Publicada el Jeudi, 4 de février de 2016

Osasunaren zor berriak "ez luke babesik izanen berregituratze legean"

Bilduren eta I-Eren galdera banari erantzunez Ogasuneko kontseilariak ohartarazi du, espedientearen zenbatekoa kontuan harturik, hura ziur aski epaitegian amaitu litekeela

Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilari Mikel Aranburuk azaldu duenez, Foru Ogasuna ikuskapena egiten ari zaio Osasunari, ikuskapen horrek zor berria dagoela berrets lezake, eta zor horrek ez luke "lekurik ez babesik" izanen aurreko legealdian onetsitako Osasunaren zorra berregituratzeko foru legean.


Beraz, klubak Foru Ogasunari diru kopuru gehiago zor dizkiola berresten bada, kontseilariak esan du geroago aztertu beharko litzatekeela "haren irtenbidea edo ordainketa".


EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak galdera bana egin dute Osasunak enkargatu duen eta ezagutzen zena baino zor gehiago agerian jarri duen auditoriari buruz. Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran Mikel Aranburuk erantzun die Foru Ogasuna beste ikuskapen bat egiten ari dela, klubaren auditoriaren ildo beretik doala eta zor gehiago jar lezakeela agerian.


Gainera, espediente horren zenbatekoa kontuan izanik, "ziur aski epaitegian" amaituko duela azaldu du.


"Egoera berri baten aurrean gaude Osasunaren zorra berregituratzeko foru legearen aldean", adierazi du, eta ohartarazi du "harrezkero ager litekeen beste edozein zor" ez legokeela sartuta aurreko legealdian aitortutako 52,8 milioiko zenbatekoan.


Hala, azpimarratu du zor berriak ez lukeela izanen "ez lekurik ez babesik foru legean; aitzitik, klubak egindako zor berria litzateke, eta geroago aztertu beharko litzateke haren irtenbidea edo ordainketa".


Adolfo Araiz (EH Bildu PT) pozik agertu da "kontseilariak esan duelako foru legeak ez lukeela zor berria babestuko, eta irregulartasun gehiago agertu badira horretan sakondu behar dela. Oraindik ere uste dugu Zerga Administrazioak behinola tratu mesedegarria eman ziola Osasunari", erantsi du.


Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra FPE) esan duenez, Osasunak eskatu zuen txostenak "Osasunaren kontuen kudeaketan aurreko zuzendaritza taldeak egindako irregulartasun garrantzitsuak jarri zituen agerian". Batzuk esparru pribatukoak dira, baina badira datu kezkagarri batzuk, eragina izan dezaketenak Nafarroako Gobernuan eta Foru Ogasunean. Ongi iruditzen zaigu zor berri gisa hartzea".