Publicada el Jeudi, 1 de décembre de 2016

Parlamentuak automobilgintzako kluster eta aurreklusterrentzako aurrekontu-laguntza gehitzeko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari

Foru Komunitateko kanpo merkataritzaren % 45 ingururi eusten dion sektore indartsu eta estrategiko horren etorkizuneko estrategia bideratu eta finkatzeko

Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen erabaki baten bitartez, Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “2017an eta hurrengo urteetan areagotu egin dezan 2016an jada egindako aurrekontu-esfortzua, kluster eta aurreklusterrei laguntzeko deialdiaren bidez”.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Paramentuak Foru Gobernuari dei egiten dio “Nafarroako Automobilgintza Klusterraren lana modu aktiboan bultza eta erraz dezan, Foru Komunitatea etorkizuneko automobilaren gune gisa finkatzeko helburuarekin bat eginez, industria hori urte askotarako bermatzeko”.


Ordezteko zuzenketa baten emaitza da onetsitako erabakia. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute zuzenketa, eta PSNk, ekimenaren titularrak, onartu egin du.


PSN parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean oso beharrezkotzat jotzen da “merkatuari aurrea hartzea, nahiz eta oraindik urruti gauden gure antzeko eskualde batzuetan, Vigon, Zaragozan edo Bartzelonan, esate baterako, lortzen ari diren koordinazio eta lankidetzatik, sektorea ordenatzeko eta egoera prestatzeko Nafarroan enpresa berriak ezar daitezen, orain daudenei zerbitzua emanen dietenak edo horietatik etekina aterako dutenak”.


Horretarako, alegia, enpresa handien zerbitzurako behar adina enpresa lagungarri edukitzeko eta, horrekin batera, “Automobilgintza eta Mekatronika ildo estrategikoa ustiatzeko, zeina, adituen esanetan, hedatzen ari baita ibilgailu elektrikoaren etorrerari eta 4.0 industriarekin lotutako beste aukera batzuei esker”, erakundeen “inplikazio sakona” eskatzen da, ahalmen estrategikoa izanen duen kluster sendoa eraikitze aldera.


Proposatzaileak gogora dakar, azkenik, Nafarroako Estatistika Institutuaren azken datuen arabera (2016ko abuztua) Nafarroako kanpo-merkataritzaren % 45 inguru automobilgintzan kokatzen dela.


www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (133. NPAO, 2016-11-11koa)