Publicada el Jeudi, 26 de mars de 2015

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteari buruzko legea onetsi dute

Zerbitzuen Zorro bat sortzea aurreikusten da, urtebeteko epean, arreta osoa eraginkor egingo duten eskubide eta laguntza ziurtatuen zerrenda bat jaso beharko du

Parlamentuko Osoko Bilkurak emakumeen aukako indarkeriari aurre egiteari buruzko foru legea aho batez onetsi du gaur.


Gobernuak bultzatu duen arauak generoko indarkeriarekin zerikusia duten alorretan (hezkuntza, osasuna, gizarte zerbitzuak) lan egiten duten profesionalen prestakuntza eta koordinazioa azpimarratzen ditu. Hezkuntzaren esparruan prebentziorako esku-hartzeak nabarmentzen ditu eta besteak beste ekonomiari eta etxebizitzara eskuratzeari dagokionez biktimen babesa hobetzea xede duten hainbat neurri sustatzea proposatzen du.


Lege honen ardatz diren printzipioen artean, desgaitasuna duten emakumeen eta beste kolektibo zaurgarrien aurkako indarkeria ikertzea jasotzen da. Esparru horretan eta Bildu-k eta Aralar-Nabaik aurkeztu zuten eta UPNren abstentzioarekin onetsi zen zuzenketa baten ondorioz, zentzumeneko desgaitasuna duten eta atzerrikoak diren emakumeek interprete bat izateko eta prozeduraren aldi guztietan (osasunarena, hezkuntzakoa, poliziala…) eta ez soilik juridikoan informazioa eskuratzeko eta komunikatu ahal izateko eskubidea dutela aitortzea jasotzen da.


Lege honen ondorioetarako, emakumeen kontrako indarkeria da emakumea izateagatik emakumeen kontra bideratzen dena edo haiengan proportziorik gabeko eragina duena, generoak eragindako diskriminazioaren agerpen gisa, “emakumeentzako kalte edo oinaze fisikoa, sexuala edo psikologikoa dakarrena, mehatxuak, bortxak edo hertsatzeak eta askatasun-gabetze arbitrarioak barne hartuta, bizitza publikoan nahiz pribatuan geratzen direnak aintzat hartuta”.


Ildo horretan, generoko indarkeriaren biktimei arreta osoa emateko Zerbitzuen Zorro bat sortzea aurreikusten da, urtebeteko epean, ziurtatutako eskubide eta laguntzen zerrenda bat jasoko duena. Xede horrekin, Nafarroako Gobernuak Zorro horretan eta esku-hartze planean zein plan sektorialetan jasotzen diren aurreikuspenak betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu esleipenak gaituko ditu. Biak ala biak I-Ek sinatu dituen ekimenak dira. Bigarrena Bildu-k eta Aralar-Nabaik ere sinatu dute, eta biak sozialisten eta atxiki gabekoen babesa jaso dute, baina UPN eta PPN haien aurka agertu dira.


Berme eta betebeharren testuinguru horretan sei hilabeteko epea ezartzen da kasuan kasuko plan sektorialak prestatzeko, Esku-Hartzeko Planak ezartzen dituen arauei jarraiki.


Nafarroako osasun planek, “OMEren txostenek adierazten duten moduan”, emakumeen aurkako indarkeria osasun publikoaren alor gisa aztertuko dute. Halaber, osasun zerbitzu pribatuek “kasuak hautematen lagundu” beharko dute.


Osasuna “ezein motako indarkeria hautemateko eta tratatzeko funtsezko” baliabidea da eta alor horretan emakumeen “egoera administratiboa ezin izanda ere” “guztiz oneratu arte arreta eta jarraipen osoa jasotzeko” eskubidea emakume guztiei hedatzen zaie. Bildu-k eta Aralar-Nabaik sinatu duten eta sozialistek, I-Ek eta atxiki gabekoek babestu duten ohar horrekin osasun alorreko mugak gainditzen dira, “larrialdien zerbitzuetan egoera irregularrean dauden pertsonak artatzea mugatzen” baitu. UPN eta PPN aurka agertu ziren.


Emakumeen salerosketen biktimen kasuan eta Bildu-k eta Aralar-Nabaik hala eskatuta, osasunen arreta osoak, gutxienez, laguntza psikologikoa, tratamendu medikua, biziraupena ziurtatuko duten neurriak, laguntza juridikoa eta haien hizkuntzan aholkularitza jasoko ditu. UPNk, SNk, I-Ek eta atxiki gabekoek zuzenketa hori babestu zuten, eta PPNk ez zuen bozkatu.


Egoera administratiboari dagokionez ezberdintasunik ez egoteak Gizarteratze Errentara ere iristen da, zeinaren izapidetze, esleitze eta ordainketa prozedura laburtuak bizileku-baimenik ez duten generoko indarkeriaren biktimak jasotzen dituen; horiei laneratzeko lehentasuna emango zaie. Hori ahalbidetu zuten Bildu-ren eta Aralar-Nabairen zuzenketak sozialisten, I-Eren eta atxiki gabekoen babesarekin eta UPNk eta PPNk emandako aurkako botoekin onetsi ziren.


Esparru judizialean, herri-akzioa burutze aldera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta toki entitateak zigor prozeduretan egotea adostu ahalko dute. Nafarroako Gobernuari egokituko zaio epaian ordezkatzea eta defendatzea, eta kasua bada, toki entitateei. Herri-akzioari eta toki entitateen laguntzari buruzko aipamena Bildu-ren eta Aralar-Nabairen zuzenketa baten bidez gehitu zen, sozialisten, I-Eren eta atxiki gabekoen babesarekin eta UPNk eta PPNk haren aurka eman zuten botoarekin.


Hezkuntzaren alorrean, sentsibilizaziorako kanpaina instituzionalak burutzea aho batez onetsi zen, eta Bidlu-ren, Aralar-Nabairen, I-Eren eta atxiki gabekoen abstentzioarekin, hezkuntza maila guztietan hezkuntza afektibo-sexuala eta generoko indarkeriaren prebentzioa ikasgaia sartzea eta ikastetxe bakoitzean garatu beharreko baterako hezkuntzarako plan bat prestatzea. Hori ahalbidetu zuen sozialisten zuzenketak UPNren eta PPNren babesa jaso zuen.


Azkenik, arreta polizialari eta babes eraginkorrari dagokionez, udaltzaingoa foruzaingoa maila berean jartzen ditu, UPNren eta PPNren abstentzioekin aurrera atera zen I-Eren zuzenketa baten ondorioz.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 35. zk., 2015-03-06koa)