Gobernuko lehendakariak Nafarroaren egonkortasuna eta susperraldi ekonomikoa bultzatuko duen hitzarmen bat eskaini dio PSNri
Barcinak Foru Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaidari ekiteko eman duen hitzaldian orain gutxi EAJk Euskal Autonomia Erkidegoan sinatu duen hitzarmenaren antzeko bat proposatu du
Nafarroako lehendakari Yolanda Barcina Angulok Nafarroari egonkortasuna emango dion hitzarmen bat sinatzea proposatu dio PSN-PSOEri, oinarrizko zerbitzu publikoak ematen direla ziurtatuko duena, ekonomia zein enplegua suspertzen lagunduko duena eta Euskadiko alderdi sozialistak EAJrekin sinatu berri duen hitzarmenaren antzeko xede eta neurriak dituena.
Hori adierazi du lehendakariak gaur Nafarroako Parlamentuan hasi den Foru Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaidan egin duen parte-hartzean.
Yolanda Barcinak bere gobernuak eta sostengatzen duen alderdiak, UPNk, alderdi sozialistarekin adostasunetara iritsi nahi duela berretsi du, biek azken hogeita hamar urteetan jarraitu duten ildo berean, izan ere, esan duenez, haiei esker Nafarroa bai arlo ekonomikoari bai arlo sozialari dagokionean autonomia erkidegoen buruan baitago.
Itunaren edukia
Zehazki, lehendakariak egonkortasunerako eta aurrerapenerako hitzarmen bat proposatu dio PSN-PSOEri. Bost jardute eremu zabali dagozkien 25 neurri zehatz ditu; edukia, hain zuzen, iragan irailaren 16an EAJren eta PSE-PSOEren artean sinatu zen itunaren edukiaren antzekoa da. Gainera, alderdi sozialistak uko egiten badio, Yolanda Barcinak gonbidatu ditu Nafarroako herritarrei azal dakiekeen “zergatik Nafarroarentzat ez duten nahi Euskal Autonomia Erkidegoarentzat nahi dutena”.
Bost dira eskainitako hitzarmenaren ardatz nagusiak:
-Zergen erreforma osoa, nafarrak gainerako espainolak baino baldintza okerragoan ez daudela ziurtatuko duena, bereziki, errentaren aitorpena, sozietateen gaineko zerga eta ondarearen gaineko zergari dagokionean.
-Ekonomia eta enplegua bultzatzeko programa bat garatzea, iraupen luzeko langabetuak eta gazteak kontratatzeagatiko laguntzak, enpresentzako bermeak, industria bultzatzeko neurriak, I+G+b bultzatzeko neurriak eta nazioartekotzearen eta nekazaritzako elikagaien sektorearen aldeko neurriak izango dituena. Halaber, planak ekintzaileak, langileen formakuntza eta prestakuntza, eta azpiegitura estrategikoak eraikitzea babestuko dituen jarduerak ditu.
-Hezkuntzako, osasuneko eta gizarte politikako oinarrizko zerbitzu publikoak mantentzea. Horretarako, zerbitzu horiek iraunkorrak egingo dituzten beharrezko erreformak egitea proposatzen da, bai eta gizarte zerbitzuen zorroa definitzea eta eguneratzea ere, hartara, herritarrari Espainiako prestaziorik onenak ziurtatzeko.
-Iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko plan berri bat, iruzurgileak jazartzeko gizarte-baliabide eta baliabide material egokiak izango dituena eta eskolaren bidez herritarrei heziketaz gain, elkartasun balioak emango dizkiena.
-Administrazioaren eredu berri bat, “lehiakorra eta eraginkorra”, honako parametroei jarraiki: neurri egokia, langile malguak, emankorrak eta eraginkorrak; herritarrarentzat hurbila eta arina, bikoiztasunik gabeko enpresa publikoen sektore eraginkor bat izango duena.
“Ororen gainetik –esan du lehendakariak- herritarraren aldeko itun bat da eta, beste behin ere, gure ezberdintasunak alde batera utzita ados jartzeko gai izan gaitezen merezi du”. Ildo horretan, azpimarratu du “Nafarroako gizarteak klase politikoa bere maila berean dagoela ikusi beharko luke, arazoak konpontzeko lan egiten duela, eta ez sortzeko, eraikitzean jartzen dituela ahalegin guztiak, ez eraistean”.
Nafarroak garapen ekonomikoaren eta sozialaren buruan jarraitzen du
Yolanda Barcinak egin duen parte-hartzean, une garrantzitsu bat bizitzen ari garela aipatu du, non “ekonomiaren eta gizartearen arloko ziurtasunak desagertu diren, eta oraindik ere zerk ordezkatuko dituen jakiterik ez dugun”.
Testuinguru horretan, onartu du Foru Komunitateak krisi ekonomikoaren eraginez une zailak bizitzen ari dituela, baina katastrofe-uneak ez direla esan du. “Herritarren per capita errenta Espainiako batez bestekoa baino % 27 altuagoa duen erkidego batek ez du egoera katastrofikorik bizi”, esan du.
Ildo berean, Barcina lehendakariak Nafarroa baldintza ekonomiko eta sozialei dagokienez autonomia erkidegoen buruan kokatzen duten beste adierazle batzuk aipatu ditu. Besteak beste, azpimarratu du Nafarroako udalen zorpetzea estatuko batez bestekoa baino sei puntu baxuagoa dela eta udalen erdiak dagoeneko bere zorra murriztu duela, estatuan aldiz %27ak.
Horrez gain, nabarmendu du hezkuntzan Foru Komunitateak eskola-uzte goiztiarrean Espainiako tasarik baxuena duela eta Europako batez bestekoa baino baxuagoa dela, % 13,5 hain zuzen. Osasunari dagokionean, inkestek islatzen duten balorazio altuaz gainera, azpimarratu du biztanleko osasun gastua Nafarroan handiagoa dela (1.634 euro, 1.364 euro izan ordez), bai eta lehen mailako arretan sartzeko berandupenaren batez bestekoa (1,5 egun) estatuko baxuena eta Espainiaren erdia dela (3,5 egun) dela.
Gizarte politiken arloan, lehendakariak Nafarroa prestazio gehien dituen erkidegoa dela nabarmendu du, bai eta ezgaitasunean gastua handitu duen erkidego bakarra dela ere (192,92 euro urtean; Espainian batez beste 113,69 direnean). Era berean, Foru Komunitateak etxebizitzarako laguntzei dagokienean, lurralde osoko sistema eskuzabalena duela oroitarazi du.
Yolanda Barcinak bere parte-hartzean, bere gobernuak burututako lana errepasatu du. Azpimarratu duenez, administrazioko gastuetan austeritatea du ardatz; krisia egon arren, hezkuntzan, osasunean eta gizarte politiketan aldiz, oinarrizko zerbitzu publikoen kalitatea mantentzea; eta ekonomia eta enplegua suspertzeko baliabide eskuragarri guztiak erabiltzea.
Sail guztien lorpenak zerrendatu ditu; horien artean, enplegua sustatzeko neurriak nabarmendu ditu, enpresen inbertsiorako eta berrikuntzarako laguntzetan formula berriak erabilita (nazioartekotze plana, plan teknologikoa, ekintzailetza plana) egin direnak, bai eta enpleguaren aldeko mahaian sartutako neurriak garatuta.
Horrez gain, administrazioaren argaltzea aipatu du eta enpresa publikoen sektorearen berregitura bereziki aipatu du, haren bidez % 79 murriztu baita enpresa kopurua. Beste zenbait jarduera ere azpimarratu ditu, esaterako, Nafarroako Kanalaren bidez ureztatutako azalera handitzeak izan duen bultzada eta 2013 eta 2014 urteetarako funtsaren banaketa berriak udaletxeei ematen dien finantza-bermea.
Gainera, diru-laguntzak jaso ahal izateko gutxieneko nota “5ean” mantentzea eta hezkuntzan hizkuntzak ikasteko egiten ari diren ahaleginak aipatu ditu. Bestalde, osasunari dagokionean, itxaron zerrendak arintze aldera neurriak hartzen ari direla adierazi du. Amaitzeko, gizarte politikei dagokienean, egungo maila, alegia, “Espainiako gizarte zerbitzu onenak”, izaten jarraitzeko egiten ari diren ahaleginak nabarmentzeaz gain, garraioei dagokienean, prestazio handiko eta zabalera europarreko trenbide-sare bat lortzeko xedearekin burutzen ari den lana azpimarratu du.