Publicada el Jeudi, 30 de juin de 2016

Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetzaren araubidea eguneratzea onetsi da

Deklarazioa egiteko prozedura administratiboa erabiliko da, ez judiziala, eta jarauntsia Aurrekontu Orokorretako "Beste xede sozial batzuk" kontu-sailean sartuko da

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetzaren gaineko araubidea eguneratzeari buruzko Foru Legea aho batez onetsi du.
Lege hori presako prozeduraz izapidetu da, eta beraren xedea da foru araudia egokitzea, Borondatezko Jurisdikzioari buruzko uztailaren 2ko 15/2015 Legeak Estatuan egin duen lege aldaketara moldatzeko eta urriaren 1ean indarra hartuko duen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeari egokitzeko.

Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeari dagokionez, legean jasotako zenbait xedapenek arautzen dute deklarazio horretarako prozedura administratiboa. Besteak beste, prozedura ebazteko eskumena, hura aditzera emateko betekizunak eta moduak, egin behar diren instrukzio-jarduketak, prozedura ebazteko gehieneko epea eta deklarazio administratiboaren edukia eta ondorioak, harik eta ondasun eta eskubideen likidazioa egin arte.

Zehazki, egindako eguneratze horren ondoren, Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedura, orain arte epaitegiei zegokiena, prozedura administratibo bilakatu da. Gainera, jarauntsi osoa Nafarroako Aurrekontu Orokorretan sartuko da, "Beste xede sozial batzuk" kontu-sailean, ongintzako beste erakunde batzuekin banatu ordez. Hala, prozedura horretako administrazio-egintzen aurkako errekurtsoak, eskumenari eta prozedurari buruzko arauak hausteagatik, administrazio-bidea amaitutakoan soilik jarri ahal izanen dira administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

Norbaitek Administrazioa abintestato jaraunsle izendatu duela edo ondasunak hari esleitu dizkiola eta, beren burua kalteduntzat jotzen dutenek, jaraunsteko eskubide hobea dutelakoan, jurisdikzio zibileko organoen aurrean soilik egikaritu ahal izanen dituzte dagozkien akzioak.

Jaraunsten den zenbatekoari dagokionez, arau berriak zehazten du, hizpatutako ahaiderik ezean eta ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondoren, Nafarroako Foru Komunitatearen Diruzaintzan sartuko dela, interes sozialeko xedeetarako erabiltzen den aurrekontuko kontu-saila handitzeko. Aldaketa horrek eguneratu egin du irabazi-asmorik gabeko entitate eta elkarteen arteko banaketa, orain arte indarrean egon dena.

Orain arte, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza honako hauetan egon da araututa: Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren 304. eta 307. legeetan (martxoaren 1eko 1/1973 Legea), Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legean eta uztailaren 1eko 166/1988 Foru Dekretuan.

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, aldatzeko bi zuzenketa aho batez onetsi dira, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sinatuak.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (78. NPAO, 2016-05-27koa)