Publicada el Jeudi, 12 de février de 2015

Ikerketa Batzordeak epeak luzatu ditu eta informazio berria eskatu du

Kontuen Ganberari CAN eta Banca Civica erakundeen kontu guztiak ikuskatu eta baloratu ditzan eskatu dio eta CANen Administrazio Kontseilua osatzen zuten Gobernuko kideen bateraezintasunei buruzko txosten juridiko bat eskatu du

CANen desagertzeari dagokionez arrazoiak eta erantzukizunak argitzeko asmoz eratu zen Ikerketa Batzordea gaur bildu da lanerako plangintza bat diseinatzeko, zeinari, besteak beste, informazio eskaera berriak eta beste bi txosten egiteko eskaera gaineratu zaizkion, bata Kontuen Ganberari eta bestea parlamentuko zerbitzu juridikoei.


Ikerketa Batzordeak Caixabank-i Nafarroako Kutxako Fundazioari, SODENAri eta Auzitegi Nazionalaren Instrukzioko 6. ZK.ko Epaitegi Zentralari bideratutako informazio eskaera berriak izapidetzea adostu du.


Horrez gain, datorren asteartera arte, hilaren 17a, eskatu den dokumentazioa jasotzeko epea luzatzea adostu du, era horretan Espainiako Bankuak, Nafarroako Kutxa Fundazioak eta Caixabankek egin dituzten eskaerei erantzuna emanez.


Bestalde, Batzordeak, Bildu-k eta Aralar-Nabaik eskatuta, erabaki du Kontuen Ganberari “Nafarroako Kutxaren eta Banca Civicaren kontu guztien azterketari, ikuskatzeari eta balorazioari” buruzko lan bat egin dezan eskatzea. Xedatzen denez, lan horren ondorioak “2001. urtetik akzioetan 157 milioi euroko balioagatik CaixaBanken hartu eta fusionatu zen arte entitateak zuen ondarearen balioa galtzea eragin zuten arrazoietan” zentratuko dira.


Era berean, Bildu-k eta Aralar-Nabaik hala eskatuta, Batzordeak Parlamentuko zerbitzu juridikoei bigarren txosten bat eskatu die “Nafarroako Gobernuko kide ziren eta Nafarroako Kutxaren Administrazioko Kontseilua osatzen zuten kideei 2000 eta 2013 urteen artean aplika zekizkiekeen lege eta arauei” buruz.


Batzordeak hurrengo bilera otsailaren 18an, asteazkenean, 10:00etatik aurrera eta ateak itxita egitea adostu du.


Onetsi diren arauei jarraiki, Batzordearen xedea da ikertzea arduradunek, Administrazio Batzordea eta Nafarroako Kutxaren Zuzendaritzako kideak, hartutako zein erabaki izan diren Nafarroako Foru Komunitatea egungo egoerara eraman dutenak, bertako finantza-tresna garrantzitsuena eta beharrezkoena galdu baitu, baita prozesu osoak eta burututako abusuek eragin dituzten erantzukizun politikoak zehaztea ere.


Ikerketa Batzordearen burua Segio Sayas (UPN) da, baina gainera Carlos García Adanero (UPN), Santos Cerdán, Juan José Lizarbe (Socialistas de Navarra), Maiorga Ramirez, Koldo Amezketa (Bildu), Patxi Zabaleta, Xabi Lasa (Aralar-Nabai), Ana Beltrán eta Amaya Zarranz (PPN), Txema Mauleón, Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) eta Manu Ayerdi (atxiki gabekoa) parlamentariek osatzen dute.