Publicada el Jeudi, 29 de septembre de 2016

2017ko ekitaldirako Nafarroako Parlamentuaren Aurrekontu Proiektua onetsi dute

13.592.056 eurokoa da, 2016ko Aurrekontua baino % 4,6 handiagoa

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, eta UPN eta PPNren abstenzioarekin, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak 2017rako Nafarroako Parlamentuaren aurrekontu proiektua onetsi du. 13.592.056 eurokoa da, alegia, 2016. urteko Aurrekontu bateratuaren osoko zenbatekoarekin alderatuta % 4,6 handitu da (602.811 euro gehiago).

Eragiketa arrunten baturak bere horretan dirau, eta kapital-eragiketena, berriz, aurreko ekitaldikoa baino 596.903 euro handiagoa da. Transferentzia arruntak 12.280.808 eurokoak dira eta kapital-transferentziak 1.262.783 eurokoak.

I. kapitulua, “Langileen gastuak”, 6.943.847 eurokoa da, gastuen aurrekontu osoaren % 51 hain zuzen. Aurrekontuaren kapitulu horretako gastuak Nafarroako Parlamentuko ordainsarien eta Foru Komunitateko Administrazioko langileentzat xedatzen denaren arteko lotura-irizpide berari jarraikiz prestatu dira.

II. kapituluak, “Gastu arruntak”, aurreko ekitaldiko behin betiko aurrekontuaren aldean gastuaren % 2,8ko murrizketa dakar. Kapituluko gastua 2.259.946 eurokoa da guztira, gastu osoaren % 17.

IV. kapituluak, “Transferentzia arruntak”, 2017rako 3.094.876 euroko gastua jasotzen du osotara, parlamentu-taldeentzako diru-laguntzak xede izango dituena, besteak beste. Horrez gain, kapitulu horrek unibertsitateekiko hitzarmenak, Sahararen aldeko parlamentuarteko taldearentzako diru-laguntza eta legegintzako herri ekimenei dagokiena jasotzen ditu. Gainera, egin litezkeen hitzarmen berrietarako kontu-sailari eutsi zaio.

Amaitzeko, VI. kapituluak, “Inbertsioak”, 1.070.210 euroko izendapena du, aurreko ekitaldiko aurrekontuarekin alderatuta 605.520 euro gehiago; eta VII. kapituluak, “Finantza-aktiboak”, 57.795 euroko gastuari eusten dio.

- Eledunen Batzarrak 2017ko ekitaldirako Nafarroako Arartekoaren Bulegoaren Aurrekontu Proiektua onetsi du, eta aurrekontu hori 755.448,43 eurokoa da.

 

700.000 euro, bozkatzeko sistema eta ikus-entzunezko sarea berritzeko


Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznárez Igarza, hedabideen aurrean agertu da Aurrekontuaren ildo nagusiak azaltzeko. Aurrekontua % 4,6 handitu da “bozketa sistema eta egoitza osoko ikus-entzunezko sarea berritzeko premia handia dagoelako. Baldintza eskasetan lan egiten ari gara, sistema analogiko zaharkitu eta deskatalogatu batekin; hutsik txikienak kolokan utziko gintuzke. Sistema ez da osoko bilkuren aretoan bakarrik berritu behar —bertan halako batean botorik eman ezinik geldituko gara—; batzordeen aretoan, prentsa eta itzulpen aretoetan, erabilera anitzekoan eta abarretan ere berrituko da”.


Lehendakariak azpimarratu du lehenbailehen ekin behar zaiola egoitzaren berrikuntza teknologikoari. “Aurreikuspena 2011n egin zen; jada zaharkituta dagoen proiektu bat egiteko gastua egin ondoren, proiektua ez zen inoiz gauzatu. Egungo Mahaiak, beste aldera begiratu beharrean, arazoari aurre egin eta konponbidea eman nahi dio. Horretarako 700.000 euroko kontu-saila sortu da eta, berriro diot, ez dugu Nasaren delegazioa zabalduko, oinarrizko berrikuntza eginen dugu Parlamentuko sistema guztiek ongi funtziona dezaten”.


Ikuspegi orokorrago batetik, Ainhoa Aznárezek hau adierazi du: “2017rako egindako Aurrekontuan, gastuen % 90 langile-gastuak eta parlamentu-taldeentzako kontu-sailak dira, eta parlamentu-taldeentzako diru-laguntzak ez dira handitu. Ikusten duzuenez, ez dago maniobrarako tarterik”.