Publicada el Jeudi, 6 de novembre de 2014

Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eratzen duen legea onetsi dute

Negoziatzeko eta hitzartzeko organo instituzionala, Aurrekontuen kontura finantzatua, Gobernua eta sindikatu- eta enpresa-erakunde nagusienak biltzen dituena

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta SNk haren alde eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk, I-ek eta atxiki gabekoek haren aurka eman dituzten botoekin, Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eratzen duen legea onetsi du gaur.


Irakurketa bakarrean izapidetuta, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen legearen xedea Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eratzea da, hau da, Nafarroako Gobernuaren eta Foru Komunitateko sindikatu eta enpresa-erakunde nagusienen arteko topagune, parte-hartze eta negoziazio etengaberako organo instituzionala.


Elkarrizketa sozialtzat hartzen dira “langile eta enpresaburu guztiei dagozkien interes orokor, komun eta sektorialen zein sektorearteko interesak sustatzeko eta defendatzeko zeregin eta jarduerak”, bereziki “negoziazioari eta hitzartze ekonomiko, sozial eta laboralari” dagokienean, baita “gizartearen bizi-kalitatean eragiten duten” izaera orokorreko alor horiek ere.


Kontseilua “batasun soziala eta ekonomiaren garapena sustatzeko” tresna gisa hartzen da eta “arazo berrien exijentzietara egokitzea” du abiapuntu. Kontseiluaren burua Gobernuko lehendakaria izango da eta araudi laboralean eskumena duen aholkularia eta “Nafarroako sindikatu- zein enpresa-erakunde nagusien bakoitzeko ordezkari bana” izango dira kideak.


Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak erabakiak aho batez hartuko ditu. Haren organoen artean Etengabeko Batzordea egongo da, aholkulariak, kontseiluko idazkariak eta sindikatu- zein enpresa-erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dutena. Gainera, gai jakinak bultzatzeko Batzorde Espezializatuak osatzeko aukera proposatzen da eta Bulego Tekniko bat irekitzea aurreikusten da, Administrazioak beharrezko giza baliabide eta baliabide material guztiak emango dizkio.


Maila funtzionalean, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak dituen eskumenak askotarikoak dira, garapen-araudien lege aurreproiektuak edo arauen proiektuak aldez aurretik ezagutzetik hasita, beharrezko irizten den ekimen oro, legegilea izan ala ez, proposatu arte.


Finantzazioari dagokionez, legeak Kontseilua osatzen duten sindikatu- eta enpresa-erakundeak xede dituen urtean behingo aurrekontu-sail bat esleitzea aurreikusten du, esparru ekonomiko eta sozialean interes orokorreko erakunde gisa haien jarduera sustatzeko jasotzen dituzten diru-laguntzez gain. Diru-laguntzaren zenbatekoak izaera nominatiboa izango du eta KPIaren arabera eguneratuko da, Foru Komunitateko Aurrekontuaren mugarekin.


Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak lege hau indarrean sartzen denetik hilabete bateko epean osatuko da eta, abian jartzen denean, beste sei hilabete izango ditu haren barne funtzionamendurako araudia onesteko. Hori guztia, xedatzen denez, hitzartzearen esparrua “arrazionalizatu, modernizatu eta berritze” aldera, “eskubide eta zereginei dagokienez aldeen egitekoa era argian instituzionalizatzeko”.


Osoko Bilkuraren eztabaidan 48 zuzenketa eztabaidatu eta bazter utzi dira, guztiak UPNk eta SNk haien aurka eman dituzten botoekin.


Bildu-k aurkeztu dituen zuzenketa guztiak ezabatzekoak ziren (21) eta legearen edukia ezabatzea zuten helburu, haien ustez “Kontuen Ganberaren txostenetatik eta biztanleria aktiboaren datuetatik ondorioztatzen denaren arabera, ez baititu langabeziaren aurka borrokatzeko eta kalitateko enplegua bermatzeko beharrezkoak diren mekanismo ez tresnak”.


Aralar-Nabaik sinatu dituzten zuzenketen asmoa (2) Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua “ordezkariak dituzten sindikatuetara eta enpresa- eta nekazaritza-erakundeetara zein ekonomia sozialeko erakundeetara” irekitzea zen, “berdintasuneko eta gizarte aniztasuna errespetatzeko” irizpideei jarraiki, “horiek izan behar baitira era horretako erakunde baten buruak”.


Era berean, Aralar-Nabaik “betebeharrik gabeko finantzazio nominal eta baldintzarik gabea, jatorri publikoko beste bide batzuk osatzen dituena,” deuseztatzea proposatzen zuen, izan ere, uste du “ustelkeria kasu larrietan bukatu duten beste modalitate batzuen antzeko abusuak” dakartzala.


Ildo berean, PPNk (6 zuzenketa) proposatzen zuen Kontseiluaren izaera instituzionala eta betearazlea deuseztatzea, “Ekonomia eta Gizarte Kontseiluan dauden erakunde guztiak” ere ordezkariak izatea, haren funtzioak 2013ko irailaren 27an Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak adostu zituenekin parekatzea, esleipen nominatiboa ezabatzea (“zero kostua”) eta urteroko balantze bat gauzatzea eta Parlamentuan duen ordezkaritza arautzea.


Izquierda-Ezkerrak (12) “eragile ekonomiko eta sozialek ere ordezkariak izatea” proposatzen zuen eta, aldi berean, “enpresaburu eta sindikatuek esparru ekonomiko eta sozialean aritzeagatik jasotzen dituzten diru-laguntzekin bateragarria den diru-laguntza nominatiboa ezabatzea”.


Azkenik, atxiki gabekoek (7) proposatzen zuten Kontseiluaren maila betearazlea aholkularira jaistea, eragile nagusiak batzea ahalbidetzea, “ez soilik jende gehien ordezkatzen dituztenak”, Bulego Teknikoaren baliabide-materialak eta giza baliabideak urtero justifika daitezen eskatzea eta hitzarmenak aho batez egitea ñabartzea, Bulego Teknikoa baliabideekin hornitzeari dagokionez.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Proposamenaren argitalpena (NPAO, 108. zk., 2014-10-10ekoa)