Publicada el Jeudi, 6 de novembre de 2014

Nafarroako toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banatzeko formula ezartzen duen foru legea onetsi dute

Transferentzia arruntak mantendu egingo dira behintzat eta % 2 handituko direla aurreikusten da baldin eta BPGd-ari buruzko aurreikuspenak betetzen badira

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren aurka eman dituzten botoekin, onetsi du gaur zeinaren bidez toki ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko duten funtsaren zenbatekoa eta banatzeko formula ezartzen diren 2015eko eta 2016ko aurrekontu-ekitaldietarako.


Toki Ogasunen Funtsa Nafarroako Gobernuak udalak eta haien kontzejuen gastu arruntak finantzatzeko duen sistema da (langileak, bulegoak, hornidurak…). Bestalde, inbertsioak (azpiegiturak, sareak berritu eta garbitzea, kaleak zolatzea…) Toki Inbertsioen Planaren bidez kofinantziatzen dira, Nafarroako Parlamentuak berri bat onesten den arte luzatu duena.


Oraingoan, legeak xedatzen du Nafarroako Gobernuak 2015ean 200.688.073 euro esleituko dizkiela toki entitateei Foru Komunitateko tributuetan parte-hartzeko.


Toki entitateen parte-hartzeko Funtsaren 200.688.073 euro horietatik, 171.474.537 transferentzia arruntei egokituko zaizkie. 2016an legeak Funtsa zenbateko hori KPIaren arabera eguneratuko dela xedatzen du.


Alabaina, Nafarroako Gobernuak aurreikusten duen moduan 2015ean BPGd-a % 2 handituko balitz, udalen transferentzia arruntak ehuneko berdinean handituko lirateke, hartara “berezko eskumenak betetzetik edo oinarrizko beharrak asetzetik sortutako zorra” leuntzeko.


Arauak 2016an banatuko den salbuespeneko funts konpentsatzaile bat sortzea aurreikusten du, baldin eta toki entitateek 2014 eta 2015 urteetan jaso dituzten transferentzia arrunten zenbateko globala aurreko ekitaldian jasotakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza finalistak eta kasuan kasuko KIPa barne. Mekanismo hori “herritarren beharrak areagotzen ari diren testuinguru honetan funtsen egiazko murriztea geldiaraztea xede duen berme” bat da.


Funtsaren gainerakoa, Beste laguntza batzuk izeneko atalaren barruan, Iruñeko Udalari esleituko zaio Hiriburutza Agiria delakoarengatik (23.401.274 euro); Nafarroako udalei karguaren dedikaziorako udalbatzari ordaintzeari (5.421.544 euro) eta Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioari (390.718 euro).


Kargu publikoen konpentsazioak kentzea edo atxikitzea


Legeak kargu publikoan aritzeagatik udalek haien zinegotziei egiten dizkieten ordainketen konpentsazioak ere arautzen ditu. Esleipenak urtebeteko izaera du eta udalbatza osatzen duten hautetsien kopuruaren arabera ezartzen da, hain zuzen, 4.196,43 eurokoa 3 zinegotzi dituen udalarentzat eta 193.908,04 eurokoa 27 zinegotzi hautetsi dituen udalarentzat.

Legean xedatzen denaren arabera, konpentsazioak kenduko eta atxikita geratuko dira Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2013 Foru Legea edo Terrorismoaren biktimei laguntzeko 9/2010 Foru Legea urratzen badira. Toki Ogasunek Nafarroako Tributuetan 2013 eta 2014 urteetarako transferentzia arrunt bidez Parte Hartzeari buruzko legean egin berri diren aldaketei jarraiki (Osoko Bilkuran iragan irailaren 18an), sinbolo frankistei buruzko idatz-zati batzuk gehitu dira.

Honako xedapenak urratzeak karguan aritzeagatiko ordainketak “atxikitzea, kentzea edo itzultzea” eragingo du:
a) udaletxeetako kanpoaldean ez paratzea legez aurreikusitako banderak; b) beste herrialde edo autonomia erkidego batzuetako banderak paratzea udalaren ezein eraikin edo instalaziotan, salbu eta 24/2003 Foru Legeko 8.3 artikuluan ezarritako kasuetan, non salbuespen gisa eta adeitasun arrazoiengatik, beste herrialde, autonomia erkidego eta toki entitate batzuetako banderak ezartzea onartzen den, baina “inoiz ez bakarrik” c) “sinbolo frankistak erakustea edo mantentzea, 52/2007 Legearen 15. artikuluan xedatzen den moduan, izan ere, arau horretan gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasan zituztenen aldeko neurriak ezartzen diren eta haien eskubideak aitortzen eta hedatzen diren; d) bai eta 33/2013 Foru Legearen 11. artikulua urratzea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta orain morala ematekoa”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Proiektuaren argitalpena (NPAO, 94. zk., 2014-09-04koa)
• Osoko zuzenketaren argitalpena (NPAO, 105. zk., 2014-10-03koa)
• Hein bateko zuzenketan argitalpena (NPAO, 105. zk., 2014-10-03koa)