Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea aldatzea onetsi dute
Haur eskolen aipamena ezabatu da eta haien finantzazioa 16/2014 Legearen arabera arautuko da, murrizketak eta adostutako ordainketa atzeratzea saihesten baitu
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin, atxiki gabekoek abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren aurka eman dituzten botoekin, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzen duen legea onetsi du gaur.
Legearen xedea Nafarroako toki entitateen eskumenak mantentzea da bai eta udal esparruko beste zenbait eskumen arautzea ere, hain zuzen, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak uki ditzakeenak, orain arte toki entitateenak ziren eskumenak autonomia erkidegoei esleitzen baitizkie.
2013ko abenduaren 31tik indarrean dagoen arau estatalak Foru Erkidegoak alor horretan arautzeko eskumena duela aitortzen badu ere, Nafarroako Toki Administrazioa Berrantolatzeari buruzko Foru Lege bat eta horretara egokituko den finantzazio-sistema bat adosteko zeregina duen Batzorde Txostengilea atzeratzeak Gobernuak “gure toki erregimenaren berezitasunak mantentzea helburu duten gai jakinak arautzea” eragin du.
Batzordean egin zen eztabaidan, Socialistek, Bildu-k eta Aralar-Nabaik hala eskatuta, haur eskolen aipamena ezabatzea adostu zen. Aurrerantzean haur eskolen finantzazioa uztailaren 1eko 16/2014 Legean xedatzen denari jarraiki arautuko da eta ez uztailaren 5eko 64/2013 Foru Aginduari jarraiki. Azken horretan, transferitu beharreko zenbatekoak “murriztu” ahal izango zirela jasotzen zen, “aurrekontu baliabideen kontura oraingo egoera ekonomikoak darraien bitartean”. UPNk eta PPNk haren aurka bozkatu zuten.
16/2014 Legearen xedea Nafarroako Gobernua “79/2012 Foru Aginduan adostutako finantzazioa %100ean bere gain hartzera” behartzea da, hartara “ordainketa kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoaren barruan eginda, udal titulartasuneko haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen jarraikortasuna zalantzan ez jartzeko”.
UPNren eta PPNren aurkako botoak jaso zituen eta ekainaren 26an Osoko Bilkuran onetsi zen aurreikuspen horren asmoa legearen bidez “2013/14an eta datozen ikasturteetan 2012/13 ikasturtean aplikatu ziren baldintza berdinak mantenduko direla” ziurtatzea zen.
Bildu-ren, Aralar-Nabairen, I-Eren, atxiki gabekoen (16/2014 Legearen bultzatzaileak) eta Socialistas de Navarra taldearen ustez “toki entitateei tako eskumenen finantzazioa definituko duen legedi berri bat burutu arte” hau da “zehaztugabekeria egoera honek udalei etengabe eragiten dizkien arazoak konpontzeko” behar den “gutxieneko araudia”.
Bestalde, osasunaren eta gizarte zerbitzuen alorretan udalen eskumenak mantentzeari dagokionean, Socialistek, Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek “finantza nahikotasun” irizpide bat gehitu dute, zeinak Nafarroako Gobernua behartzen duen zerbitzu horiek egiaz eskain daitezen “beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak jartzera”. Zuzenketa hori batzordean eztabaidatu zen eta UPNk eta PPNk haren aurka bozkatu zuten.
Berezkoak edo eskualdatutakoak ez diren zerbitzuei dagokienez, toki entitateek zerbitzu eta jarduera horiek eskaintzen jarraitu ahal izango dute, “beti ere udal ogasun osoaren finantza iraunkortasuna arriskuan jartzen ez bada (indarrean dagoen kontabilitate orekaren legediari jarraiki) eta ez bada beste administrazio publiko batekin “aldi berean gauzatzen ez bada”. Izaera horretako eskumenak hartzeko, baina, “ez dira Toki Erregimenaren Oinarriak arautzeari buruzko legean aurreikusten diren txostenak idatzi beharko”. UPNk, Socialistek eta PPNk neurri hori babestu zuten, irizpenean Bildu-k, Aralar-Nabaik eta I-Ek haren aurka eman zituzten botoekin gehitu zena.
Alabaina, ez da Bildu-ren eta Aralar-Nabairen nahia jasotzen, izan ere, haien asmoa hein batean zein osotara eskualdatutako eskumenen finantzazioaren arduraduna Nafarroako Gobernua izan zedin zen, bai eta Nafarroako Gobernuaren esplizituki eta inplizituki onetsita erabiltzen ziren eskumenak ere, “27/2013 estatu legeak xedatzen duenari jarraiki”. UPN, SN eta PPN haren aurka agertu ziren eta I-Ek haren alde bozkatu zuen.
Legeak xedatzen du Foru Administrazioa izango dela, eta ez Administrazio zentrala, 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalek zerbitzuak betetzeko (hondakinen kudeaketa, ur hornidura, garbiketa, argiteria publikoa, etab.) proposatu behar dituzten kudeaketa banaturako formulen gainean erabakiko duena.
Administrazioko zerbitzuen taldekatze berriak sortzeari dagokionez (aukera hori 2011tik blokeatuta dago), legeak aurreikusten hori babesten du, baina “ukitutako udal guztiek gehiengo osoz Osoko Bilkuran” onestera baldintzatzen du. Horrela, idazkaritza eta esku-hartze zereginak banatze aldera udal mugakideei taldekatzeko aukera ematen zaie, “baldin eta batze horren xedea finantza eta aurrekontuen kontrola ziurtatuko duten administrazioko zerbitzuak betetzea bada”, Aurrekontuen Egonkortasunari eta Finantzen Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan exijitzen dena.
Era berean, legeak toki entitate izaera ematen die administrazio publikoek osatzen dituzten partzuergoei derrigorreko udal zerbitzuak betetzeko. Neurri horri batzordean “borondatezkoa” izateko baldintza gehitu zitzaion eta haren xedea da aurrekontuaren erantzukizuna eta Hondakinen Partzuergoaren (Foru Administrazioak eta udalek osatzen dutena) gisako entitateen kontrola “udalena izan dadin eta ez dadin Nafarroako Gobernuarena bihurtu, estatu legea aplikatzean gertatuko litzatekeen moduan”.
Toki entitate izaera emateari dagokionez, legeak izaera hori ematen dio Aralarko Elkarteari, era horretan haren arduradunen eskakizuna jasoz, helburu horrekin atxiki gabekoek aurkeztu zuten zuzenketan adierazten zen moduan.
Horrez gain, Nafarroako Gobernua 2016ko ekainaren 30a baino lehen Nafarroako hiri hondakinen kudeaketa integrala arautu eta agintzeko xede duen foru lege proiektu bat gauzatzera konprometitzen zuen xedapena ezabatu da. Socialisten zuzenketa batzordean aho batez onetsi da eta haren arabera “20.000 biztanle baino gehiago dituzten udalen eskumenak urratzea” eragingo zukeen, “berariaz lege honena ez den” alor batean erabakitzeko eskubidea baitute.
Oroituko den moduan, urriren 23an Parlamentuak Osoko Bilkuran, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka eman zituzten botoekin eta atxiki gabekoen eta I-Eren abstentzioekin, bazter utzi zuen Bildu-k eta Aralar-Nabaik Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzeko lege proiektuari aurkeztu zioten osoko zuzenketa.
Lehenago, Nafarroako Toki Administrazioa guztiz berrantolatzeari buruzko Foru Lege bat adosteko zeregina zuen batzorde txostengilea adostasunik lortu gabe bukatu zen. Batzorde hori sortzea 2013ko urriaren 29an onetsi zen UPNk, SNk, Bilduk, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek hala eskatuta eta hilabeteko epea eman zitzaion, luzatu zitekeena, Nafarroako toki mapa modernizatze aldera adostasun batera iristeko. Abiatzeko dokumentuen artean, batzordeak Socialistas de Navarra taldearen lege proposamena zuen, 2013ko irailaren 19an aintzat hartu zena, bai eta Gobernuak proposatu zuen lege proiektua ere.
• www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 85. zk., 2014-07-04koa)
• Osoko zuzenketak eta hein batekoak (NPAO, 105. zk., 2014-10-03koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 123. zk., 2014-11-13koa)