Publicada el Jeudi, 14 de janvier de 2016

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurriei buruzko Lege Dekretua baliozkotu dute

Mantendu egin dira 65 urteko langileen nahitaezko erretiroa eta goi-kargudunei nahiz Gobernuko kideei dietak kentzeko eta murrizketak ezartzeko neurria, eta pentsioak %0,25 igo dira

Gaur egindako osoko bilkuran Parlamentuak abenduaren 23ko 1/2015 Foru Lege Dekretua onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloko presako zenbait neurri, abenduaren 26ko 25/2012 Legean aurreikusitakoak, 2016. urtera luzatzen dira, salbu eta osasun-laguntzaren erabilera bereziko tarifen mugak ezartzeari dagokiona (optikako eta odontologiako tarifa urtean gehienez 200 eurokoa zen onuradun bakoitzeko), montepioak Osasun Sistema Nazionalean sartu eta gero modalitate hori kendu egin baita.

UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin onetsitako testu horrek, gainera, %0,25 igotzen ditu montepioetako klase pasiboen pentsioak.

Lege dekretuak dakartzan neurrien bitartez Foru Administrazioak lortuko duen gehieneko aurrezpenaren balorazio ekonomikoa egin da: urtean 1.614.329,97 euro. Horietatik, 1.018.833,10 euro zerbitzu aktiboan segitzeko luzapena etenda dagoelako aurreztuko dira; 500.000 euro, zerbitzuagatiko dietak kendu direlako; eta 95.496,87 euro, Gobernuko kideei eta gainerako goi-kargudunei zenbait murrizketa ezarri zaizkielako.

13/2012 Foru Legea 2012ko ekainaren 14an onetsi zen eta urte bereko abenduaren 21ean haren indarraldia luzatu egin zen 25/2012 Foru Legearen bidez. Legez ezarritako zerga-neurriak osatzea zuen helburu, Foru Ogasunak diru gehiago bildu ahal izan zezan; hala, antolaketaren inguruko agindu berriak eman zituen “gastuak murrizte aldera”, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen “enplegu baldintzen aldaketatik” abiatuta.

“Ekonomia- eta aurrekontu-egoera” oinarri hartuta onetsitako legea zenez, haren neurri gehienen indarraldia 2012ra mugatuta zegoen, baina geroko azterketa baten mendean utzi zen hurrengo ekitaldietarako luzapenak ezartzeko aukera, eta hain zuzen ere luzapen partzialak erabaki ziren 2013an eta 2014an.


Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurriek 2016an indarrean jarrai dezaten onetsitako luzapena honela mantentzen da:

1. Zerbitzua dela-eta egiten diren bidaiengatiko kalte-ordain gisa ezarritako dietak kentzea. Justifikatutako gastuen zenbatekoa baino ez da itzuliko.

2. Goi-kargudunei dagozkien neurriak: funtzionarioak diren goi-kargudun ohientzako osagarri pertsonala murriztea kasuan kasuko mailako hasierako soldataren %10eraino; bizi eta istripu aseguruak ezeztatzea; funtzionarioentzako erabilera bereziko osasun-laguntza kentzea; eta gizarte segurantzako kotizazioa kentzea, alegia, nominatik deskontatzea.

3.- Nahitaezko erretiroa: 2016an ez da aplikatuko Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioek jarduneko zerbitzua luzatzeari buruzko aurreikuspena, Gizarte Segurantzak une bakoitzerako nahitaezko erretiroa hartzeko ezarria duen adinera iritsita, langilearen aurreikuspen sozialeko sistema zein den gorabehera.

Aurreko idatz-zatian adierazitakotik aparte uzten dira nahitaezko erretiroa hartzeko egunean beren aurreikuspen sozialeko sisteman erretiro-saria jasotzeko eskubidea sortzeko ezarritako gabealdia osatu ez duten langileak, bai eta pentsioa osorik kobratzeko beharrezkoak diren kotizazio-urteak osatu ez dituzten langileak. Horrelako kasuetan, jarduneko zerbitzuan segitzen ahalko dute xede horietarako behar diren epeak osatu arte, eta betiere, 70 urteko adinera iritsi arte.

Irakasleek nahitaezko erretiroa hartzeko adina betetzen duten ikasturtea bukatu arte luzatzen ahalko dute zerbitzu aktiboa.

Foru lege dekretuak indarra hartzen duen egunean nahitaezko erretiroa hartzeko adina beteta izan arren jardunean segitzen duten Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioek hiru hilabeteko epea izanen dute egoera hori bukatzeko eta erretiroa eskatzeko. Epe hori erretiroa eskatu gabe bukatzen bada, erretiroa ofizioz deklaratuko da, epea bukatzearekin batera.

Salbuespen gisa, Nafarroako administrazio publikoek ahalmena izanen dute egoera batzuk luzatzeko baimena emateko, zerbitzu publikoak behar bezala emateko ezinbestekoa bada langile jakin batzuek jarduneko zerbitzuan segitzea aldi jakin batean, eta betiere, hirurogeita hamar urte bete arte. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei dagokienez, baimen berezi hori Nafarroako Gobernuaren erabakiaren bidez emanen da.

Manu horretan aipatutako aurreikuspenak berarekin dakar etetea Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen 32. artikuluaren aplikazioa.

Montepioetako pentsioak

Foru lege dekretuak montepioetako klase pasiboen pentsioen %0,25eko igoera dakar, erreferentzia hartuta pentsio publikoek urte horretan izandako igoera orokorra, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legearen arabera. Aurrikuspen horiek direla medio, erretiroko gutxieneko pentsioa 636,10 euro da, hilean 1,6 euroko igoera izan baitu.

Alarguntasuneko eta zurztasuneko gutxieneko pentsioak, berriz, indarra duen araudian ezarritako erreferentziari lotuko zaizkio, hau da, lanbide arteko gutxieneko soldatari (LGS), zeina655,20 eurokoa baita 2016rako (+ %1).

Jada aitortuta dauden edo etorkizunean aitortzen diren pentsioak ez dira eguneratuko baldin eta, berez edo onuradun berak jasotako beste pentsio publikoren batekin batera, pentsio publikoetarako ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditzen badute.

Erretiroko gutxieneko pentsioa hilean 1,6 euro igo da, 636,10 euroraino

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Dekretua (NPAO, 48. zk., 2015-12-30ekoa)