Publicada el Jeudi, 27 de juin de 2013

Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioak gaurkotzen dituen Foru Legea onetsi dute

% 1eko igoera dakar, Gizarte Segurantzak aplikatutako indize berdina, 2012ko urtarrilaren 1erako atzerako eraginekin eta milioi bat euro inguruko kostuarekin

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen klase pasiboen pentsioak gaurkotzen dituen Foru Legea.

Foru Legearen xedea da “funtzionarioen klase pasiboen pentsioak igotzea, defizit publikoa zuzentzeko Aurrekontu, tributu eta finantza arloko presako neurriei buruzko abenduaren 30eko 20/2011 Errege Lege-Dekretuak Gizarte Segurantzarako sistemaren klase pasiboetarako xedatzen dituen portzentaje berean”.

Praktikan, esan nahi du Nafarroako administrazio publikoen montepioetako 5.003 pentsiodunen pentsioak % 1ean eguneratuko direla, 2012ko urtarrilaren 1erako atzerako eraginekin. Neurri honen kostua 1.076.010,00 eurokoa da.

5.003 onuradunetatik, 3.050 Foru Diputazioaren Montepioetakoak dira; 890 Montepio Munizipal Orokorrekoak: 925 Iruñeko Udalarenak; 90 Tuterakoarenak; eta 48 Tafallakoarenak.

Nafarroako Aurrekontu Orokorrek Foru Diputazioaren Montepioari dagozkion 665.172 euroak eta Montepio Munizipal Orokorraren pentsiodunei eguneratzeak balioko duen 190.362 euroak finantzatuko dituzte.

Bestalde, Iruñeko, Tuterako eta Tafallako Montepioen eguneratzearen kostua kasuan kasuko udalen aurrekontuen kontu finantzatuko dira, zehazki, 195.429 euro Iruñerako, 16.582 euro Tuterarako, eta 8.465 euro Tafallarako.

Igoera honetatik kanpo geratu dira alargun eta zurztasun pentsioen gutxieneko zenbatekoak, lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera ezartzen baitira. Era berean, pentsio publikoen arloko indarreko araudiari jarraikiz ezarri da pentsioei ez zaiela gaurkotzea aplikatuko, baldin eta onuradunak gainditzen badu berarekin edo jasotzen dituen beste pentsio publiko batzuk batuta, Gizarte Segurantzaren sistemako kotizazioko pentsioetarako ezarrita dagoen urteko gehieneko zenbatekoa.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 73. zk., 2013-06-25ekoa)