Parlamentuko Osoko Bilkurak sahararrak babesteko adierazpen instituzionala berretsi du
Eledunen Batzarrak iragan astelehenean onetsi zuen, Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoak hala eskatuta
Parlamentuko Osoko Bilkurak sahararrak babesteko adierazpen instituzional bat aho batez onetsi du gaur, zeina Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoak hala eskatuta, Eledunen Batzarrak iragan astelehenean onetsi zuen.
Adierazpenak honakoa dio:
“Nafarroako Parlamentuak sahararrek egun bizi duten egoera dela-eta kezkatua dagoela adierazten du, zeina larrialdi humanitarioko, etorkizunerako ikuspegirik gabeko eta gatazkaren konponbide baketsu eta politikoen blokeoko egoera gisa defini daitekeen. Halaber, gatazka era baketsuan konpondu dadin egoera honek izan ditzakeen ondorioen beldur da.
Nafarroako Parlamentuak sahararren ordezkari legitimoak nazioarteko erkidegoaren esparruan konponbide politikoen ildoaren alde egiten jarraitzera animatzen ditu eta berriz ere adierazten du Saharako gatazkaren konponbide zilegi eta iraunkor bakarra NBEren erabakiak betetzeaz gain, sahararrek haien etorkizuna erabaki ahal izan dezaten, estatu independente izatea barne, autodeterminazio erreferendum bat eginez lortuko dela. Horregatik guztiagatik, Espainiako gobernuari eta nazioarteko erkidegoari eskatzen die egoera honi amaiera emate aldera Maroko premiatu dezaten, zertarako eta NBEren kontrolaren pean Sahararen autodeterminaziorako erreferendum bat egin dezan, arazoa konpontzeko era politiko eta baketsu bakarra baita.
Nafarroako Parlamentuak haren elkartasuna adierazten die Marokoren kontrol pean okupatutako lurraldeetan bizi diren sahararrei, haien egunerokoan errepresioa eta giza eskubideak ez errespetatzea pairatzen baitute, eta saharar preso politikoak askatzea eta Marokoko estatuaren indarkeria dela-eta desagertuta daudenen kasuak argitzea eskatzen du. Halaber, Nafarroako Parlamentuak desiragarri jotzen du MINURSOk Marokok Mendebaldeko Saharan okupatutako lurraldeetan giza eskubideak zaindu ditzan, oraingo okupazio egoerak irauten duen bitartean.
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako eta Espainiako gobernuak premiatzen ditu laguntza humanitarioaren eta garapenerako lankidetzaren arloei dagokienean, haien lehentasun gisa manten ditzaten sahararren iheslari-esparruekin lotutako laguntzak eta proiektuak eta ordezkari legitimoek haiek antolatzeko lanetan laguntzea.
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako gizarteari dei egiten dio zertarako eta sahararren egoera dela-eta duen kezka eta interesa manten dezan, ildo horretan Nafarroako elkartasunerako mugimenduak burutzen dituen jarduerak babes ditzan: oporrak bakean, karabanak … eta gogoan izan dezan Mendebaldeko Sahararen gatazka ahaztu ezin den eta konpontzeke dagoen gatazka politiko bat dela”.