Idoia Villanueva Ruiz eta Pedro Eza Goyeneche, senataria izateko hautagaiak
Nafarroako Foru Komunitateko senataria izateko hautagaiak aurkezteko epea amaituta, Idoia Villanueva Ruiz (Pamplona, 1980) eta Pedro Eza Goyeneche (Marcilla, 1947) izan dira aurkeztutako izangai bakarrak; lehenengoa Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerrak aurkeztu dute, zeinek Legebiltzarreko gehiengo osoa baitute (26 eserleku), eta bigarrena UPNk (15 parlamentari dauzka) aurkeztu du.
Pedro Eza izan da Nafarroako Foru Komunitateko azken senatari autonomikoa, eta joan den ekainaren 17an utzi zion karguari, Parlamentu berria eratu zen egun berean. 2011ko uztailaren 5ean hautatu zuten: aldeko 28 boto jaso zituen (UPNren 19 eta PSNren 9) eta 21 boto zuri (Nafarroa Bairen 7, Bilduren 7, PPNren 4 eta I-Eren 3).
Senatuko ordezkari berriaren izendapena datorren ostegunean izanen da, IX. legegintzaldiko lehenengo Osoko Bilkuran; gai zerrendako azken puntuan jaso da Nafarroari, foru erkidego gisa, dagokion senatariaren hautaketa.
Isilpeko bozketa bidez hautatuko da senataria, txartelak erabiliz, eta boto gehien zer hautagaik lortzen duen, hura izendatuko da. Berdinketak ebatziko dira kiderik gehien duen parlamentu-taldeak proposaturiko hautagaiaren alde, eta, berdinketa gertatuz gero, hautagairik zaharrenaren alde.
Foru erkidegoko Legebiltzarrak izendatutako senatariaren agintaldia, Parlamentuko Erregelamenduak dioenez, hautatu duen Nafarroako Parlamentuaren ondorengoa eratzen den egun berean bukatuko da.
Bestalde, agintaldi hori bukatuko da, halaber, Senatuko legegintzaldia Konstituzioak ezarritako edozein arrazoirengatik bukatzen denean. Senaturako hauteskundeak egin ondoren eta Senatua eratu aurretik, Legebiltzarreko Mahaiak Nafarroako Parlamentuko legegintzaldiaren hasieran hautatuko pertsona berari emanen dio agintea.