Publicada el Jeudi, 15 de janvier de 2015

Nafarroako Gobernua ikasleak sexuaren arabera ikasgela desberdinetan bereizten dituzten ikastetxe pribatuetan ematen diren irakaskuntzak ez ditzan diruz lagundu premiatzen duen mozioa bazter utzi dute

I-Eren ustez batxilergoa, gradu ertaineko heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duen legea urratzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, Socialisten abstentzioarekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin, mozio bat bazter utzi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “ez ditzan diruz lagundu ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe pribatuetan ematen diren irakaskuntzak, urriaren 19ko 17/2012 Foru Legean xedatutakoa betez, zeinak aldatzen baitu uztailaren 3ko 11/1998 Foru Legea, Batxilergoa, gradu ertaineko heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duena”.

Bazter utzi duten mozioak bigarren idatz-zati bat ere bazuen, UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta atxiki gabekoen abstentzioarekin bazter utzi dena, non Nafarroako Gobernua premiatzen zen “ituna ken diezaien ikasleak erlijioaren, sexuaren, gaitasunaren nahiz ikaslearen edo haren familiaren beste edozein inguruabarren arabera hautatzen dituzten ikastetxe pribatuei”.

Era berean, UPNren, PPNren eta atxiki gabekok haren aurka eman dituzten botoekin, bazter geratu da Nafarroako Gobernua “ez ditzan ugaritu itundutako unitateak titulartasun pribatuko ikastetxeetan” premiatzen zuen idatz-zatia.

Atxiki gabekoek bigarren eta hirugarren idatz-zatiak ezabatzeko zuzenketa bat aurkeztu dute, ekimenaren titular den I-Ek onetsi ez duena. Izan ere, haien ustez ez da zilegi zuzenketa aurkeztu dutenek proposatzen zuten moduan gai hau bazterkeriagatik “auzitegietan salaketak” jarrita bideratzea, kasu honetan, sexuagatiko bazterkeriagatik alegia.

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak bultzatu duen mozioak aipatzen zuenez, Batxilergoa, gradu ertaineko heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duen uztailaren 3ko 11/1998 Foru Legea aldatzen duen urriaren 19ko 17/2012 Foru Legeak “debekatu egiten du hezkuntza-hitzarmenak egitea, baldin eta kasuko ikastetxeak sexuaren arabera bereizten baditu ikasleak”.

Horren harira, Hezkuntza Departamentua gaitzesten du. Izan ere, “lege hori indarrean sartu aurretik sinatutako hitzarmenak mantendu ez ezik, berritu ere egiten ditu bukatzen direnak. Halaber, arian-arian ugaritzen dira itundutako unitateak”.

Proposatu dutenen arabera, hitzarmen politika horren ondorioz sortu den eskola-antolamenduan sare publikoa “eskaintza pribatuaren mende eta, beraz, talde sozial eta enpresa jakin batzuen interesen mende” agertzen da.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 113. zk., 2014-10-24koa)