Publicada el Jeudi, 2 de juin de 2016

Memoriari buruzko politika barneratzaile eta askotarikoa sustatzeko eskatzen zuen mozio bat baztertu da

"Identitate- eta politika-gorrotorik gabe, iraganari buruzko hainbat kontakizun daudela onartuta, zauriak behin betiko ixtea" zuen helburu

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin, atzera bota du mozio bat zeinean eskatzen baitzen Nafarroako Gobernua eta Legebiltzarra premiatzeko “memoriaren politika barneratzailea eta askotarikoa aplikatu eta susta ditzaten, oinarri izanen dituena adiskidetzea, elkarrekiko errespetua eta gorrotoaren aienatzea”.

Ezetsitako mozioaren bigarren puntuan, “Nafarroan nahiz Nafarroatik kanpo bi bandoetan errepresaliatuak izan ziren nafarren zerrenda” prestatzeko eskatzen zen.

Jada hirugarren atalean, halaber, “Errepublikako Gobernuaren hegazkinen bonbardaketek hildako edo Gobernu horren kontrolpeko lurraldean eraildako nafarren oroitzapenezko eta ordaineko ekitaldiak” antolatzeko eskatzen zen.

Plan bat prestatzeko ere eskatzen zen, “Nafarroa barnean zein Nafarroatik kanpo erail ziren pertsonen oroitzapenezko plakak jartzeko Nafarroako herri ezberdinetan”.

Gainera, “gerraren aurretik, gerran zehar eta horren ondoren erailketak eta errepresaliak ekiditeko eta pertsona ezberdinen arteko bizikidetza eta adiskidetzea errazteko lan egin zuten pertsonen eta/edo agintarien gaineko jakintza eta aitorpena” sustatzeko eskatzen zuen mozioak.

Horren haritik, Nafarroako zenbait herriren kasua nabarmentzen zen, “horietan fusilaturik egon ez zelako eta bizikidetza ez zelako apurtu lurraldearen gainerako herrietan bezain larriki”.

Azkenik, hau proposatzen zen: “Gerra Zibilaren 80. urteurrena betetzen den honetan, datozen hiru urteetarako erakusketak eta hitzaldiak antolatzea hainbat joeratako historialarien eta ikertzaileen eskutik, gure iragan kolektiboaren ikuspegi kritikoa, askotarikoa eta barneratzailea eskuratzea ahalbidetuko dutenak eta guztion artean hori gainditzeko tresnak eskainiko dituztenak”.

Zioen azalpenean, berriz, UPN parlamentu-taldeak bultzatutako mozioak Gerra Zibila eragin zuen matxinada militarraren ondoren izandako errepresioa gogoratzen zuen, indarkeria politikoaren sorburua II. Errepublikaren garaian kokatzen zuen, eta biktimen aitormenetik eta kalte-ordainetik abiatuta adiskidetzea eta demokrazia sustatzeko eskatzen zuen.
Alde horretatik, proposatzaileak gogorarazten zuen Memoria Historikoari buruzko 52/2007 Legearen xedea dela “belaunaldi ezberdinen artean Konstituzioko printzipioen, balioen eta askatasunaren inguruko kohesioa eta elkartasuna sustatzea”, eta helburu hori lor daitekeela “heldutasun demokratikoaren oinarria finkatuz eta askotariko gizarte batean iraganari buruzko hainbat kontakizun daudela onartuz”.

Horrela baino ezin izanen dira “zauriak behin betiko itxi eta Nafarroa adiskidetua, askotarikoa eta identitate- eta politika-gorrotorik gabekoa eraikitzen aurrera egin”, zehazten zuen mozioak.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (68. NPAO, 2016-05-13koa)