Publicada el Lundi, 20 de juillet de 2015

Inbestidurako eztabaida. Uxue Barkos Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko Lehendakari Hautatu dute

Geroa Baiko hautagaiak 26 boto jaso ditu bere alde, bere taldearen 9, Bildu-ren 8, Podemosen 7 eta I-Eren 2, eta 17 aurka, UPNren 15 eta PPNren 2. PSN abstenitu da

Gaur Nafarroako Parlamentuan egin den inbestidurako Osoko Bilkura Uxue Barkos Berruezo Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko lehendakari izendatu dutenean amaitu da.


Geroa Baiko hautagaiak 26 boto jaso ditu bere alde, bere taldearen 9, EH Bildu-ren 8, Podemos-Ahal Duguren 7 eta I-Eren 2, eta 17 aurka, UPNren 15 eta PPNren 2. PSNko 7 parlamentariak abstenitu dira.


Bozketa isilpekoa eta txartelen bidezkoa izan da eta 17:30ean egin da, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarezek ezarri duen orduan.


Proposatu den hautagaiak Parlamentuko kideen gehiengo osoaren botoa jaso duenez gero, konfiantza eman zaiola jo da eta, hortaz, ez da beharrezkoa 24 ordu beranduago egin behar izango litzatekeen gehiengo sinpleko bigarren bozketa egitea.


Horrela, Barkosek 2011z geroztik Nafarroako lehendakari izan den Yolanda Barcinaren (UPN) lehendakaritza kargua hartuko du. Nafarroako Gobernuaren kolorea aldatu egingo du, 1996tik aurrera UPNren esku egon baita.


Aurreikusten denaren arabera, Nafarroako Gobernuko lehendakariak asteazken honetan kargua hartuko du, hilaren 22an (11:30ean atondoan), eta kontseilariek (Geroa Baik proposatutako sei, EH Bildu-k proposatutako bi eta Izquierda-Ezkerrak proposatutako bat) biharamunean egingo dute.

Garai politiko berri bat

Uxue Barkos inbestidurako saioan defendatu duenez, “garai politiko berri baten aurrean gaude, aldaketa sakoneko garai bat, erreforma sakonekoa, baina batez ere, politika egiteko moduaren aldaketakoa”.


Uxue Barkosek azpimarratu duenez, “Nafarroako Parlamentuan aldaketaren aldeko gehiengo nabarmena dago, garapenerako aldaketarena, politika sozial eta berdintzaileago batzuetaranzko aldaketaren aldekoa, Nafarroako errealitate kultural eta linguistikoa aitortzen duten politika integratzaileagoetaranzko aldaketaren aldekoa”.


Geroa Bairen buruaren arabera, “guztien artean eta guztientzat pentsatutako bizi kalitate kuotetarantz aurrera egiteko gehiengo argi eta oso bat dugu”.


Horrez gain, Uxue Barkosek baieztatu duenez, zuzenduko duen Nafarroako Gobernuak “ez ditu gorrotoa ez mendekua ulertzen, izan ere, herritarrek eskatu diguten eta denboran iraungo duen aldaketa zentzudunak ere ez baititu gorrotoa ez mendekua ulertzen”.


Nafarroak Gobernuko lehendakari berriak baieztatu duenez, “Nafarroako lehendakari abertzalea” izango da “herritar gehienak abertzaleak ez diren komunitate batean, eta oso gogoan izango dut, baina lehenengo aldiz Gobernu hau Nafarroako abertzaleena ere izango da, hamarkadetan zehar ikusi dute nola gobernuak mespretxatu eta gutxiesten zituen”.

Bikaintasunaren eta ahaleginaren alde

Inbestidurako hitzaldian, Uxue Barkosek bere Gobernuak hezkuntzaren, osasunaren, enpleguaren, fiskalitatearen, azpiegituren eta kulturaren alorrean garatuko dituzten ildo nagusiak aurkeztu ditu, eta Parlamentuko konfiantza eskatu du, esan duenez, “bikaintasuna eta ahaleginaren Nafarroa bat” eraikitzeko.


Uxue Barkosek esan du “Nafarroan enpresako izpiritua langabezia gainditzeko nahikoa indartsua, etikoa eta berdintzailea izatea” nahi duela. “Eskubideak errespetatuko dituen eta balio etikoak gailenduko dituen Nafarroa bat. Munduan konfiantza duen Nafarroa bat, gizarte aske batean bizitzeak dituen onurak baloratzen dituena eta defendatuko dituela ziur dagoena”, esan du.

Indarkeria bidegabea

Egin duen parte-hartzean, halaber Uxue Barkosek baieztatu du Nafarroak “hamarkada gehiegiz era desberdinetako indarkeria bidegabea eta giza eskubide zibil eta politikoen urraketa bizi” izan duela eta aldarrikatu du “herritarron bakea biktima guztientzako memoria, justizia eta ordaina izango duen bake bat izan behar da, salbuespenik gabe”.


Uxue Barkosek baieztatu duenez, bake horrek “sortutako minaren eta biktimen egia jakiteko eskubidea aitortzea exijitzen du” eta esan duenez, “garai politiko berri bat hastera doa, non guztiok bakearekin, normaltasunarekin eta elkartasun demokratikoarekin konpromiso irmoa izango dugun”.


Kazetari bat Nafarroako zortzigarren lehendakaria


Foru Komunitateko Parlamentuak Uxue Barkos Berruezo kazetaria Nafarroako lehendakari izendatu du; postua hartzen duen zortzigarren pertsona bihurtu da horrela.
Barkos 1964ko uztailaren 5ean jaio zen Iruñean, ezkonduta dago, seme bat du eta Nafarroako Unibertsitatean Informazioaren zientzietan lizentziaduna da.


Jarduera politikoan sartu arte, 2003an Barkos kazetari izan zen, lehenengo RTVEn eta gero Euskal Telebistan (ETB). Bertan eszedentzian dago.


2004an Kongresuko diputatu hautatu zuten Nafarroa Bai koalizioarekin, oraingo Geroa Bairen aurrekaria dena. Barkos azken alderdi horrekin Nafarroako lehendakari hautatu dute.


Barkosek, bere burua “euskalzale” gisa definitzen duenak, 2015 arte aulki hori izan du Kongresuan; alabaina, maiatzeko hauteskunde autonomikoen ondoren kargu hori utzi zuen.


2007tik aurrera parlamentuan eta Pamplona-Iruñeako Udalean zinegotzi jardun da aldi berean zuen eta urte hartako udal hauteskundeetan alkatetzara aurkeztu zen.


2011n Barkosi bularretako minbizia diagnostikatu zioten eta, bere blog pertsonalean azaltzen duenez, bizitzak “hau bukatu egiten dela” erakutsi zion. “Baina aldi berean –gaineratzen du- aldi baterako jarraitzea oparitu ziren. Eta horretan nabil”, dio.


Gaur Nafarroako Parlamentuan gaztelaniaz zein euskaraz egin duen inbestidura hitzaldian, Barkosek balioetan oinarritutako aldaketa baten alde egin du, zintzotasunaren eta emandako hitzaren balioaren alde politika egiteko beste modu baten alde, Parlamentuarekiko errespetu osoz eta herritarren parte-hartzearekin”.


Barkosek 2011z geroztik Nafarroako lehendakari izan den Yolanda Barcinaren (UPN) lehendakaritza kargua hartuko du.


Aurretik, karguan Jaime Ignacio del Burgo (UCD), Juan Manuel Arza (UCD), Gabriel Urralburu (PSN), Juan Cruz Alli (UPN), Javier Otano (PSN) eta Miguel Sanz (UPN) egon ziren.