Publicada el Monday, 10 de December de 2007

Adierazpen bat onetsi da, Nafarroako zaharren eskubide eta betebeharrei buruzkoa, Socialistas del Parlamento de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztua

Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, hain zuzen ere gaur, abenduak 10, giza eskubideen nazioarteko eguna ospatzen delako. Adierazpen hori proposatu dute Bizikidetasun eta Nazioarteko Elkartasun Batzorde Bereziko talde politikoetako eledun hauek: Javier Marcotegui Ros (UPN), Paula Kasares Corrales (NaBai), Mª Victoria Arraiza Zorzano (SPN), José Andrés Burguete Torres (CDN) eta Ana Figueras Castellano (IUN-NEB).

Adierazpenak honakoa dio:

"Nafarroan bizi diren zahar guztiek, zer adin duten gorabehera, honako eskubide hauek dituzte:

1. ERRESPETUZ ETA DUINTASUNEZ TRATA DITZATEN ETA ADINA DELA MEDIO DISKRIMINA EZ DITZATEN

1.1. Duintasun pertsonalerako eskubidea eta zaharrek gizartean balio eta onespen handiagoa izatekoa.

1.2. Nork bere iritzia emateko eskubidea, gizartean ikusezinak ez izatekoa eta komunikabideek tratu normalizatua eta estereotiporik gabea eman diezaieten.

1.3. Inongo alor pertsonaletan edo sozialetan adina dela medio diskrimina ez ditzaten.

1.4. Inolaz ere ez diezaieten tratu txar fisiko edo psikikorik eman eta haien aurka babes ditzagun.

1.5. Zaharren balizko mugak errespeta daitezen.

1.6. Diru-sarrera eta pentsio bidezko eta egokiak kobratzeko eskubidea, haiekin aski izateko.

1.7. Familiarteko harremanei eta harreman afektiboei eusteko eskubidea.

1.8. Zaintza aringarriak gizalegez eman diezazkieten eta haien azken nahia errespeta dadin.

2. INDEPENDENTE IZATEKO ETA NORK BERE BIZITZA KONTROLATZEKO ESKUBIDEA

2.1. Nork bere nortasuna askatasunez garatzeko eskubidea eta bizitza pribatuan eta familiartean nola bizi nahi duten erabateko askatasunez eta autonomiaz erabakitzekoa.

2.2. Non bizi nahi duten askatasunez aukeratzeko eskubidea eta hura beren nahierara egokitzekoa.

2.3. Nork nahi duen pertsonarekin bizitzeko eskubidea, inolako diskriminaziorik gabe, eta intimitatezko harremanak izatekoa.

2.4. Beren baliabide ekonomikoak nola erabili askatasunez erabakitzeko eskubidea, epaileek ezgaituz bakarrik gal daitekeena.

2.5. Nork behar duen aholkularitza izateko eskubidea eta haien eskubideak zain ditzaten, askatasunez erabakitzeko, bereziki, haiek ezgaitzeko prozesuei eta ondarea lagatzeari eta abarri buruz.

2.6. Intimitaterako eskubidea eta haien etxebizitza eta posta errespeta daitezen.

2.7. Autonomoak izateko eta sentitzeko eta beren buruarekin aski izateko eta beren buruarekin aski dutela sentitzeko eskubidea eta beren kasa moldatzeko beharrezko laguntzak izatekoa.

2.8. Inguruan oztoporik ez izateko eskubidea eta ingurunea gozoa eta segurua izatekoa, bizimodu autonomoa izateko eta gizartean aktiboak izateko.

3. SEGURU ETA BABESTUTA SENTITZEKO BEHARREZKO LAGUNTZA IZATEKOA

3.1. Osasun laguntza unibertsal, doako, eskuragarri, diskriminaziorik gabe eta xedetzat galdutako gaitasunak ahal bezainbat berreskuratzea duena izateko eskubidea.

3.2. Familian eta gizartean abandonatuta eta bakarrik ez sentitzeko beharrezko babesa izateko eskubidea.

3.3. Seguru eta babestuta sentitzeko beharrezko laguntza izateko eskubidea.

3.4. Kalitateko gizarte laguntza izateko eskubidea, norberaren ezgaitasun eta mendekotasun mailara egokitutakoa eta nork bere kasa ordain dezakeena.

3.5. Etxean eta gizartean, familian eta beren harremanetan beren giroan jarraitzeko eskubidea, beharrezko egokitzapenen eta osasun eta gizarte laguntzen bidez.

3.6. Oztoporik gabeko etxebizitza segurua izateko eskubidea, norberaren beharretara egokitutakoa.

3.7. Haien mugak errespeta daitezen eta ezgaitasun fisiko edo psikiko bat dela medio diskrimina ez ditzaten.

4. BALIOZKOAK ETA BEREN BURUAREKIN POZIK SENTI DAITEZEN UZTEA ETA BULTZATZEA

4.1. Beren gaitasunak eta esperientzia erabiltzeko eskubidea, beren proiektuen eta atsegingarriak iruditzen zaizkien gizarte ekimenen bidez.

4.2. Haurrak zaintzen eta hezten laguntzeko eskubidea, haiez abusatu eta haiek esplotatu gabe.

4.3. Ikasten jarraitzeko eta heziketa eta prestakuntza programa egokietan parte hartzeko eskubidea eta pertsona, herritar eta gizarteko kide gisa dituzten jakintza, abileziak eta gaitasunak hobetzeko nolanahiko jardueretan parte hartzekoa.

4.4. Teknologia berriek informazioa biltzeko eta komunikatzeko ematen dituzten aukerak erabiltzeko eskubidea eta haiek erabiltzetik kanpo ez geratzekoa.

4.5. Kultur arloko eta aisialdiko jardueretan zinez parte hartzeko eskubidea.

5. ERKIDEGOKO BIZITZA SOZIALEAN ETA POLITIKOAN PARTE HARTZEKO ESKUBIDEA

5.1. Erabakiak hartzen dituzten organoetan ordezkaritza proportzionatua izateko eskubidea.

5.2. Galdetu egin ditzaten eta haien iritzia entzun dadin, adinaren araberako ikuspegia kontuan hartzeko, zerbitzu publikoen plangintza egin eta haiek kudeatzeko eta hiriak diseinatzeko.

5.3. Zinez gizarteratzeko eskubidea eta sistematikoki, beren borondatearen kontra zaharrendako erakundeetan bakartu ez ditzaten.

5.4. Askatasunez komunikatzeko eskubidea eta haien erakundeak haien kasa kudeatzeko gaitasuna errespeta dezaten.

5.5. Zaharrendako zentro eta zerbitzu publikoak zuzenean edo, ezgaitasun bat badute, senideen bidez kudeatzen parte hartzeko eskubidea.

BETEBEHARRAK

Era berean, Nafarroan bizi diren zahar guztiek, zer adin duten gorabehera, honako betebehar hauek betetzeko konpromisoa hartu dute beren buruarekin eta osatzen duten gizartearekin:

1. Beren autonomia eta independentzia babestea eta bertzek haien izenean erabaki dezan ez uztea.

2. Beren kasa moldatzen, autonomoak izaten eta beren buruarekin aski dutela sentitzen ahalegintzea.

3. Norberaren gaitasunetara egokitutako kirola egitea erregulartasunez.

4. Adimen aldetik aktiboak izaten jarraitzeko ahalegintzea eta gauza berriak ikasteko jakin-minari eustea.

5. Beren gaitasunak eta esperientziak aprobetxatzea eta bertzeren esku jartzea, baliagarri sentitzeko.

6. Aldaketetara ahal bezainbat egokitzea eta bertzeren pentsaerarekin eta jarrerarekin ulerkorrak eta toleranteak izatea.

7. Gizartean bizimodu aktiboa izatea eta bertze zaharrekin eta belaunaldiekin harremanetan izatea.

8. Gizartean parte hartzea, zaharren iritzia entzunarazteko.

9. Beren eta ezagutzen dituzten zaharren aurkako abusuak, tratu txarrak eta diskriminazioak salatzea.

10. Beren eskariak eta iritziak askatasunez adieraztea ematen dizkieten zerbitzuen kalitateari dagokionez eta, beharrezkoa bada, kexak eta hobekuntza proposamenak egitea".