Publicada el Jeudi, 7 de avril de 2016

Zerga erreformari buruzko foru legearen aldaketa onetsi da

Elkarren bermerako sozietate (EBS) guztiek eskuratu ahal izanen dituzte Nafarroan ETE-en finantzaketa errazteko aplika daitezkeen zerga onurak

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi du 25/1994 Foru Legea aldatzea, elkarren bermerako sozietateen (EBS) zerga onurei dagokienez.


Legea presako prozeduraz izapidetu da, eta haren xedea da elkarren bermerako sozietate guztien eskura jartzea Nafarroan enpresa txiki eta ertainen finantzaketa errazteko aplika daitezkeen zerga onurak. Orain arte sozietateen gaineko zergaren araudiaren menpeko EBSek bakarrik eduki dute horrelako babesa, baina baldintza hori kendu egin da, ETE-en kalterako zela iritzita, izan ere kreditua eskuratzeko edota zerga salbuespenak ez aplikatzearen ondoriozko kostuak jasanarazteko aukerak murrizten baitzizkien.

Enpresa txiki eta ertainei finantzabidea erraztu nahian, beraz, kendu egin da betekizun hori, “Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoaren harmonizazio irizpideen kontrakoa delako, eta ez delako erabiltzen araubide erkideko edo foru araubideko beste administrazio batzuetan”.

Gainera, legeak egungo zerga onurak hedatzen ditu; hain zuzen ere, salbuespenak eratze-agiriei ez ezik kitatze-agiriei ere eraginen die.

Elkarren bermerako sozietatea eta sozietateko kide den enpresa, zeinaren alde ematen baita bermea, lotzen dituen harreman juridiko osoa hartzen du salbuespenak. Horrenbestez, enpresa txikietako bazkideek jartzen dituzten bermeei ere aplikatuko zaie salbuespena, elkarren bermerako sozietateek beren enpresa kideei emandako bermeak berriz abalatu beharra dagoenean.

Azkenik, hein batean parekatzen dira birfinantzamenduko sozietateen zerga onurak elkarren bermerako sozietateek dituztenekin, lehenengoek bigarrenen arriskuak estaltzen baitituzte, eta, horrela, abalen kostua jaisten da.

Legeak zehazten du, halaber, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergan aurreikusitako zerga onurak baino ez direla aplikatuko, 1997an indargabetu baitziren sozietateen gaineko zergari zegozkionak.

Foru Komunitateko enpresa egituraren funtsezko osagaiak dira enpresa txiki eta ertainak (enpresa guztien %90 inguru). Eskualdearen egonkortasunerako eta lehiakortasunerako giltzarri dira ETEak, baina finantzabidea lortzeko zailtasun bereziak dituzte, eta horrek nabarmen mugatzen die hedatzeko eta hazteko ahalmena. Halaber, kapital sozial urriak maiz enpresa horien finantza ahalmena mugatzen du, eta zailtasun larriak sortzen dizkie kreditu entitateengandik bermeak lortzeko garaian.

Arazo horiek leuntzen laguntzeko eta ETE-ei kreditua errazteko sortua da elkarren bermerako sozietateen araubidea. Sozietate horiek finantza-entitateak dira; enpresa txiki eta ertainei kreditua eskuratzen laguntzen diete eta finantzabiderako baldintzak hobetzen dizkiete, abalak emanez banku eta aurrezki kutxen aurrean.

Berme faltagatik finantzabiderik lortzerik ez duten enpresei laguntzeaz gain, maileguetarako interes-tasa eta itzulketa-epe hobeak lortzen dituzte, eta horrekin nabarmen jaisten dira enpresa txiki eta ertain horien finantzaketa kostuak.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru lege proiektua (35. NPAO, 2016-03-11koa)