Publicada el Tuesday, 2 de October de 2007

Erabakia. Horren bidez, Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernua premiatzen dira amatasuna, abortua eta sexu-hezkuntza direla-eta zenbait ekintza egin ditzaten

1. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du ugalketa kontziente eta arduratsurako eskubidea berma dezan, eta amatasunaren balio soziala aitor dezan. Eskubide hori gauzatzeko, behar diren neurriak hartuko dira, kontrazepzioari buruzko informazioa eta praktika emakumeen eta gizonen eskura egon daitezen, eta prestazio normalizatua izan dadin Nafarroako osasun sare publikoan, Estatuaren gainerako lekuetan gertatzen den bezala.

2. Horretarako, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du behar diren aurrekontu-aurreikuspenak egin ditzan egungo emakumeari laguntzeko zentroen prestazioak zabaltzeko, benetako beharrei hobeki egokitzen zaien eredu batera zuzenduz: sexuari buruzko informaziorako eta familia orientaziorako zentroak.

3. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du sexu-heziketa sar dezan derrigorrezko hezkuntzan eta hezkuntzako curriculum proiektuetan sar dezan; halaber, ikastetxeetan beretan gurasoei eta irakasleei prestakuntza eman diezaien. Prestakuntza hori modu koordinatuan zehaztuko dute Osasun Ministerioak eta Emakumearen Institutuak eta autonomia erkidegoek.

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berma dezan foru erkidegoko osasun sistema publikoaren barruan haurdunaldiaren borondatezko etendurari buruz indarra duen araua betetzen dela. Horri dagokionez, behar diren baliabideak jarriko dira legeak ezarritako kasuetan dauden emakumeei behar bezalako laguntza eman dakien Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun etxeetan. Horretarako, Nafarroako osasun etxe publikoek nahitaez behar diren baliabide teknikoak, giza baliabideak eta baliabide fakultatiboak izanen dituzte haurdunaldiaren eteteak legez praktikatzeko, foru erkidegoan dauden beharren eta eskariaren arabera.

5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du arau dezan zein inguruabarretan Nafarroako Osasun Zerbitzuaren menpeko osasun arloko langileek, sendagileek, OLTek eta gainerako langile fakultatiboek formulatu ahalko duten haurdunaldiaren borondatezko etenduretan parte ez hartzeko erreserba. Erreserba kasuetarako erregistro bat sortuko da. Aipatu erreserba haurdunaldiaren borondatezko etenduraren berariazko ekintzarako baizik ez du eragina izanen, eta inoiz ere ezin izanen dira kontzientzia-arrazoiak erabili laguntza ukatzeak dakarren arduraz gabetzeko; ezin izanen da, ezta ere, eragozpena aldarrikatu emakumeari laguntzarik ez emateko, haren bizitza edo osasuna arriskuan dagoenean haurdunaldiaren borondatezko etenduraren ondorioz, ez eta eragozpen hori zabaldu emakume orok ebakuntzaren aurretik eta ondoren behar duen zainketa eta laguntzetara.

Halaber, erreserbaren formulazioak berekin ekarri beharko du, hartaz baliatzen diren langileentzat, debekatuta egotea horrelako ebakuntzak egitea era guztietako zentroetan, publikoak nahiz pribatuak izan. Hartara, ulertuko da erreserba hori atzera bota dela hura aurkezten duenak bere borondatez parte hartzen duenean, zentro pribatu nahiz publikoetan, haurdunaldiaren borondatez eteteko ebakuntzetan; hori, gainera, ez da eragozpena izanen administrazioak ekintza horiengatik kasuko zehapenak ezarri ahal izateko.

6. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du foru erkidegoko osasun sare publiko osoan talde mediko-sanitarioek zerbitzua eman dezaten, hain zuzen ere ebakuntzak bermatzeko, haurdunaldia beren borondatez eten nahi duten emakume guztiek hori egin ahal izan dezaten; edonola ere, intimitaterako eskubidea gordeko da eta eskubide horren aurkako jarduera guztiak zehatuko dira.

7. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bitartez osasun arloko langileei behar den prestakuntza eman dakien emakumeentzat arinagoak diren haurdunaldiaren borondatezko etendura egiteko teknikei buruz. Halaber, metodo kontrazeptibo modernoagoetan ikerketa egin dadin sustatuko du, eta behar den esperimentazioa egin eta ondoren merkatuan daudenak onartuko ditu emakume guztientzat.