta bere ekimenak gauzatzeko zailtasun handiak dituela ere.
Mozioa Bildu-ko parlamentari Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruizek eta Aralar-NaBaiko Txentxo Jiménez eta Juan Carlos Longásek erregistratu dute, azken hori lehendakaritzarako hautagai gisa.
Parlamentuaren araudiari jarraiki, honako arauei erreparatuz eztabaidatu eta bozkatuko da zentsura mozioa:
180. artikulua. 1. Zentsura mozioaren eztabaida, mozioa izenpetu duten foru parlamentarietako batek haren defentsa eginez hasiko da, denbora mugarik gabe. Ondoren, eta denbora mugarik gabe ere, mozioan Foru Diputazioaren lehendakari izateko hautagai gisa aurkeztutakoa mintzatuko da, osatu nahi duen gobernuaren programa politikoa agertzeko.
2. Lehendakariak erabakitako etenaldiaren ondoren, hala eskatzen duen parlamentu-talde bakoitzeko ordezkari bana mintzatuko da hogeita hamar minutuz. Parlamentu-taldeek mintzatzeko izanen duten hurrenkera taldekide kopuruaren araberakoa izanen da, handienetik hasi eta txikieneraino, eta atxiki gabekoekin bukatuz; azken horiei hamabost minutuko txanda ematea adostu da.
Eskatzen duen guztietan erabili ahalko du hitza proposatutako hautagaiak. Mintzatu den bati bakarka erantzuten badio, ihardesteko eskubidea izanen du horrek. Halaber, hautagaiak parlamentu-taldeen ordezkariei batera erantzuten badie, ihardesteko eskubidea izanen dute horiek. Ihardesteko txanden iraupena hamabost minutukoa izango da, erdia atxiki gabekoen ordezkariarentzat.
3. Lehendakariak aurretik iragarritako orduan bozkatuko da zentsura mozioa. Zentsura mozio bat onesteko, nolanahi ere, Parlamentuko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa behar da.
181. artikulua. Nafarroako Parlamentuak zentsura mozioa onesten badu, Nafarroako Gobernuko lehendakariak dimisioa berehala aurkeztuko du eta onetsitako mozioan proposatutako hautagaia Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari izendatuko da.
182. artikulua. Zentsura mozioa onesten ez bada, hura izenpetu dutenek ezin izanen dute bilkuraldi berean besterik aurkeztu. Ondorio horietarako, bilkuraldi arruntetik kanpo aurkeztutakoa hurrengo bilkuraldiari eratxikiko zaio.