Kontrolerako Osoko Bilkura. Gaurkotasuneko galderak
Taldeek Hezkuntzako lan eskaintza publikoari, zorraren interesei, osasuneko itxaron-zerrendei, langabeziaren areagotzeari, ekintzaileentzako babesari edo arrazoi politikoen biktimen legearen garapenari buruzko galderak egin dituzte
Aranburuk baieztatu du Nafarroako zorra ia 3.000 milioikoa dela eta baldintzak “berriro negoziatzeko” lanean ari direla
Nafarroako Gobernuko Ogasun eta Finantza Politiken kontseilariak, Mikel Aranburuk, Foru Erkidegoaren zorra ia 3.000 milioi eurokoa dela eta mailegu garestienen baldintzak “berriro negoziatzeko” lanean ari direla esan du.
Hori jakinarazi du Podemos-Ahal Duguko eledunak, Laura Perezek, Nafarroako Gobernuak banku entitateekin egindako zorraren interesak berrikusi eta berriro negoziatzea aurreikusita ote duen galdetu dionean.
Aranburuk esan du “Gobernuaren zorra 3.000 milioi euro ingurukoa” dela, eta 16 mailegu eta 1.850 milioiko zor publikoa duela zehaztu du. “Mailegu garestienek kezkatzen gaituzte eta baldintzak berriro negoziatzeko lanean ari gara”, esan du.
Azaldu duenez, banku entitateekin bi mailegu daude, bata 25 milioi eurokoa eta bestea 85 milioikoa, interes-tasa altua dute eta “berriro negoziatzea” da asmoa. “Kontratu horiek ixteko baldintzak dituzte komisioetan eta ongi aztertu behar da mailegua komisioak ordainduta indargabetzen den edo bankuarekin berriro negoziatzen den, baina orduan ere ordaindu beharko litzateke”, esan du.
Zor publikoari dagokionez, “oso baldintza garestietan emana” dagoela esan du eta “bigarren mailako merkatuan zor hori erreskatatzea ere oso garestia da. Horretan ari gara”.
Laura Perezek egin duen parte-hartzean esan du Nafarroaren zorpetzea ia 3.000 milioi eurokoa dela, “horietatik 104 interesetan ordaintzen dira. Zorra ikuskatu beharko da eta zein baldintzetan ordaindu baloratu. Berriro negoziatuko direla edo hori lortzeko gobernu berriak eskura dituen tresna guztiak erabiliko dituela espero dugu”.
Barkosek errepikatu du lan eskaintza publikoa irizpide “teknikoekin” egin dela eta “hezkuntzarekin jolasteari uzteko” eskatu du
Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Uxue Barkosek, azpimarratu du hezkuntzako lan eskaintza publikoaren proposamenak irizpide “teknikoak” jarraitzen dituela eta eskatu du “herritarrak gehiago ez engainatzeko eta hezkuntzarekin jolasteari uzteko”.
Barkosek UPNk eta PPNk Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran galdera banari erantzun die eta baieztatu duenez, “une honetan dauden beharrak datu ofizialak dituzten teknikariek diotenak dira” eta ohartarazi duenez batzuei “ez zaie argi hitz egitea interesatzen, altu egitea baizik”.
Ildo horretan, lehendakariak deitoratu du “bi urteren buruan soberan egongo diren gaztelaniako plazak deitu nahi izatea. PAIren gisako programek aurrera egiteak era honetako egoeretara garamatza. Aski da herritarrak engainatzeaz. Aski da hezkuntzarekin jolasteaz”, errepikatu du.
Nafarroako Gobernuko buruak adierazi du “nafar guztien alde lan egiten jarraituko” dela eta baieztatu duenez, “harritzekoa da UPN” eztabaida honetan sartzea, eta oroitarazi duenez 2013an Gobernu erregionalistak berak zuen txosten batek zioen “PAIk aurrera egiteak gaztelaniako plazak soberan egotea zekarren, eta horrek Nafarroako hezkuntza sistemaren egitura berrikusteko beharra dakar”.
Horrez gain, Barkosek esan du UPNren Gobernuak lehenagoko lan eskaintza publiko batean ingeleseko 50 plaza, euskarako 30 plaza eta gaztelaniako 20 plaza deitu zituela. Uxue Barkosek aitortu duenez Nafarroako ikasleek “ingelesez ikasteko eskubide osoa dute, kalitatez eta ongi prestatutako irakasleekin, eta ez batzuek dituzten interes alderdikoien menpe”.
Javier Esparzak (UPN) esan duenez, “tamalez hezkuntza Gobernuaren obsesioa izaten ari da” eta agertu duenez “hezkuntza sistema ezin da Nafarroan proiektu nazionalista bat inposatzeko erabili, lehen mailako herritarrak daudela, euskara dakitenak, eta bigarren mailakoak daudela, ez dakigunak, dioen mezua botatzeko”.
Javier Esparzak azpimarratu duenez “ezin da herritarren ehuneko 90 baztertu euskara ez jakiteagatik eta ezin da hizkuntza bat inposatu. Nafarrek guztiontzako lehendakari bat behar dute, inposaketarik ez egotea, berdintasunean bizi ahal izatea. Bizikidetza hausteko bidean zaudete”.
Javier Garcia (PPN) ziurtatu duenez, lan eskaintza publikoa “ez da inondik ere hezkuntzako erkidegoak egiaz dituen beharrei egokitzen eta are gutxiago irizpide teknikoei. Ez dut nik esaten, Gobernuko jendeak esaten du, gurasoek esaten dute eta erakunde sindikalek esaten dute. Gobernu honek Nafarroaren errealitate sozialari bizkarra emanez jarduten du”.
Javier Garciaren ustez, “lan eskaintza publiko honekin egiten ari dena Nafarroako herritarren zatirik handiena, euskara ez dakiena, baztertzea da. Plaza horiek eskuratzeko aukera izan nahi zuten pertsona askoren ilusioarekin jolasten ari da. Ez ezazu Bildu-ren ibilbide-orria jarraitu”.
Mendoza: "Hezkuntzako plazak ez dira banaketa soziologikoari jarraiki deitzen, hezkuntza beharrei jarraiki baizik”
Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak, Jose Luis Mendozak, baieztatu duenez, hezkuntzako plazak “ez dira banaketa soziologikoari jarraiki deitzen, hezkuntza beharrei jarraiki baizik” eta errepikatu du irakaskuntzarako lan eskaintza publikoaren proposamenak hezkuntza sistemaren, garapen kurrikularraren, ikastetxeen eta irakasleen egonkortasunaren beharrei erantzuten diela.
Parlamentuko Osoko Bilkuran kontseilariak lan eskaintza publiko hori babestu du, “are gehiago lau urte daramatzagunean irakaskuntzan lan eskaintza publikorik gabe. Gobernu honek ahalegin handia egin du ahalik eta plaza gehien ateratzeko, baina hala ere ez diegu orain dauden behar guztiei erantzungo”.
Jose Luis Mendozak PSNk eta Izquierda-Ezkerrak egindako galderei erantzun die eta gaineratu du proposamena egiteko jarraitu den irizpidea “lan eskaintza publikoa Nafarroako hezkuntzako beharrei egokitzea” izan dela eta zehaztu duenez, “plazak ez dira ikasleen banaketa soziologikoari jarraiki deitzen, hezkuntzako beharrei jarraiki baizik”.
Mendozak ziurtatu duenez, banaketa departamentuko teknikariek egindako analisiari jarraiki egin da eta esan duenez, eskaintza “espezialitate eta hizkuntza bakoitzean bete gabe dauden postu kopuruaren arabera kalkulatu da. Gaztelaniako plazak ez dira inondik ere ordezkatzen ez mugatzen”, berretsi du.
Gainera, kontseilariak parlamentu-taldeen elkarlana onetsi du “etorkizunean batzen gaituen orotan adostasunetara iristeko gai izan gaitezen, alegia Nafarroako hezkuntza sistemaren hobekuntzan”.
Carlos Gimenok (PSN) aitortu duenez, “lan eskaintza publiko partziala espero” zuen, “baina iragarpenik okerrenean ere ez genuen ur-jauzi identitario hau ulertuko, hau alderantzizko mundua da, inbertsio logikoa da, arrazoizkotasuna iraintzea da”.
Bere ustez, lan eskaintza publikoa “ebakitzailea eta desorekatua izateaz gain, erkidego honen errealitate soziolinguistikotik urrun dago. Ez itzazu inoiz gehiago irizpide politikoak erabili lan eskaintza publiko batean”, errepikatu du.
Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) adierazi duenez, “kontseilariak eman dituen arrazoiek ez dute inola ere justifikatzen plazak gaztelaniaz eta euskaraz era ez parekidean banatzea. Ez du inongo azalpenik eman”.
Marisa de Simonek arrazoitu duenez, “teknikoki gaztelaniako bitarteko gehiago daude euskaraz baino, eta lan eskaintza publikoarekin egiten ari zaretena desproportzio bat da. Arazoa ez da plaza kopurua, banaketa baizik”.
Gobernua “behar diren urratsak” ematen ari da muturreko eskuinaren indarkeriaren biktimen legea aplikatzeko
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, Ana Ollok, baieztatu duenez, Gobernua aurreko legegintzaldian onetsi zen eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek arrazoi politikoengatik burututako ekintzen biktimen aitortzarako eta erreparaziorako foru legea “abian jartzeko behar diren urratsak ematen ari da”.
Ana Ollok EH Bildu-k Osoko Bilkuran egin zuen galdera bati erantzun dio eta ziurtatu du lege hori aplikatzearen xedea eskuin muturreko taldeen edo funtzionario publikoen indarkeriak “kaltetutako pertsonen erreparazioan zigorgabetasun eremuei erantzutea” dela.
Ollok jakinarazi du 2016rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektuan Gobernuak sail ekonomiko bat aurreikusi duela “jarraipenerako eta erreparaziorako batzordeari baliabideak emateko, halako moldez non entitatea Nafarroako Parlamentuak izendatu bezain azkar haren zereginekin hasi ahal izan dadin”. Era berean, esan du Gobernua legeak xedatzen duen biktimak aitortzeko prozedura araupetzen diharduela.
Horrez gain, Ana Ollok ziurtatu du Nafarroako Gobernua azaroaren 21ean Mikel Zabalzaren omenaldian egongo dela (Guardia Zibilak atxilotu ondoren hil zen eta oraindik ez da argitu nola), eta baita “biktima guztien ekitaldi guztietara” ere. Era horretan, “Gobernuak biktima guztiekin egoteko konpromisoa duela” agertu du.
Bestalde, Ana Ollok zehaztu du Gobernua Estatua Auzitegi Konstituzionalean foru lege honen aurkako helegitea jarriko ote duen zain dagoela.
Ildo horretan, azaldu du urriaren 7an Nafarroa eta Estatuaren arteko aldebiko bilera bat egin zela, eta Gobernu zentraleko ordezkariek Nafarroak arlo horretan duen eskumena ezbaian jarri ez zuten arren, ez zela “desadostasunak argitzeko aurrerapausorik eman eta bigarren bilera bat egitea proposatu zen, baina oraindik ez da deitu”.
"Azkenean helegitea jartzen bada, zein baldintza dauden eta zein ondorio ekar ditzakeen aztertu beharko dugu, baina gure asmoa helegitea ez jartzeko adostasun batera iristea da”, esan du.
Bakartxo Ruizek (EH Bildu) kontseilariak eman duen erantzunak “ederki” asebetetzen duela ziurtatu du eta lege hori onestea “aurrerapauso bat izan” zela nabarmendu du. Araua garatzeko “bai Gobernuak bai Parlamentuak hainbat erantzukizun” dituztela adierazi du.
Ollok Nafarroako Gobernuak Kataluniako prozesua “errespetatzen” duela agertu du eta erantzuna “politikoa” izan behar duela uste du
Nafarroako Gobernuko eledun eta kontseilariak, Ana Ollok, Nafarroako Gobernuak Kataluniako herritarrak “errespetatzen” dituela agertu du eta adierazi du “prozesu politiko zail, intentsu eta sakon horren proposamenari” Katalunian “proposamen politikoekin” erantzun behar zaiola.
Horrela erantzun dio Ollok EH Bildu-k Nafarroako Gobernuaren jarrerari buruz eta Kataluniako herritarren borondatea errespetatuta kolaborazio interinstituzionala emateko duen asmoari buruz egin duen galderari.
Eledunak gizarte katalana “errespetatzen” duela agertu du, “hauteskundeetan haien iritzia adierazi baitute eta haien ordezkariak hautatu baitituzte” eta Parlamentu katalana “errespetatzen duela” agertu du. “Prozesu politiko zirraragarria da, eta Nafarroako Gobernua zain-adi dago”.
Bere ustez, “ez da inposaketa garaia, elkarrizketa eta negoziatze garaia da. Ulertezina da eskaera politiko baten aurrean Madrileko Gobernuak eman duen erantzun bakarra Auzitegi Konstituzionalera jotzea izatea. Azken urteotan antzeko prozesuak bizitzen ari gara Europan, baina beste era batean konpondu dira”, baieztatu du Eskoziari erreferentzia argia eginez.
Ollok Madril eta Bartzelonaren arteko “aireko zubiaren haustura” deitoratu du, “baina ezin dugu ahaztu Gobernuak Parlamentu katalanaren ebazpenaren aurka jarri duen helegitea onesteak konfrontazioa areagotu besterik ez duela egiten”. Bere ustez, “letra larriz idazten den politikak irabazi beharko luke”.
Eledunak “azken urteotan Nafarroaren aurka egiten diren erasoak” direla-eta “kezkatuta” dagoela esan du, eta aipatu du Madriletik eta zenbait alderdi nazionaletatik datozen “seinale kezkagarriek” ezinegona eragiten diotela, besteak beste “Hitzarmen Ekonomikoaren sistema zalantzan jartzeak eta Nafarroako subiranotasun fiskalari egindako erasoek, guztiak birzentralizazio asmo politiko argiarekin”.
Olloren ustez, “Kataluniako prozesu politikoaren aurrean Madrileko Gobernuak emandako erantzunen modukoek erne egotea eragiten digute, eta oraingo eta etorkizuneko erasoen aurrean geure burua babesteko beharra dugula berresten dute, gure autogobernua kaltetu nahi baitute; autogobernua, Nafarroako legeak, pendiente dauden eskumenak… horiek guztiak erasotu”.
Horrela, Nafarroako Gobernuak “bere eskumenak defendatuko dituela” adierazi du eta ziurtatu duenez “nafarrak izango dira haien etorkizun politikoa defendatuko dutenak”.
Maiorga Ramirezek (EH Bildu ) defendatu duenez, “bide katalanak egoera berri bat sortu du. Eskozian ez bezala, hemen indarra erabiltzen da. Ikusiko dugu nolako trikimailuak erabiltzen dituen Estatuak herrialde katalanarekin”.
"Katalunian aritu den zentralismo espainol bera da aurreko legegintzaldian Nafarroako Parlamentuko 15 lege indargabetu zituena”. Jarraian “Nafarroan dagoen Gobernuaren Ordezkaritzaren kalitate demokratiko kaxkarra” gaitzetsi du.
Ramirezek esan duenez, Nafarroako Gobernuak “Kataluniako Parlamentuaren erabakiak errespetatu behar ditu” eta “laguntza eman behar dio”.
Dominguezek baieztatu du “emakumeek ostu zitzaizkien eskubideak erabili ahal izatea” ahalbidetu duela Gobernuak
Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak, Fernando Dominguezek, baieztatu du bere departamentuko zuzendaritzan parte hartzeko proposamena “hainbat emakumeri” egin diela eta baieztatu duenez berdintasuna “Gobernu honetan gai transbertsal bat da”.
Kontseilariak UPNk Parlamentuko Osoko Bilkuran emakumeek lanean duten presentziari buruz egin zuen galdera bati erantzun dio, eta defendatu du “aldaketaren Gobernu honek emakumeek erkidego honetan ostu zitzaizkien eskubideak erabili ahal izatea ahalbidetu” duela.
Horrez gain, era positiboan baloratu du oraingo Nafarroako Gobernuaren bederatzi kontseilarietatik lau emakumeak eta bost gizonak direla, aurreko legegintzaldian hiru emakume eta sei gizon zirenean. Gainera, UPNk hauteskundeetako zerrendan bi gizon eta Senaturako hautagaitzan beste gizon bat jarri zituela baieztatu du. “Hitzak ez dira garrantzitsuak, ekintzak bai”, baieztatu du.
Monica Domenechek (UPN) galdera bat egin du, baina aurretik kontseilariak Parlamentuko batzorde batean esandako hitzak oroitarazi ditu, honakoa esan baitzuen: “askotan postu jakin batzuetarako emakumeak lortzen saiatzeak talka egiten du haietako askok duten jarrera laudagarriarekin, haien garapen profesionala kaltetzen dute beste gauza batzuen alde, askoz denbora gehiago ematen dute seme-alabekin”.
Parlamentari erregionalistak hitz horiek kritikatu ditu eta esan du kontseilariak “zuzentzea” exijitzen zutela.
Fernando Dominguezek emakumeek zuzendaritza postu jakin batzuk hartzeari ezetz esan eta seme-alabak zaintzera dedikatu behar dutenik ukatu du, eta esan du UPNko parlamentariak “ez du enteratu nahi” eman duen azalpenaz.
Fernando Dominguezek sistema publikoan ikerkuntza biosanitarioa sustatzearen alde egin du
Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak, Fernando Dominguezek, baieztatu duenez, Gobernua Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutua (Idisna) bultzatzen eta osasun sistema publikoan ikerkuntza biosanitarioa sustatzen jarraitzeko konpromisoa du, Gobernuaren hitzarmen programatikoak jasotzen duenari jarraiki.
Dominguezek Podemos-Ahal Duguk Parlamentuko Osoko Bilkuran egin zuen galdera bati erantzun dio eta esan du “osasun sistema publikoa sustatzeko programa era eraginkorrean aplikatu nahi” duela, eta “orain arte ez da nahikoa garatu”. Horretarako, nahi duena da “ikerketarako aurrekontu saila areagotzea, Gobernuko departamentuen arteko apustu estrategiko bat ezartzea eta Navarrabiomed-en ikerketarako baliabide guztiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoarenak barne, ezarri daitezen era progresiboan sustatzea”.
Kontseilariak “Osasunbidean ikerketa proiektuen kopurua eta kalitatea” areagotzearen alde egin du, bai eta “ikerketan aritzen diren profesionalen taldea handitzea” ere, “horretarako beharrezkoa da ikerketa osasun zerbitzuen berezko jardunean era eraginkorrean sar dadin lortzea”.
Tere Saezek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, “gizartearen garapenerako ikerketa beharrezkoa da” eta “ospitaleak osasun ikerketaren funtsezko nukleoa direnez gero, Nafarroako Ospitalgunea Idisnaren erreferentziarako zentroa izan behar da, baina ez da horrela izaten ari”.
Tere Saezek baieztatu duenez, “lehentasuneko eta premiazkoa da Idisnaren estatutuak aldatzea eta berehala NUPen sar dadin”.
Dominguezek baieztatu du landa eremuetako osasun sistema aztertzen ari dela “konponbide zehatzak” emateko
Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak, Fernando Dominguezek, adierazi dunez landa eremuetako osasun arretan dauden arazoei “konponbide bat emateko” lanean ari dira, “eremu guztietan berdinak izan behar ez duten konponbide zehatzak”.
Dominguezek Parlamentuko Osoko Bilkuran bi galderei erantzun die, bata Podemos-Ahal Dugurena eta bestea Izquierda-Ezkerrarena, biak ala biak landa eremuetako osasun arretari buruzkoak, eta adierazi du “analisi xehe” bat egiten ari direla, 2016an bukatuko dena.
Kontseilariak jakinarazi duenez, “departamentuaren lehentasunetako bat lehen mailako arreta eta larrialdiak berrantolatzea, arazoak hauteman baitira. Batzuetan ez da erraza, baina aurre egin behar zaio. Eremu bakoitzaren araberakoa da”.
Fernando Dominguezek esan du egingo den azterlanak toki entitateen, erakunde sindikalen, profesionalen eta gaixoen elkarteen parte-hartzea izango duela, ondoren Nafarroako Osasun Kontseiluan eztabaidatua izateko eta Parlamentuan aurkezteko.
Tere Saezek (Podemos-Ahal Dugu) esan duenez, “arreta ematen ari den moduari dagokionez, arazo larri bat dago landa eremuetan. Profesionalek ordu asko sartu behar dituzte atsedenik gabe eta erabiltzaileek ez dute jarraipenik haien arretan”.
Zehaztu duenez, “landa eremuetako medikuntzak hil ala biziko zauria dauka” eta profesionalak “oso desengainatuta daude”. Era horretan, 2014ko erreforma indargabetu eta inplikatutako guztien parte-hartzearekin plan berri bat prestatzearen alde egin du.
Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) esan duenez, “Osasun departamentuak erreforma modu serioan egingo duela jakinda pozik” geratzen da. “Ukitutako profesionalen kolektiboa kontuan hartuko dela espero dut”.
Lehenengo kontsulten itxaron-zerrenden ikusgailua 2016ko hasieran abian jarriko da
Nafarroan Osasuneko lehenengo kontsulten itxaron-zerrenden ikusgailua 2016ko lehenengo lauhilekoan abian jarriko da “betiere agertu beharreko informazioan egindako aldaketak beharrezkoak direla irizten ez bada”, eta diagnostikorako proba osagarriei dagokien ikusgailua datorren urtearen erdialdean abiaraziko da.
Hori ziurtatu du Nafarroako Gobernuaren lehendakariak, Uxue Barkosek, Parlamentuko Osoko Bilkuran UPNko parlamentari Sergio Sayasek kontsultetarako eta diagnostikorako probetarako itxaron-zerrenden ikusgailua abian jartzeari buruz egindako galdera bati erantzun dionean.
Sergio Sayasek baieztatu du itxaron-zerrenden ikusgailua oraindik abian jarri ez izana “ulertzen” duela, “ez oraintxe bertan abian jartzea ezinezkoa delako”, itxaron-zerrenden datuek “lotsa ematen dietelako baizik”. Horrela, erregionalistak kritikatu du lehenengo kontsultan itxaron-epea urrian 47 egunekoa zela, eta ekainean 44koa; eta ebakuntzetarako itxaron-zerrendan 75 egunekoa, eta ekainean 64koa. “Zuekin ebakuntzetarako itxaron-zerrenda % 19 areagotu da”.
Uxue Barkosek erantzun du lehenengo kontsulten ikusgailua aurreko legegintzaldian ez zela abian jarri “aurreko Gobernuaren erabaki batengatik”, zifrak “eskandalagarriak” zirelako, izan ere, hain zuzen, 2014ko abenduan 60.567 pertsona zeuden lehenengo kontsultarako zain, eta horrek 65 egun naturaleko atzerapena zekarren.
Nafarroako lehendakariak datuak Sayasi aurpegiratu dizkio eta esan dio “datuak urtetik urtera eta ez hilabete batetik bestera aztertu behar” direla. Horrela, baieztatu du orain 53.984 pertsona daudela lehenengo kontsultako itxaron-zerrendan, 2014an baino 5.249 gutxiago, batez beste 61 egun naturaleko itxaron-epe batekin, iazko 71 egunen ordez.
Urriko ebakuntzetarako itxaron-zerrendari dagokionez, azaldu du 9.139 pertsona zeudela ebakuntza baten zain, 2014ko urrian baino 1.117 gutxiago, 94 egun naturaleko itxaron-epe batekin, iaz garai berdinean baino bi egun gutxiago.
Barkosek baieztatu du Nafarroako Gobernuak jardunean daramatzan lau hilabeteetan “itxaron-zerrendak modu argi eta eraginkorrean murriztu” direla.
Barkosek baieztatu du ez duela Auzitegi Konstituzionalaren beharrik polizien legea geldiarazteko eta horretan lanean dihardutela esan du
Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Uxue Barkosek, adierazi duenez “ez dugu behar” Gobernu zentralak aurreko legegintzaldian onetsi zen polizien foru legeari helegitea jartzea Auzitegi Konstituzionalean eta geldiaraztea, eta ziurtatu du Nafarroako Gobernua dagoeneko zenbait alderdi garatzeko lanean diharduela.
Barkosek UPNk Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran polizien legeari dagokion araudi bat prestatzeari eta haren aplikazio-kostuari buruz egin zuen galdera bati erantzun dio. Sergio Sayas parlamentari erregionalistak egin duen parte-hartzean bere buruari galdetu dio polizien legearen aldaketa aplikatzeko “Gobernu hau Gobernu zentrala lege honi helegitea jartzera etortzea itxoiten ari ote den, ez baitira kosturik gabe aplikatzeko gai izango”.
Uxue Barkosek zorrotz baieztatu du “ziurtatzen dut ez dugula Auzitegi Konstituzionalaren helegiteak hau geldiaraz dezan behar. Hori zuek egiten zenutena da”, leporatu dio UPNri.
Galderari dagokionean, lehendakariak azaldu du Nafarroako polizia gorputzen formakuntzari buruzko araudia “kontsulta fase berri” batean dagoela. Dagokien batzordeen “aldeko irizpenak” jasota, orain erakunde sindikalei kontsultatzen ari zaie. Eta Foruzaingoaren antolakuntzari buruzko testuari dagokionez, baieztatu du “hasiera” fasean dagoela, eta Mahai Sektorialera joan beharko lukela. “Bi kasuetan bi araudien aplikazio-kostua zero izango da”, iragarri du.
Polizien foru legea aldatzeari dagokionean, “pendiente dauden hainbat gai” daude eta “ziurtatzen dizuet haietarako ez dugula Konstituzionalaren helegitea behar”.
Zehaztu duenez, legeak ez du eperik kontu horiek betearazteko, eta gaineratu du, bestalde “legeak bestelako erabaki batzuk sartu zituen eta horiek betetzea denboran atzeratuko da”, esaterako uniformeak eta ibilgailuak egokitzeko xedapena, beste neurri batzuen artean. “Eta ez dugu Konstituzionala behar”, ziurtatu du.
Zehazki, jantziak, azpiegiturak eta armamentua egokitzeari dagokionez, hainbat “prestakuntza” lan egin dira. “Neurri guztien egiazko kostua oraindik ez da zehaztu, pausoz pauso egingo da, eta aurrekontuen legera egokitu beharko da”, azaldu du.
Sergio Sayasek (UPN) esan duenez, “azterlanen guzti horri lege hori aplikatuko ez duzuelako usaina hartzen diot. Azterlan horiek amaitze data bat dute, 2016. urtea, eta orduan jakingo dugu zein den egiaz Gobernuak polizien legeari dagokionez duen asmoa”.
Jakinarazi duenez, lege hau “orain aplikatu behar duzue. Orain zaudete Gobernuan eta aplikatu behar duzue eta iruditzen zait ez zaretela urtarrilaren 1era iritsiko”, errepikatu du. Jarraian, azpimarratu du “poliziei zin egin zaiena zaila da betetzen”.
“Ikusiko dugu esaten duzuen moduan, zero kosturekin, aplikatzen den” esan du. Ondoren, bere galdetu dio polizien legearen aldaketa aplikatzeko “Gobernu hau Gobernu zentrala lege honi helegitea jartzera etortzea itxoiten ari ote den, ez baitira kosturik gabe aplikatzeko gai izango”.
Uxue Barkosen esanetan langabeziaren datuekin “alarma sortzea lekuz kanpo dago”
Hirugarren hiruhilabeteko BAIk aurreko hiruhilabetekoarekin alderatuta 3.600 langabetu gehiago dagoela jakinarazi zuen, baina Nafarroako Gobernuko lehendakariaren, Uxue Barkosen, esanetan langabeziaren datuekin “alarma sortzea eta joera hazkorra duela baieztatzea lekuz kanpo dago”.
Uxue Barkosek PPNren galderari erantzun dio eta azpimarratu duenez, “garrantzitsuena urteko joera beheranzkoa da eta hortaz maila globalean egoera hobea da”. Dena den, “politika aktiboak dinamizatzea eta ekintzailetza eta formakuntza sustatzearen” alde egin du enplegua sortzeko, zeina “kalitatekoa” izan beharko den.
Ana Beltranek (PPN) baieztatu du “autokonplazentzia” Gobernu batek egin dezakeen “okerrena” dela eta Barkosi “enplegua sortzen hasteko neurririk ez hartzea” leporatu dio.
Beltranek Gobernuak iragarri duen zerga erreforma kritikatu du eta baieztatu duenez, “enpresek lanpostuak sortu ahal izan ditzaten inguru egokia sortu behar da, lehiakorrak izan daitezen ahalbidetuko dien inguru bat, inbertsioa lagunduko duena, esportazioa xede duten neurriak izango dituena, eta ziurtasuna emango dien Gobernu bat”.
Barkosek autokonplazentziaz jokatzen duela ukatu du eta ziurtatu du berak ere uste duela “langabeziaren datuak beti txarrak direla eta kezkatzeko arrazoia direla”. Alabaina, Gobernuburuaren ustez BAIren analisiak dio egoerak “ez duela okerrera egin, joera argi eta garbi alderantzikatu dela” eta adibide gisa esan du urtetik urterako datuetan langabezia ehuneko 1,35 murriztu dela.
“BAIk ez du esaten egoera asaldagarria denik, guztiz kontrakoa baizik. Ez diot Gobernu honi egotzi nahi, baina ezin zaio inola ere guztiz kontrakoa egotzi. Diskurtso apokaliptikoek ordea ziurgabetasuna eragiten dute beti”, kritikatu du lehendakariak.
Laparrak Hipoteka-Bitartekaritzarako Bulegora joan den pertsonen kopurua murriztu egin dela esan du
Nafarroako Gobernuko lehendakariorde sozialak, Miguel Laparrak, jakinarazi du Hipoteka-Bitartekaritzarako Bulegora joan den pertsona kopurua murriztu egin dela eta beste etxegabetze mota batzuk artatu ahal izateko, esaterako alokairuarekin zerikusia dutenak, hedatzeko “lanean” ari dela.
Bulego honi buruz UPNk Parlamentuko Osoko Bilkuran egin zuen galdera bati erantzun dio, eta Laparrak zehaztu du “joan den pertsona kopurua murriztu egin” dela, joera hori ikusten ari zela eta, besteak beste, “egoera soziala eta enbargoei dagokienez sentsibilizazioa errotik aldatzen ari delari” zor zaiola.
Gainera, zehaztu du “bankuen jarduketak nolabait aldatzen ari dira, eta badaude atzerriko enbaxadetatik haien herritarrak laguntzen dituzten zerbitzuak ere”, horrez gain Iruñeko Udaletxean beste bulego bat dago.
Azaldu duenaren arabera, Gobernuaren bulegoa bi pertsonek artatzen dute eta “nolabaiteko balorazioa eta hausnarketa behar du haren funtzioari dagokionean, dena den, izandako esperientziaren arabera positiboa da. Hortik aurrera, beste etxegabetze mota batzuetara hedatzea pentsatu behar da, adibidez alokairua ez ordaintzetik eratorritakoak eta alokairu sozialeko etxebizitza parkearena. Egoerak identifikatzeko protokoloak hobetu behar dira”.
Laparrak esan du bi hilabetetan 30 hitzordu eman direla eta espediente zaharrei lotutako eta aldez aurretik hitzordurik ez zuten beste 50 pertsona gehiago artatu direla. 12 espediente berri daude, 10 ebatzi dira eta 88 ebazteke daude.
Luis Zarraluquik (UPN) galdetu du orain zergatik ematen ote diren 8-9 hitzordu hilabetean, “lehen 44 ematen baziren. Hori ez da etxegabetzeak murriztu delako gertatzen. Ez da nahikoa publizitate egin edo jendeak ez daki nora jo?”.
Nafarroako Gobernua sinboloen legeak udalen funtsekin duen lotura ezabatuko duen lege bat prestatzen ari da
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentura udalek 2015 eta 2016 aurrekontu ekitaldietarako Nafarroako Toki Ogasunek Transferentzia Arrunten bidez Nafarroako Tributuetan Parte hartzeko Funtsak eskuratu ahal izateko sinboloen legeak aurreikusten dituen banderak agertzeko betebeharra ezabatuko duen foru lege proiektu bat igortzeko asmoa du.
Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren kontseilariak, Isabel Elizaldek, Parlamentuko Osoko Bilkuran Geroa Bai-k egindako galdera bati erantzun dio eta azaldu du Gobernuak aldaketa hori aplikatuko duela Parlamentuak legea onetsi “bezain azkar”, eta azpimarratu du Parlamentua dela “legeak aldatu eta onesteko ahalmena” duena.
Isabel Elizaldek baieztatu du dagoeneko mahai gainean dituela proiektuarentzako nahitaezko txostenak, Gobernuko Kontseiluak hemendik gutxira jorratuko duena, “datorren astean izango dela espero dugu”. Horrela, aurreikusi duenez, testua abenduan eztabaidatuko da Parlamentuan.
Unai Hualdek (Geroa Bai) baieztatu duenez “hitzarmen programatikoak toki entitate jakin batzuei dagozkien zenbateko ekonomikoak atxikitzea edo bertan behera uztea ahalbidetzen duen artikulua ezabatzea aurreikusten zuen, ez zituztelako sinboloen legean aurreikusten ziren baldintzak betetzen, esaterako banderak agertzea”.
Hualde kontseilariak “emandako erantzunarekin pozik” agertu da. “Gobernuaren ekimena entzuteak pozten nau. Erkidego honetan adar jotze garaiak egon dira. Egoera esperpentikoa. UPNren identitate obsesioek zentzurik gabeko arau bidegabeak izatera eraman gaituzte”, deitoratu du.
Ayerdik baieztatu du Nafarroa ikerketarako Europako funts gero eta gehiago eskuratzen ari dela
Nafarroako Gobernuko ekonomiako lehendakariordeak, Manu Ayerdik, baieztatu du 2015ean Nafarroa “Europako funts ugari eskuratzen” ari dela zenbait programetan ikertzeko.
Ayerdik Geroa Bai-k ikerketa proiektuen finantzaketari buruz egin duen galdera bati erantzun dio eta Parlamentuko Osoko Bilkuran jakinarazi du 2014 eta 2015 urteetan Horizon 2020 programaziotik inbertsio gehiago jasotzen ari dela; “hotzen ari gara” esan du.
Zehazki, ETEentzako Instrumentua ekimenari dagokionean, esan du 2015eko datuek “hobekuntza irmoa” eta “Nafarroa ehuneko izugarri altua lortzen ari dela” islatzen dutela, “batez ere Europan biztanleriari eta BPGdari dagokionez duen garrantzia kontuan hartuta”.
Ayerdik esan du Europako finantzaketa “are gehiago areagotzeko” hainbat ekimen abiarazten ari direla, esaterako informazio saioak, deialdiak prestatzeko formakuntza ikastaroak, partzuergo eta sareetan parte hartzea, eta Europako beste eskualde batzuekin lan egiteko esparru bat.
Virginia Alemanek (Geroa Bai) eskerrak eman ditu alor horretan “Europarantz begiratzeko prest egoteagatik” eta Gobernuak hartzen dituen neurriek “datuak hobetzen lagunduko dutela” espero duela esan du.
Nafarroako Gobernuak enpresa txikiei ematen zaien laguntza bultzatu nahi du
Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, Manu Ayerdik, ekintzaileei laguntzeko neurri berriak hartzeko asmoa duela adierazi du, besteak beste, enpresa txikiei laguntzea eta elkarren bermerako sozietateekin kolaborazio hitzarmenak abian jartzea, finantzaketarako sarbidea errazteko.
Ayerdik PSNk ekintzaileei laguntzeko neurriei buruz egin duen galdera bati erantzun dio eta adierazi du Gobernuak “ekintzaileen eta gure erkidegoa garatzeko egiten dituzten ekarpenei buruz balorazio oso positiboa egiten du. Ezin dugu zalantzarik izan horri dagokionez”.
Hortik aurrera, esan du Gobernuak “ongi funtzionatzen ari ziren gai batzuk mantendu behar dituela, CEIN adibidez, eta gauza berriak gehituko ditu”. Berrikuntzen artean, Ayerdik elkarren bermerako sozietateekin kolaborazio hitzarmenak abian jartzea aipatu du, “ekintzaileentzat potentzia izugarria izan dezaketelako”.
Halaber, “enpresa txikiei laguntzeko deialdiak gehitzeko” asmoa duela esan du, “negozioa ezagutzerakoan laguntza izan dezaten eta I+G+Bari eta nazioartekotzeari buruz hausnarketa estrategikoa egin dezaten”.
Guzman Garmendiak (PSN) adierazi duenez, “gauza bera egiten jarraitzen badugu emaitza berdinak izaten jarraituko dugu” eta esan du bere ustez lehendakariak ez duela “inongo berrikuntzarik eman. Gauzak beste era batean eta albait azkarren egitera gonbidatzen zaitut”.
Baieztatu duenez, Gobernua “jende horretaz arduratu behar da, haiek baitira etorkizunean enpresak izango dituztenak eta ongizatearen estatua ordainduko dutenak. Drama bat da, ez zaielako laguntzarik eman, eta horrek haietako askok porrot egitera eraman ditu”, esan du.
Osoko Bilkura indarkeria matxistaren azken biktimaren omenezko minutuko isilune batekin amaitu da, Sanlucar la Mayorrekoa zen (Sevilla).