Publicada el Jeudi, 14 de janvier de 2016

Asilo-eskatzaileen eta errefuxiatuen lekualdatze prozesua azkartu dezala eskatu zaio Espainiako Gobernuari

Eta Ceutako eta Melillako etorkinen aldi baterako egoitzetan daudenei Foru Komunitatera berehala etortzeko aukera eskain diezaiela

Parlamentuak gaurko osoko bilkuran aho batez onetsi duen ebazpen batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “Espainiako Gobernuari eska diezaion Europara iritsitako asilo-eskatzaileen eta errefuxiatuen lekualdatze-prozesua azkartu dezan, hartutako konpromisoei jarraikiz”.

Onetsitako ebazpenak badu bigarren puntu bat non Foru Gobernua premiatzen baita “Espainiako Gobernuari eskain diezaion Ceutako eta Melillako etorkinen aldi baterako harrera-etxeetan dauden asilo-eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitatean berehala hartzeko aukera”.

Hirugarren atalean, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen da “ACNURekin kontakta dezan, bai eta errefuxiatuekin lan egiten duten GKE-ekin ere, esaterako eta besteak beste CEAR edo Gurutze Gorriarekin, haiei eskaintze aldera Nafarroak asilo-eskatzaileak hartzeko aukera, zeinak une honetan jadanik egoera prekario eta ahulean baitaude Estatuan”.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra parlamentu-taldeek sustatutako ebazpenak zioen azalpenean gogorarazten du Nafarroak 300 pertsona hartzeko konpromisoa daukala, eta “berehalako erantzun bat eskatzen duen emergentzia humanitario” baten aurrean gauden arren prozesua “neurrigabeki mantsoa” suertatzen ari dela salatzen du.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 32. zk., 2015-11-20koa)