Publicada el Jeudi, 27 de novembre de 2014

Diru-laguntzei buruzko foru legea aldatzea onetsi dute

Diru publikoaren kudeaketa malgutu nahi da, antzeko jardueretan kudeaketa egokia dela-eta geratutako soberakinak berrerabil daitezen baimenduta

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta PPNren abstentzioarekin, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzen duen legea onetsi du gaur.

Irakurketa bakarrean izapidetuta, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatu duen eta UPNk zuzendu duen legearen xedea da indarrean dagoen araudiak eragiten dituen distortsioei konponbidea ematea, diru publikoaren kudeaketa malgututa, inbertitu gabeko soberakinak berrerabiltzea baimenduta eta aurreikusitakoa baino gastu gutxiagorekin jarduera bat aurrera ateratzea lortzen duten entitate horiek zigortzea saihestuta.

Horretarako, kudeaketa egokia soberan dagoen zenbatekoa itzultzearekin zigortzea eta gastuak justifikatzean arazoak areagotzea saihesteko, bi artikulu berri gehitzen dira 11/2005 Foru Legean.

Lehenengoak aurkeztutako eskaerak berriro egiteko aukera jasotzen du baldin eta azkenean proposatu den diru-laguntzaren zenbatekoa onuradunak egin duen eskaeran dagoena baino txikiagoa bada, diru-laguntzaren xedea eskatzaileak burutu behar dituen jarduerak finantzatzea den kasuetan. Egokitzapen horrek, dagokionean, diru-laguntzak jaso ditzakeen jardueratik eratortzen diren aurreikusitako diru-sarreren murrizketa proportzionala izan dezake.

Bigarrenak izaera berdineko edo antzeko bestelako jardueretan inbertitu gabeko soberakinak erabiltzea baimentzen du, diru-laguntzaren xedeak bete ondoren. Esleitu duen erakundearen oniritzia beharko da horretarako eta, era berean, soberakinak itzultzea erabaki ahal izango du.

Alabaina, normalean jarduera aurrekontu ekitaldiarekin bat ez datorren urteko denboraldi batean garatzen den kasuetan, esaterako kirol denboraldi edo ikasturtea, diru-laguntzak urteko denboraldiari egokitu ahal izango dira, horretarako eskumena duen erakundeak beharrezkoa den gastu konpromisoa jaso ahalko du hurrengo ekitaldirako karguekin, “Gobernuaren baimena behar izan gabe”.

Araudi aldaketa hori 43 kirol federazioetatik 41ek kexak aurkeztu dituztelako egin da, izan ere, Nafarroako Gobernuarekin banakako hitzarmenak egiteko sistema eskatu dute, 2012 arte indarrean egon zena. Haien ustez diru-laguntzei buruzko legeak aurreikusitakoa baino gastu gutxiagorekin jarduera bat burutzen duena zigortzen du.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 113. zk., 2014-10-24koa)