Ez dira onartu Hezkuntzako kontseilaria gaitzesteko eta kargutik kentzeko proposamenak
UPN eta PPNk beren eskaeraren oinarritzat hartu dute Mendoza "ika-mika etengabea" sortzen ari dela, hezkuntza arloko eta Parlamentuko gehiengoari bizkarra emanez
Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, baztertu egin du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin, Hezkuntzako kontseilari José Luis Mendoza gaitzesteko proposamena. Hona proposamen horren zergatiak: “lan-eskaintza publikoari dagokionez egin dituen jarduketengatik eta entzungor egiteagatik Parlamentuaren agindu ezberdinei, lan-eskaintza publiko hori birpentsa zezan eta beste eskaintza bat egin zezan, orekatuagoa gaztelaniazko nahiz ingelesezko eta euskarazko lanpostuei dagokienez”.
Era berean eta babes berekin, baztertu egin da Hezkuntzako kontseilari José Luis Mendoza “bere departamentuan egin duen kudeaketagatik eta eginiko lan-eskaintza publiko sektario eta bidegabeagatik” kargutik kentzeko proposamena ere.
Hezkuntzako kontseilaria kargutik kentzeko eskatu dutenak sinetsita daude haren departamentuan “Nafarroako herritarren eta ukitutako kolektiboen gehiengoak arbuiatu dituen neurriak” hartu direla “Ingelesez Ikasteko Programa geldiaraziz, nafar ikasleei ukatuz irakaskuntza publikoan ingelesez jakitea”.
Bestalde, aurrekoekin batera atzera bota den hirugarren atal batek zioenez, “aniztasun, askatasun, ekitate eta aukeren berdintasunaren balioek izan behar dute Nafarroako hezkuntza sistemaren ezaugarri”.
PPN foru parlamentarien elkarteak sustatu duen mozioaren zioen azalpenean, Nafarroako hezkuntzaren “kalitatea eta prestigioa” aipatu ondoren, departamentuari egozten zitzaion “gizarteko, hezkuntza arloko eta Parlamentuko gehiengoari bizkarra emanez ika-mika etengabea” sortzea, “Ingelesez Ikasteko Programa geldiaraziz eta lan-eskaintza publiko bidegabea eginez”, neurri horietan “lehentasuna eman baitie interes ideologikoei, ingelesez jakitearen egokitasunaren gainetik”.
Ildo horretan eta lan-eskaintza publikoari erreparatuta azpimarratzen zenez, lan-eskaintza publiko horrekin behin-behinekotasuna arindu ordez, “Nafarroako hezkuntzaren ezaugarri diren aukera berdintasunaren eta ekitatearen aurka jotzen da; izan ere, lanpostuen % 70 euskarazko irakasleentzat eskaintzen da, Foru Komunitateko biztanleen % 20k hitz egiten duen hizkuntza bat izanik”.
UPNren eskaerak ere ez du aurrera egin
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Hezkuntzako kontseilari José Luis Mendoza “Hezkuntza Departamentuko Enplegu Eskaintza Publikoaren deialdia dela-eta egin duen kudeaketarengatik eta hartu dituen erabakiengatik” gaitzesteko proposamena.
UPN parlamentu-taldeak sustatutako mozioaren zioen azalpenean adierazten zenez, Mendoza kontseilariak Parlamentuan lan-eskaintza publiko “adostua” egiteko “konpromisoa” hartu zuen arren, maisu-maistren kidegorako deialdia, “irizpide politikoei erantzuten zielako, bidegabea eta justifikaezina” gertatu da eta ez dator bat “ez Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin, ez Nafarroako hezkuntza-sistemaren beharrizanekin”.
Ildo horretan, mozioak gogora ekartzen zituen Parlamentuan onetsitako bi adierazpen instituzional eta ebazpen bat, zeinetan eskatu baitzen lan-eskaintza publikoa “erretira” zedila edo bestela “berriz azter” zedila, “lanpostuak hizkuntza ereduen eta espezialitateen arabera banatzeko modu berri bat” oinarri harturik, “beharrizanei, enpleguen egonkortasunari eta funtzio publikoan sartzeko ekitateari erreparatuta”.
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (8. NPAO, 2016-01-22koa)