Publicada el Jeudi, 21 de janvier de 2016

Ayerdiren esanetan, Foru Gobernua "zorrotza" eta "proaktiboa izanen da Iruñeko TRWren gatazka dela eta

Podemos, PSN eta I-Eren galdera banari erantzun die; talde horiek eskatu dute neurriak har daitezela "eragozte aldera enpresak deslokalizatzeko erabaki zigorgabeak"

Nafarroako Gobernuko Ekonomiako lehendakariorde Manu Ayerdik baieztatu du Foru Gobernua "zorrotza" eta "proaktiboa" izanen dela Iruñeko ZF TRW enpresaren gatazkan, enpresa horren zuzendaritzak 250 kaleratze planteatu batitu. Neurri horien helburua da "proiektua Nafarroan gera dadin segurtatzea, eta enpleguaren ikuspegitik ahal diren baldintza onenetan izatea".


Parlamentuko osoko bilkuran Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren galdera bana erantzun ditu Ayerdik, TRW enpresaren Iruñeko plantan sortutako egoerari buruzkoak. Enpresa horretako langilean, ostegun honetan, Parlamentuko osoko bilkuran egon dira, eta Gobernuak gai honetan haiekiko duen "elkartasuna" erakutsi die Ayerdik.


Haren hitzetan, Foru Gobernua "oso kezkatuta dago" "urgentzia handienekotzat" jo duen "eta lehentasunezkoa den gai honen inguruan. Bere ahalmenen esparruan dagoen guztia egiten ari da Gobernua. Zorrotzak eta proaktiboak izanen gara langileen defentsan eta proiektua Iruñean gera dadin".


Ayerdik zehaztu du enpresaren datuei buruzko azterketa juridiko eta ekonomikoak egiten ari direla; eta honako hau ere du aipatu du: "enpresari kontsultak egin nahi dizkiogu, eta gure esku jarri da edozein zalantza argitzeko. Gai garrantzitsu eta serioa da honako hau, eta eskatzen duen zorroztasun guztiarekin landu nahi du Gobernuak".


Volkswagen Navarrarekin ere bileraren bat egin duela aipatu ondoren, kontseilariak hauxe esan du: "neurri guztiak hartzen ari gara proiektua Nafarroan gera dadin bultzatu eta segurtatzeko, eta enpleguaren ikuspegitik ahal diren eta baldintza onenetan izan dadin".


Ondokoa ere zehaztu du Ayerdik: "nire departamentuko kide bat abenduaren 2an plantako zuzendariarekin bildu zen, eta hark jakinarazi zion faktorian aldaketa handi bat egin nahi zutela; bi arlotan antolamendu-aldaketak egin nahi zituztela. Departamentuaren ordezkariak galdetu zion enplegu-erregulazioko espedienterik egonen ote zen, baina enpresak ez zuen halakorik zehaztu".


"Halaber, galdetu zitzaion era enpresak galerak ote zeuzkan, eta erantzuna baiezkoa izan zen". Hori adierazi ondoren, Ayerdik azaldu du zuzendaritzak departamentuari galdetu ziola "Gobernuak inbertsioak laguntzeko zeuzkan politikei buruz. Erantzuna izan zen inbertsioak laguntzeko linea batzuk badaudela, oro har, eta inbertsioen % 10koak izaten direla, 200.000 euroko mugarekin. Erantzun orokor bat galdera orokor baterako", zehaztu du.


General Electricen egoera


Bestalde, Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak Buñuelgo General Electricen plantaren itxiera aipatu du, eta aurreratu du ostegun honetan bertan enpresarekin bilduko dela, "Nafarroako plantako ordezkariekin ez ezik, Estatuko ordezkariekin ere".


"Bilera trinkoa izanen da, informazioa eta multinazionalek prozesu honetan egiazki dauzkaten asmoak aztertzeko fase oso garrantzitsu honetan", aipatu du Ayerdik. Gero azaldu du, halaber, enpresa batzordearekin eta Buñuelgo alkatearekin ere hitz egin duela. "Gobernua proaktiboa izanen da", bermatu du.


Exekutiboak deslokalizazioak saihesteko har ditzakeen neurriei dagokienez, Ayerdik azaldu du "beste erkidego batzuk eta beste estatu batzuk egiten ari direnari" buruzko azterlan konparatibo bat eginen dela, "zer urrats eman" ditzakegun erabakitzeko.


"Horretan lan egin behar dugu, eta nekeza den oreka bat bilatu, alegia, multinazionalei eta enpresaburuei mezu egokia eskaintzen jarraitu eta baloreen aldaketa bat abiatu, inork ere ulertzen ez dituen deslokalizazio-prozesuak gerta ez daitezen", nabarmendu du.


Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) jo du ZF TRWk aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientea "basakeria" bat dela, eta aipatu du "zuzendaritzak sinesten zailak diren arrazoi ekonomikoetan oinarritu duela erabakia".


Cousoren hitzetan lantegiko zuzendariak "bere asmoak argi zeuzkan, zeren eta honelakoak ez baitira egun batetik bestera planifikatzen, eta Gobernuari egia ezkutatu zion. Gatazkari konponbideak bilatzen jarraitu beharra dago, eta horri dagokionez, eskatzen dugu inbertsiorako diru-laguntzen politikak birplantea daitezela, eta halako laguntzak nahitaez lotu beharko dira konpromiso sozialekin eta bertan geratzeko eta enpresak ez deslokalizatzeko konpromisoekin".


María Chivitek (PSN parlamentu-taldea) "kezka" aipatu du TRWko langileek Iruñean bizi duten egoerarengatik, Buñuelgo General Electricen plantaren egoerarengatik eta Doneztebeko Aparan enpresaren egoerarengatik, eta Foru Gobernuari eskatu dio "arretaz lan ditzala arazo hauek" eta "lanpostuak hortzez eta haginez defenda ditzala".


"Gobernuaren ardura da erantzuna ematea urgentziazkoa denari ez ezik, epe luzeko gaiei ere, horiexek baitira garrantzia dutenak. Etorkizuneko estrategia bat diseinatu beharra dago, Nafarroa modernoa eta abangoardiakoa izan dadin eta kalitatezko enplegua sor dadin, eta gobernu hau ez dugu horretan ikusten", damutu da Chivite. Ondoren, exekutiboari eskatu dio "gogoeta egin dezan abiarazi duen bideari buruz".


José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) "kezka handia" erakutsi du TRWren zuzendaritzak Landabengo plantarako iragarri dituen 250 kaleratzeengatik, eta gogoeta "serio" bat egitearen aldeko apustua egin du, "enpresak deslokalizatzeari buruzko erabaki zigorgabeak eragozteko".


Defendatu du lan-erreforma indarrik gabe utzi beharra dagoela, hark langileei "izugarrizko defentsa eza" eragin dielako, eta "araudia gogortzearen aldeko apustua egin du, erabaki bihozgaberen bat hartu duen ezein enpresari ez dakion bururatu ere egin Gobernuari laguntzak eskatzea".