Publicada el Jeudi, 9 de octobre de 2014

2015 eta 2016rako Toki Ogasunen parte hartzeko duten Funtsaren zenbatekoa banatzeari aurkeztutako osoko zuzenketa bazter utzi dute

Bildu-k eta Aralar-ek diote finantzaketan "behin behinekotasun" egoera bat finkatuko duela eta "oinarrizko zerbitzu eta azpiegituren kaltetzea" areagotzen ari dela

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta atxiki gabekoen abstentzioarekin, Bildu-k eta Aralar-Nabaik Toki Ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako Tributuetan parte hartzeko duten Funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2015eko eta 2016ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituen Foru Lege proiektuari aurkeztu dioten osoko zuzenketa bazter utzi du gaur. I-Ek eman duen babesa ez da nahikoa izan testua gobernuari itzultzeko.

Parlamentura igorri den proiektuaren arabera, Nafarroako Gobernuak 2015ean 200.688.073 euro esleituko dizkie toki entitateei Foru Komunitateko tributuetan parte-hartzeko zenbateko gisa, 2016an zenbateko hori Nafarroako KPIn handituko da, ekainetik ekainera zenbatuta.

Zenbateko horretatik, 171.474.537 euro entitate horietara bideratutako transferentzia arruntei dagozkie, 23.401.274 euro Iruñeko Udalari Hiriburutza Agiria delakoarengatik; 5.421.544 euro Nafarroako udalei karguaren dedikaziorako udalbatzari ordaintzeko eta 390.718 euro Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioari (NUKF).

Esleitutako zenbatekoak emateko urtean lau ordainketa egingo dira, hiruhileko natural bakoitzeko lehen hamabostaldian eraginkor egingo direnak.

Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek adierazi dute arrazoi “ekonomiko eta politikoak” direla-eta proiektua itzuli behar dela. Izan ere, “hasierako esleipena nahikoa ez denez” gero, uste dute “finantzaketan behin behinekotasun egoera bat finkatuko” duela eta “horrek ez du Toki Administrazioaren egonkortasunean laguntzen”.

“Areagotzen ari den eskasia” egoera horren aurrean eta “toki inbertsiorik gabeko hirugarren urtearen” bezperan, zuzenketa proposatu dutenek “itotasun ekonomikoaz” mintzo dira, “bizirauteko zailtasunez eta udalaren zerbitzuak deuseztatzeaz edo murrizteaz”.

Era berean, “eskuordetutako eskumenak finantzatzeko politika murriztailea” gaitzesten dute. Izan ere, “aurrekonturik ez dagoelako aitzakiarekin, diru-laguntza finalistak behin eta berriro urratzea ekarri du”. Egoera horrek toki entitateek “berez beraienak bakarrik ez diren oinarrizko zerbitzuak mantendu” behar izatea eragin du.

Bestalde eta Sinboloei buruzko eta Terrorismoaren biktimak laguntzeari buruzko foru legeei dagokienez, Bildu-k eta Aralar-Nabaik “errepresio ideologikoa areagotu” dela gaitzesten dute, finantzaketaren bidezko zehapen-araubide bat ezartzen baitu, zehazten dutenez, “proiektu honekin zerikusirik batere ez duten beste lege batzuk betearazteko”.

Azkenik, “finantzaketako atzerapausoen eta oinarrizko azpiegituren hondatzearen” testuingurua “deigarria” dela adierazi ondoren eta 20/2012 Foru Legeak ekarri zuen “hausturak” eragin duela esan ondoren, Bildu-k eta Aralar-Nabaik errepikatzen dute beharrezkoa dela “toki entitateen beharrizan errealei modu eraginkorrean aurre” egingo dien proiektu berri bat prestatzea.

Toki Administrazioaren kontseilariak, Javier Esparza-k, uste du funtsen banaketak 2015 eta 2016 urteetan udalek finantzazioa izango dutela bermatzen duela. “Krisi ekonomikoaren iraupena dela-eta eta Parlamentu honek mapa lokala arautuko duen arau bat oneste duen bitartean, azkeneko banaketan (2013-2014) erabili zen bi urteko indarraldia mantentzen da, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legeak aurreikusten duen laur urteko epearen ordez”.

Adierazi den moduan, lege proiektuak kargu publikoan aritzeagatik udalek haien zinegotziei egiten dizkieten ordainketen konpentsazioak ere arautzen ditu. Esleipenak urtebeteko izaera du eta udalbatza osatzen duten hautetsien kopuruaren arabera ezartzen da, hain zuzen, 34.196,43 eurokoa 3 zinegotzi dituen udalarentzat eta 193.908,04 eurokoa 27 zinegotzi hautetsi dituen udalarentzat.

Foru Lege proiektuan xedatzen denez, konpentsazioak bertan behera edo atxikita geratuko dira Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2003 Foru Legea urratzen bada, berriki aldatu diren honako kasuetan: a) udaletxeetako kanpoaldean ez paratzea legez aurreikusitako banderak; b) beste herrialde edo autonomia erkidego batzuetako banderak paratzea udalaren ezein eraikin edo instalaziotan, salbu eta 24/2003 Foru Legeko 8.3 artikuluan ezarritako kasuetan, non salbuespen gisa eta adeitasun arrazoiengatik, beste herrialde, autonomia erkidego eta toki entitate batzuetako banderak ezartzea onartzen den, baina “inoiz ez bakarrik” c) “sinbolo frankistak erakustea edo mantentzea, 52/2007 Legearen 15. artikuluan xedatzen den moduan, izan ere, arau horretan gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zituztenen aldeko neurriak ezartzen diren eta haien eskubideak aitortzen eta hedatzen diren; d) bai eta 33/2013 Foru Legearen 11. artikulua urratzea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta orain morala ematekoa”.

Bertan behera geratzeak edo atxikitzeak arau-haustea frogatu den ekitaldiari dagokion ordainketaren zenbateko osoari eragingo dio. Horretarako, Nafarroako Gobernuak bertan behera uzteko edo atxikitzeko prozedura bat abiaraziko du, udalari arau-haustearen berri emanez eta beti ere ukitutako entitateari alegazioak aurkezteko epe bat emanez. Prozedura hori amaitu ondoren toki entitateak ez balu eskatzen zaion konpentsazioaren zenbatekoa itzuliko, Nafarroako Gobernuak Funts Orokorraren kontura konpentsatuko du.

Osoko zuzenketa bazter utzi ondoren, Toki Ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako Tributuetan parte hartzeko duten Funtsaren zenbatekoa eta banaketa 2015eko eta 2016ko aurrekontu-ekitaldietarako ezartzen dituen Foru Lege proiektua, hein batean aldatzeko 17 zuzenketa aurkeztu zaizkiona, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordean irizpenduko da.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 94. zk., 2014-09-04koa)
• Osoko zuzenketa (NPAO, 105. zk., 2014-10-03koa)