Publicada el Jeudi, 17 de septembre de 2015

Erakunde publikoak genero indarkeriagatiko hilketa bakoitza gaitzestera premiatzen da

Gobernua urgentziaz gara dezan martxoan onetsitako Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Foru Legeko plan estrategikoa eta aurrekontuz horni dezaten premiatzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez “foru erakundeak, Nafarroako Gobernua, Parlamentua eta Udal eta Kontzejuen Federazioa” premiatzen diren “publikoki gaitzestera gure herrian genero-indarkeriagatik gertatutako hilketa bakoitza”.


Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, “erakunde publiko guztiei eskatzen zaien –baita udalei ere- bere egin dezaten edozein biktimarentzat eskuragarri dauden baliabideei buruzko informazio guztia berehala emateko konpromisoa, eta erakundeetan leku ageriko batean ikusgai para dezaten erasoren bat pairatuz gero deitu beharreko teléfono-zenbakia”.


Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “urgentziaz gara dezan martxoan onetsitako Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko Foru Legeko plan estrategikoa eta 2016rako aurrekontuetan aurrekontuz horni dezaten”.


Gainera, “azken hilabeteotan biktima kopurua igo dela ikusita –batez ere, gurasoek edo amaren bikotekideak eraildako adingabeena-” Nafarroako Gobernua premiatzen da “arloko adituen eta elkarte adituen mahai bat eratu dezan, egin litezkeen lege-aldaketak edo har litezkeen neurriak aztertuko dituena, pertsonarik ahulenak babesteko”.


Halaber, Nafarroako Parlamentuak “babestu egiten ditu indarkeria matxisten aurka heldu den azaroaren zazpian Madrilen eginen den estatu-manifestazioa, eta gonbit egiten die herritar guztiei manifestazio horrekin bat egin dezaten”.


Mozioaren titular den PSNk ekimena gehitze-zuzenketa batekin osatu du zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “genero indarkeriaren aurkako hitzarmen sozial, politiko eta instituzional zabal bat hartu eta sustatzera”.


Aipatzen dituen neurrian daude “azken urteotan berdintasun eta emakumeen aurkako indarkeriaren alorrean murriztu egin diren aurrekontu esleipen guztiak berrezartzea eta nahikoa hornitzea”.


Halaber eskatzen da “hiru administrazioen koordinazioan eta inplikazioan sakontzea (estatalean, autonomikoan eta lokalean), bai berdintasunaren alorrean bai genero indarkeriaren aurka. Inplikatutako esparruetan zeharkako neurriak sartuta, hautematea, adin guztietan aurreikustea, gizartea sentsibilizatzea, biktimak eta haien seme-alabak hartatzea, eta haien ongizatea eta bizi proiektua berreskuratzea”.


Era berean, proposatzen da “udalak babesteko funts bat sortzea, zerbitzu publikoen sarea indartzeko, lehen mailako arretako gizarte zerbitzuek eta emakumeen udal zentroek betetzen dituzten eta betetzen jarraitu behar dituzten funtzioak bultzatuta”.


Aldi berean, “genero indarkeriaren biktima diren adingabeak prebenitzeko, babesteko eta minaren kaltea ordaintzeko Plan Integral bat abian jartzea” eskatzen da.
Azkenik, Espainiako Gobernua premiatzen da “hitzarmen horrekin bat egin dezan emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte ziur bat eraikitzeko”. EH Bildu-k ez du idatz-zati hori ez Madrileko manifestazioari buruzkoa bozkatu.


Bestalde eta Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek hala eskatuta, Nafarroako Parlamentua bere egoitzaren aurrean bilduko da genero indarkeriaren biktimak dauden aldiro, gaitzesten duela agertzeko eta gizarte bidezkoago eta parekideago baten aldarrikatzeko”.


Zioen azalpenean, PSNk bultzatu duen ebazpenak defendatzen duenez, funtsezkoa da eraikitzea “emakumeenganako bereizkeriarik eta indarkeriarik gabeko eredu sozial berri bat”, eta horretarako funtsezkoa da generoko biktimek “konfiantza izan ahal izatea erakundeen erantzunean, ezberdintasuna deuseztatzen lagunduko duena”. PSNren ustez hori baita “gabezia demokratikoaren eta arazo sozialaren isla denaren “funtsaren oinarria”.

 

Proposatu duen taldearen ustez, “hezkuntza- eta gizarte-politika egokiak ez egoteak arrisku faktoreak areagotzen ditu eta ezinezkoa da muturreko segurtasun faltako egoera horri buelta ematea. Biktimak prebenitzeko, babesteko eta artatzeko baliabide publikoak nahikoak ez izateak emakumeek indarkeria pairatzeko duten arriskua areagotzen du”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 8. zk., 2015-09-11koa)