Publicada el Jeudi, 16 de octobre de 2014

Yolanda Barcinak Nafarroa atzeralditik atera dela eta lanpostuak sortu dituela baieztatu du

Elkarrizketa sozialaren alde egin du, puntako hezkuntza eta osasun sistemak mantenduta ongizatearen estatua mantendu dela nabarmendu du eta foru erregimena errespetatzeko eskatu dio Estatuari

Nafarroako lehendakari Yolanda Barcinak baieztatu du nafarren ahaleginari esker eta oposizioa “ezer eraikitzeko gai ez” izan arren, Nafarroa “atzeralditik atera da eta berriro ere lanpostuak sortu” dituela.


Hori izan da lehendakariak Foru Komunitateko Egoerari buruzko Eztabaidan ordu eta erdiz egin duen parte-hartzean bota duen lehenengo mezua. Azpimarratu duenez, Parlamentuko indar politikoak “ez dira gai izan” egonkortasun instituzionaleko egoera bat egon zedin laguntzen, eta beraz UPNk “oso zaila” izan den legegintzaldiari bakarrik egin behar izan dio aurre.


"Nolabait esateko galdutako legegintzaldia izan da”, esan du Barcinak. Alabaina, baieztatu du “ezin ukatuzkoa” dela orain egoera iaz baino hobea dela.


Azpimarratu du bere gobernuak agenda erreformista bati hasiera emateko erantzukizuna bakarrik hartu duela eta “askotan ulertzeko zailak diren neurri gogorrak” hartu behar izan dituela onartu du, baina horiei esker une honetan egoera ekonomikoa 2012. eta 2013. urteekin alderatuta oso desberdina da.


Lehendakariak aipatu du Administrazioan zerbitzu publikoak mantenduta erreforma egin dela, goi-karguak eta konfiantzako postuak murriztu direla, bai eta lehenengo aldiz Enpresa Korporazio Publikoak emaitza baikorrak izan dituela.


Barcinak azpimarratu du industriaren negozioaren indizearen, industriaren ekoizpenaren eta zerbitzuen gisako adierazleak Espainiako batez bestekoa baino altuagoak direla.


Hobekuntza egon bada ere, nabarmendu du ez direla haiek nahi adina lanpostu sortu, baina jaitsi dela eta, aurreko urtearekin alderatuta, lehenengo aldiz langabezia hamabi hilabetez jaitsi egin da eta Gizarte Segurantzako izen-ematea % 1,28 handitu da.


2014.urterako ekonomiaren hazkundeari dagokionez, lehendakariak esan du lau hamarren handitu dela, eta beraz, uste dutela urte amaierarako BPGd-a % 1,5 handituko dela. 2015ean % 2ko handitzea aurreikusten da.

Elkarrizketa soziala, erremediorik onena


Yolanda Barcinaren arabera, “elkarrizketa sozialaren esparrua”, Gobernuak lagunduta sindikatuekin eta patronalarekin egin den “ahaleginaren” eta lortu den “adostasunaren” ondorio dena, ekonomiari dagokionean “ziurgabetasun bizitzen ari garen garai honetan” inbertsioak erakartzeko “erremediorik onena da”.


Barcinak Nafarroako ekonomiak eta enpresek “lehiatu eta era iraunkorrean haz daitezen” estrategia bat abiarazteko “konpromisoa” duela erakutsi du.


Nekazaritzaren arloan apustu berdina egin duela esan du, non Gobernuak eta alorreko sindikatuek bat eginik “oinarrizko printzipioak” defendatu duten. Emaitza NPBRren eskutik 2014 eta 2020 urteen artean 700 milioiko laguntza zuzenak jasotzea izan da.


Halaber, Gobernuak Nafarroako Landa Garapenerako Programa 2014-2020 prestatzen lan handia egin duela oroitarazi du. 320 milioi izango ditu eta horietatik % 42,6 Europar Batasunak emango ditu. Programa Nafarroako Gobernuaren “egiturazko nekazal politikaren tresna nagusia” da.


Gainera, adostasun eta ahalegin izpiritu horren barruan Nafarroako Ubidearen lanen garapena kokatu du. I. fasea handitu da eta horrek udalerri askotako ureztatzaileei onurak ekarriko dizkie, horrek baina, azpiegitura horren “guztiz aurka agertu diren” horiek nahigabetzen ditu.


Horrela, Barcinak baieztatu du ubidea abian jarri zenetik ekoizleek onura handiak izan dituztela; esaterako, Nafarroako nekazaritzako elikagaien industriek haien esportazioak bikoiztu dituzte.

AHT, aurrera


Yolanda Barcinak adierazi du Abiadura Handiko Trenaren lanak aurrera doazela eta datorren urterako, sinatutako hitzarmenaren arabera, Estatuaren inbertsioa 36 milioira iritsiko dela.
Nafarroak aurreratu zituen inbertsioak normaltasunez itzultzen ari dira, lehendakariak esan duenez. Halaber, azpiegitura honek oposizioa eragiten duela aipatu du.


Lanei dagokienez, Cadreita-Villafranca zatikoak bukatu direla eta Castejón-Cadreita zatikoak datorren udan bukatuko direla ziurtatu du.


Gainera, bere Gobernuak Nafarroako trenbide-pasagune guztiak kentzea proposatu duela komentatu du; Espainian lortzen duen lehenengo eskualdea litzateke.
Garraiobideen arloan, halaber, Nafarroako Bidaiarien Herriarteko Garraioaren Plan Integral berri bat ezartzeko lanean dihardutela adierazi du.


Barcinak autoen eta trafiko astunaren kopurua handitu dela eta hori jarduera industriala handitu denaren isla dela nabarmendu du. Horren karietara, AP-15aren trafikoa krisia hasi zenetik etengabe murrizten ari zela, baina orain bere horretara bueltatzen ari dela esan du.


Horrez gain, Iruña eta Behobia lotzen dituen errepidea, N-121-A, seguruagoa izan dadin lanean ari direla esan du eta A-12aren eta Errioxaren arteko lotura amaiera fasean egotea legegintzaldiko gertaera garrantzitsua dela nabarmendu du.


Lehendakariak oroitarazi du badaudela Nafarroa ukitzen duten beste lan batzuk, baina Sustapeneko Ministerioaren mendekoak direla; horri albait azkarren aurrera egin dezan eskatu dio.
Halaber, A-21etik Jakaraino egiteke dauden zatiez, N-232aren erdibitzeaz eta AP-15 autobidea etorkizuneko Madril-Soria-Tutera errepidearekin lotzeaz mintzatu da.

Etxebizitzarako eta turismorako laguntzak


Yolanda Barcinak esan duenez, Nafarroa Espainian etxebizitzak erosteko diru-laguntzak mantentzen dituen erkidego “bakarra” da eta “zalantzarik gabe” ekonomia suspertzeko turismoaren aldeko “apustua” egingo dute.


Lehendakariak etxebizitzaren politika bultzatzen duela erakusten duten zifrak eman ditu, horien artean, azkeneko urtean 264 erosleren artean higiezinak erosteko 4,4 milioi euroko diru-laguntzak eta etxebizitza alokatuetan dauden 3.400 maizterri esleitutako 12 milioiko diru-laguntzak banatu ziren.


Ildo horretan, etxegabetuak artatzeko eta etxegabetzeak prebenitzeko interesa duela baieztatu du, besteak beste, alokairu soziala bultzatuta eta etxebizitza bat eskuratu ahal izateko betebeharrak murriztuta.
Bestalde, lehendakariarentzat turismoa da “joera positiboa” izan duen beste sektoreetako bat, Nafarroan interes ekonomiko berezia duena. Nabarmentzekoak dira “sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana” eta sektore horretako langile eta enpresaburuek egiten duten “ahalegina”.


Horrela, 2014ko lehen seihilabetekoan Nafarroara gerturatu diren bidaiarien kopurua % 8,9 handitu da eta gaua eman dutenena % 9,7. Gainera, bisitariek Nafarroan egin duten gastua aldi horretan % 33,4 handitu da, alegia, “gero eta gehiago gastatzen dute”.


“Nafarroako Gobernuak sektore honen aldeko apustu irmoa egiten du”, esan du Barcinak. Halaber, Foru Komunitateak “turismoari dagokionez etengabe hazten ari diren merkatu berrietara ireki” behar duela adierazi du, “batez ere Txinara eta Errusiara”.

Bikaintasuna hezkuntzan eta kalitatea osasunean


Nafarroako lehendakariak, Yolanda Barcinak, hezkuntzan bikaintasuna eta osasunean kalitatea nagusi direla azpimarratu du eta itxaron-zerrendak murrizten ari direla baieztatu du.


Hezkuntzari dagokionez, Nafarroa “hezkuntza askatasuna gehien baloratzen” duen erkidegoa dela esan du eta sistema oso kalitate onekoa dela nabarmendu du.


Besteak beste, aipatu du ikasturtea errepikatzen duten ikasleen kopurua Espainiako batez bestekoa baino % 7 txikiagoa dela, Nafarroan eskola uzte goiztiarra %12,8koa dela eta Espainiako batez bestekoa % 27koa, eta ikasten eta lan egiten ez duten gazteen kopurua gero eta txikiagoa izateaz gain, gazteak gero eta heziketa eta kualifikazio maila altuagoa dutela lan-merkatuan sartzen direnean.


Horrez gain, azpimarratu du irakasle bakoitzeko ikasle ratioa txikiagoa dela, bai eta ikasgela edo talde bakoitzeko ikasle kopurua ere. Ahalegin ekonomiko horrek inbertsioan isla du, ikasle bakoitzeko 8.352 eurokoa baita, eta Espainian batez beste 6.057 eurokoa.


Halaber, gobernuak “berezko hizkuntzen eta atzerriko hizkuntzen” aldeko apustua egiten duela azpimarratu du eta murgiltze linguistikorako “asmo handiko” programa, ILP, baloratu du.


Azpimarratu du etorkizun hurbilean nazioarteko batxilergoa ezarriko dela eta Nafarroako eskola digitalari buruzko Liburu Zuria idatziko dela.


Osasunaren arloan, Barcinak esan du ez dela zertan “alarmismorik” egon behar. Izan ere, azken Osasun Barometroak Nafarroako osasunari batez beste 7,27ko nota eman zion, 2013an baino bi hamarren gehiago eta estatuko batez bestea baino gehiago (6,41), eta nafarren % 80ak baino gehiagok osasun sistema publikoak oso ongi funtzionatzen duela uste du.


Itxaron-zerrendei dagokienez, txosten bat aipatu du zeinaren arabera Nafarroa atzerapen gutxien dituen erkidegoa baiten. Horrez gain, itxaron-zerrendak murrizten ari direla esan du: kontsultetan bi lanegun gutxiago, hilabete batean 1.350 gaixotan murriztu dira, eta kirurgiarako itxaron-zerrendan lau lanegun gutxiago, hortaz, 85 egunekoa da.


Hobekuntzak egin direla azpimarratu du, besteak beste, kolon-ondoesteko minbizia detektatzeko programak eta gaixo kronikoei eta patologia anitzekoei ematen zaien arreta.


Horrez gain, kontsulten lekualdatzea eta urgentzietako eraikin berria irekitzea aipatu ditu. Esan duenez, ekipamendu horretaz “harro egon gaitezke”. Halaber, hemendik gutxira Ospitaletegi osoaren bateratzea bukatuko dela eta San Francisco Javier Ospitale Psikogeriatrikoko lanak berehala hasiko direla aurreratu du.


Aurreratu duenez, datozen hilabeteetan, Ospitalegian eta Tuterako Reina Sofia ospitalean hainbat solairu funtzionatzen hasiko dira.

Ongizatearen estatua


Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Yolanda Barcinak, esan duenez, Nafarroak duen ongizatearen estatua mantentzea “ez da kontu erraza izan”, egungo egoera ekonomikora egokitu behar izan dela, “baina zifrek lortzen ari garela erakusten dute”.


Barcinak adierazi du Nafarroak “ongizate ratio bikainak mantentzen” dituela eta nafarren % 0,6k gabezia material larriak pairatzen badituzte ere, Espainian zifra hori askoz handiagoa dela, % 6,2 hain zuzen.


Gainera, gobernuak ez die dirurik zor entitateei eta konpromisoei dagokienez erresidentziekin “egunean” dago, hain zuzen, 10.860 familiak (25.000 pertsona inguru) Gizarteratze Errentak jasotzen dituzte eta Nafarroakoa “Espainiako altuenetakoa da”.


Gainera, “hemen garaiz ordaintzen da”. Laguntza hori jasotzeko itxarote-denbora 48 egunekoa da, beste erkidego batzuetan ordea, urtebete itxaron behar izaten da eta beste batzuetan ez da jasotzen.


Alor horretan, lehendakariak adibide gehiago eman ditu. Horien artean, udalek eta gizarte entitateek gizarte bazterkerian egoteko arriskuan dauden pertsonen kontratazioa (1.140 aurten, programa horietan egin den 6,2 milioiko inbertsioarekin); Gobernuak finantzatzen dituen oinarrizko gizarte zerbitzuek 63.000 pertsona artatzea; eta Gizarteratzeko Nafarroako Estrategia.


Horiez gain, aipatu ditu ezgaitasunak dituztenentzat, gaixotasun mentalak dituztenentzat eta helduentzat plaza gehiago esleitzea; Iruñean berehala irekiko den Autonomia Pertsonala Sustatzeko Zentroa, non pertsonak haien bizitzan laguntzeko eredu berria ezarriko den, Nafarroan “ezgaitasunak tratatzeko abiapuntu berria”.


Era berean, datozen asteetan “ezgaitasunak dituzten pertsonek askotan egin duten eskaera bat beteko dugu”, ezgaitasunen txartela “errealitate” egingo baita.

Aurpegiratzeak Bildu-ri


Nafarroako lehendakariak, Yolanda Barcinak, “etorkizunerantz pauso bat ematera” ez ausartzea eta “ETA existitu” daitekeela defendatzea aurpegiratu dio Bildu-ri. Halaber, “haren ondorengotzak eta orainaldiak lurralde honek ezagutu duen lotsaizun politiko handiena” direla baieztatu du.


Lehendakariak “haren diskurtsoan eta demokraziatik, bizikidetzatik eta tolerantziatik oso urrun dauden jarrera eta dinamika batean itxita jarraitzen duen” talde politiko bat, Bildu, existitzea deitoratu du.


"Azken asteotan, etorkizuneranzko pausu bat ematera ausartu ordez, erkidego honen historia hurbileko iragan zital eta iraingarrian ixtea erabaki dute”, esan du Barcinak. Gainera, Patxi Zabaletak esandakoaz mintzatu da, “ETA talde terroristak existitzen jarraitu behar duela defendatu du bi aldiz”.


“Zein maila moralera” erori den galdetu ondoren, esan du hitz horiek ez direla “salbuespen bat”.


Horren karietara, aipatu du Bildu-ko hautagai berria, aretoan zegoen Adolfo Araiz, ez zela 1998ko Miguel Angel Blancoren gisako atentatuak kondenatzeko gai izan eta, ez hori bakarrik, 1997ko otsailean Parlamentua erabili zuela ETA talde armatuaren komunikatu bat irakurtzeko.


"Barkamena eskatu eta eragindako mina ordaindu ordez, Nafarroako bazter guztietan beldurra hedatzeaz harro daude oraindik”, esan du Barcinak. Eredu gisa aipatu ditu aske uzten diren terroristen aldeko elkartasun erakusgarriak edo terroristak babesteko pintadak eta kartelak nagusi diren herriekin duten “konplizitatea”.


"Ezin dute askatasunaz hitz egin eta aldi berean supermerkatu batean lehergailu bat jarri zuen terrorista bati edo 22 lagun erail zituen terrorista bati haien elkartasuna erakutsi”, esan du Barcinak.


Ondoren, lehendakariak eskubideez ere ezin dutela hitz egin esan du, oinarrizko eskubideak ukatzen baitizkiete ezberdin pentsatzen duten herrikideei edo sinboloei buruzko legea ez baitute betetzen.


Horiei guztiei esan die “nafar gehienek aurre egingo dietela jakin dezaten”, bai eta Gobernua “erne” egongo dela eta ez diela “haien proiektu totalitarioak inposatzen” utziko, ez eta herritarrek haien askatasuna, duintasuna eta memoria gal dezaten utziko ere.


Horregatik, esan du, Berunezko Kontakizunak Proiektua abiarazi dute, etorkizuneko belaunaldiek gorroto politikoak eta intolerantziak eragiten dituzten ondorio tragikoak gogoan izan ditzaten.

Estatuari errespetua eskatzen dio

Yolanda Barcinaren ustez Nafarroak foru-sistema dela-eta Estatuarekin izan dituen azken “eztabaiden” “funtsak, oinarriak” “oso kezkagarriak dira” eta oso argia izan da legeak Nafarroari ematen diona “errespetatzeko” eskatzerakoan.


Lehendakariak zerga-erreforma gaitzestea egotzi dio oposizioari. Barcinaren hitzetan hori bi administrazioen arteko harremana “zaila den une honetan” autogobernu seinalea da.


Jarraian, Gobernu zentralean Volkswagenek Nafarroan duen fabrikak BEZa kobratzea dela-eta sortu diren desadostasunak Auzitegi Gorenaren esku uztea erabaki “desegokia” izan dela aipatu du. Estatuak gai hori eta beste asko direla-eta eman ditu epaiak eta jarri ditu helegiteak, askotan “legeek bi gobernuen artean sor litezkeen desadostasun eta istiluak konpontzeko eskaintzen dituzten tresna guztiak erabili gabe”.


Horregatik esan du Estatuarekin izan diren azken eztabaiden “funtsak” “oso kezkagarriak” direla esan du, izan ere, “foru sistema zalantzan jartzen duten hainbat talde sortzen ari dela agerian uzten dute”, halako moldez non badirudien “foru eskubideen aurka egitea ‘modan’ jarri dela”.


Lehendakariaren esanetan, Nafarroari gainerako autonomia erkidegoekin “solidarioa ez izatea” eta balizko “pribilegioak izatea” egoztea guztiz faltsua da, azaldu du lehendakariak. Jarraian, esan duenez, oso ziur dago horrekin guztiarekin “benetan gure foraltasuna eta Hitzarmen Ekonomikoaren bidez Estatuarekin harremana izateko dugun sistema berezia zalantzan jartzen ari direla”.


Horregatik, Nafarroari eskumen eta eskudantziei dagokienean “legeak ematen diona errespetatzeko” errepikatu du, halako moduz non “nafarrek ukitzen gaituzten erabakiak hartzean parte-hartzeko gaitasuna, eskubidea eta betebeharra izan dezagun”.


Azkenik, ordu eta erdiko parte-hartzea bukatu aurretik, amaitzear dagoen legegintzaldia “zaila eta ulertezintasunez betea” izan dela esan du. halaber, alor publikoaren eta estatalaren erakunde eta organizazio guztiekin batera lan egiteko “prest” dagoela adierazi du. Alabaina, oso irmoa izan da zerbaitetan: “Emate dugun errespetu berdina exiji dezagun”.

Saiora gonbidatutakoen artean egon dira, besteak beste, Óscar Arizcuren, UPNko idazkari nagusia; Cristina Sota (UPN), Tafallako alkatesa; Mari Carmen Segura (UPN), Villafrancako alkatesa; Anai Astiz, kontseilari sozialista ohia; Helena Berruezo eta Javier Monzón, parlamentari sozialista ohiak; Amanda Acedo, PSNko hauteskunde primarioetarako hautagaia; Javier Zabalo (Bildu), Leitzako alkate ohia; Adolfo Araiz, EH Bildu-ko hautagaia; Sabino Cuadra, Kongresuan Amaiurreko diputatua; José Mari Blanzaco (Aralar); Isabel Arboníes, parlamentari ohia (I-U) eta Cristina San Barrios, PPNko bozeramailea.