Publicada el Mardi, 29 de septembre de 2015

Zuzenbide Penaleko zenbait adituk hiri segurtasuneko lege berria kritikatu dute bere segurtasunik ezagatik eta diskrezionaltasunagatik

José Manuel Paredes, Xabier Etxebarria eta Inés Olaizolak NUPek eta Foru Parlamentuak antolatutako Solasaldiak zikloan parte hartu zuten atzo

“Hiri segurtasuneko lege berria: urduritasun demokratikorako legea”. Premisa horretatik abiatuta, José Manuel Paredes Castañón, Xabier Etxebarria Zarrabeitia eta Inés Olaizola Nogalesek, Zuzenbide Penalean adituek, lege berriaren alderdi nagusiak azaldu zituzten. Legeak uztailean hartu zuen indarra. Beren iritzian, arautegi honetan hiri segurtasunaren kontzeptu juridiko aski zehaztugabe bat erabiltzen da, eta arau hausteei dagokienez, diskrezionaltasunari tarte handia uzten zaio.


Ainhoa Aznárez Parlamentuko lehendakariak eta Eloísa Ramírez NUPeko Unibertsitate Proiekziorako errektoreordeak aurkeztu zuten Solasaldiak zikloaren saioa. Bi erakundeek baterako jarduerak egiteko eta herritarrei beren intereseko gaiak hurbiltzeko duten adostasuna nabarmendu zuten beren hitzaldi laburretan.


Berrogei bat pertsonak parte hartu zuten mahai-inguruan. Inés Olaizola Zuzenbide Penaleko katedradunak koordinatu zuen mintzaldia. Hizlarien azalpenek eman zioten hasiera ekitaldiari, eta gero ikus-entzuleek galderak egiteko txanda bat ireki zen.


Bai José Manuel Paredesek nola Xabier Etxebarriak etengabe aipatu zuten hiri segurtasuneko aurreko legea —Corcuera legea izenaz ezagutzen dena—, agerian jartzeko lege berria ez dela hain berria Espainiako sistema juridikoan, berritasun esanguratsuak baditu ere.


Paredesen arabera, bi legeek logika berari jarraitzen diote: “Kode Penaleko debekuen katalogoa ez da aski, eta lege bat behar dugu Poliziari oinarrizko eskubideak murrizteko ahalmena emango diona, eta ahalmena emango diona agintaritzari delitu ez badira ere, administrazioak zigortzen dituen jokaerak kalifikatzeko eta zigortzeko”.


Diskrezionaltasuna eta balizko inpunitatea


Alde horretatik, lege hau promulgatu zutenean egin zen Kodigo Penalaren erreforma aipatu zuten hizlariek. Erreformaren bidez hutsegiteak Kode Penaletik kendu zituzten, eta legean arau-hauste administratibo gisa jaso zituzten. "Administrazio zuzenbide zigortzailearen aplikazio askoz ere zabalagoa dakar horrek", azaldu zuen José Manuel Paredesek.


Aditu honentzat, "legearen edukia sakonago aztertzen dugunean hiri segurtasunaren kontzeptu lauso, malgu eta zehaztugabe bat aurkitzen dugu"; bere iritzian, "poliziak balizko inpunitatez jarduteko eremu bat irekitzen da", eta "arau hausteen eremuan tarte handia ematen zaio diskrezionaltasunari –polizia atestatuen egiazkotasun presuntzioa ezartzen da–. Beraz, lege desorekatua da bere ondorioetan".


Laburpen gisa, Zuzenbide Penaleko katedradun honek esan zuen "hiri segurtasuneko kontzeptu hain malgua badaukagu, polizia agenteei oinarrizko eskubideak murrizteko ahalmena ematen bazaie hainbat kasutan eta oso lausoak diren arau-hausteak baditugu, oso egoera kezkagarria daukagu, administrazio bidean poliziaren jarduera errepresibo autonomo bati ateak irekitzen baitzaizkio".


Bere aldetik, Xabier Etxebarria bat etorri zen honetan: legeak “arriskuan jartzen dituela eskubide eta askatasun publikoak, eta, hortaz, hiri segurtasunik eza”.

Azpimarratu zuen arautegi berriak ez duela segurtasunaz hitz egiten, baizik eta "hiri lasaitasuna zaintzeaz", eta hori "ez dela oso lasaigarria", eta, horretaz gainera, legea "boterearentzat deserosoak izan daitezkeen eskubide eta askatasun publikoak erabiltzearen ‘aurkako’ babesa emateko joera duela dirudi.


Bere balioespenean lege berria kritikatu zuen bere kontzeptu juridiko zehaztugabeengatik; "bere gehiegikeriak segurtasunik eza juridikoa eta arbitrariotasun arriskua sortzen ditu ziurtasun gehiago eskatzen duen eskubide eta askatasunen eremuan".


Amaitzeko, legea zein testuingurutan promulgatu zen gogoratu zuen, "estatu soziala gainbehera doan momentu batean", alegia, eta, hortaz, disidentzia publikoa zigortzen da segurtasunik eza juridikoaren, proportziorik ezaren eta bermeen gutxitzearen bidez".