Adierazpen instituzionala, ezgaitasuna duten pertsonen nazioarteko eguna dela eta.
Eledunen Batzarrak onetsia
2007ko azaroaren 26an egindako bilkuran, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak ondoko adierazpena onetsi zuen:
"Abenduaren 3an ospatzekoa da ezgaitasuna duten pertsonen nazioarteko eguna. Hori dela-eta, Nafarroako Parlamentuak gogorarazi nahi du zein egoera bizi eta pairatzen duten milioika pertsonak Espainian, eta horietatik milaka batzuek Nafarroan.
Aztertu eta aitortu beharrekoa da gure herrian ezgaitasunak eragiten duen gizarte-errealitatea, kopuruak izugarriak baitira: hiru milioi eta erdi pertsona, hots, biztanleriaren ehuneko 9, ezgaituak dira. Lau espainiarretik batek harreman zuzena du ezgaitasunarekin, eta oraindik asko dira ia egunero beren aukera, potentzial eta eskubideak nabarmen mugatuta dituzten pertsonak, beste edozein herritarrek dituen eskubide eta aukera berberen erabilera erreala galarazten zaienean.
Aurten bereziki harro sentitzen gara abenduaren 3a indarrean dauden legegintzako zenbait neurrirekin ospatu ahal izateaz; besteak beste, Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea, Menpekotasun egoeran dauden pertsonei buruzko Estatuko Legea, Zeinu hizkuntzari eta ahozko komunikazioa babesteari buruzko Legea, edo bestelako neurri batzuk, garrantzi gutxiagokoak ez direnak, hala nola "haurren txekea" deritzona 3.500 euroraino igotzea, jaioberriak nolabaiteko ezgaitasunen bat izanez gero. Halaber, ezin ahaztuzko beste hobekuntza bat da, adibidez, ezgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoa lortu ahal izatea.
Ezgaitasuna duten pertsonek eginiko erreibindikazio historiko, egoki eta zuzen horiek guztiak eskubide bihurtu dira, eta horiek dira, zalantzarik gabe, erakunde publiko guztiek berdintasuneranzko urratsak berdintasunean egiteko daukaten kezkaren eta konpromisoaren norainokoaren erakusgarririk onena.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuak zalantzarik gabe deritzo badagoela arrazoirik abenduaren 3a ospatzeko, alderdi politiko eta erakunde guztien artean pertsona horien eta beren familien bizitzari bultzada suspertzailea eta duintasuna emateko langintzari eusteko konpromiso irmoz eta itxaropenez".