Publicada el Jeudi, 29 de septembre de 2016

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hilero informazioa eman dezan osasun arloko burutzez eta kudeaketa ekonomikoaz

Gobernuaren kudeaketaren eta erabaki operatiboen jarraipena egin ahal izateko

Parlamentuak, aho batez, gaurko Osoko Bilkuran onetsi duen erabaki batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “parlamentu-talde guztiei hilero igor diezaien Osasun Departamentuko aginte-koadroei buruzko informazioa, giza baliabideen gaineko informazio xehakatuarekin (ekonomikoaz gain, langile-kopuruaren gainekoa ere bai), datu errealekin eta itxiera-aurreikuspenarekin, laguntza-maila guztietako eta laguntza espezializatuko espezialitate guztietako laguntzari buruzko informazioarekin; bai jarduerei buruz (aurreko aldiekin konparatuta), bai itxarote-zerrendei buruz. Halaber, informazio klinikoa emanen du, ospitalez ospitale adierazia, bai eta NOZeko zuzendaritza guztien kudeaketari buruzko informazioa ere, eriaren arretarako unitatea, oinarrizko osasun-laguntza eta osasun mentala barne”.

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan Foru Gobernuari eskatzen zaio “parlamentu-talde guztiei hilero igor diezaien aginte-koadroa, programazio ekonomikoaren arloko itxiera-datuekin eta aurrekontu-erabilgarritasunekoekin”.

UPN parlamentu-taldeak bultzatutako erabaki horren zioen azalpenean gardentasuna eskatzen da “Gobernu ororen jardunaren gaineko kontrol lana errazteko”, eta aginte-koadroak eskatzea honela justifikatzen da: “funtsezko tresnak dira, hilero egin ahal izan dezagun Gobernuaren kudeaketaren eta erabaki operatiboen jarraipena”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (94. NPAO, 2016-07-01ekoa)