Publicada el Tuesday, 17 de January de 2012

Gizarteratze-Errenta arautzen duen Foru Legea onetsia

Gizarteratze-Errenta arautzen duen Foru Legea onetsia

Parlamentuko Osoko Bilkurak Gizarteratze-Errenta arautzen duen Foru Legea onetsi du gaur, UPN, SN eta PPNk haren alde emandako botoekin eta Nabai, Bildu eta Izquierda-Ezkerrak kontra emandako botoekin.

Legea prestazio honen helburu nagusia krisi ekonomikoaren eraginez “aldatu” izanean oinarritzen da. Honenbestez, eskatzaileen artean gizartean bazterturik dauden pertsonak topa daitezke, “prestazio honen “hasierako hartzaileak”, bai eta lana galdu eta langabeziaren prestazioak eta sorospenak ahitu zaizkien pertsonak ere. Azken horiek “ezin daitezke inolaz ere baztertu sozialtzat hartu”.

“Aldizkako eta bermatutako” prestazio honen hasierako ikuskera berrezartzeko, Lege proiektuak bi ibilbide ezartzen ditu. Bata, “gizartean bazterturik” dauden familia-unitateentzat. Hauei prestazio ekonomikoa emango zaie (gizarteratze-errenta), “lehentasunezko premiak” asetzeko eta gizarteratzea sustatzeko. Bestea, langabezian dauden eta laneko prestazio eta sorospenetarako eskubiderik ez duten pertsonentzat. Talde honentzat zenbait “Laguntza” aurreikusten dira, Gobernuak “6 hilabeteko” epean eta Foru Dekretuaren bidez arautu beharko dituenak. Bitartean, Sailburuak aipatu laguntzen “behin-behineko” “balditza eta betebeharrak” finkatuko ditu.

Gizarteratze-errentak, Lege honen helburu nagusiak, era berean aurreikusitako beste edozein baliabide eta dirulaguntzarekiko izaera “osagarria” eta “subsidiarioa” du. Baliabide eta dirulaguntzok eskatu aurretik osoki balioztatu beharko dira.

Gizarteratze-errenta eskuratu ahal izateko, salbuespenak salbu “familia-unitateko bana”, 24 hilabeteko legezko bizitokia izatea Nafarroan (orain arte 12), 25 urtetik gorakoa eta 65 urtetik beherakoa izatea, eta familia-unitatearen azken seihilekoko baliabide ekonomikoak hilean legokiokeen gizarteratze-errentaren zenbatekoa baino txikiagoak izatea.

Salbuespen gisa, behar handiko egoerak ematen direnean, aipatutako adin eta diru-sarrera baldintzak betetzen ez dituzten pertsonak onuradun izan daitezke.

Honakoa izango da 2012an gizarteratze-errentaren zenbatekoa: pertsona bakarraren kasuan gehienez 641,40 eurokoa hilean, biren kasuan gehienez 769,68koa, 3ren kasuan gehienez 833,82koa, 4ren kasuan gehienez 897,96koa, eta 962,10 eurokoa bost pertsona edo gehiagoren kasuan. Jasotzen hasi eta hamahirugarren hilabetetik aurrera, errenta xedaturiko zenbatekoen % 90eraino iritsiko da gehienez ere.

Gizarteratze-errentaren gehieneko zenbatekoak urtero finkatuko dira Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legean, eta gutxieneko zenbatekoak arautegiari jarraiki ezarriko dira.

Jasotzeko aldiari dagokionez, errenta sei hilabeterako emango da oro har, baina 24 hilabeteraino luzatu ahal izango da. Salbuespen gisa 2 urte baino gehiago luzatzen den kasuetan, prestazioa ez da esleitutako zenbatekoaren % 80a baino gehiagokoa izango.

Gizarteratze-errenta emateko beharrezkoa da, beste batzuen artean, Gizarteratze-Akordio bat izenpetzea. Aipatu akordioak “lankidetza jardueretan, borondatezko lanaren zerbitzuetan eta gizartearen onurarako bestelako jardueretan”, bai eta “esparru hauekin erlazionatutako heziketa ekintzetan” parte hartzeko “beharra” azter dezake.

Aipatu Gizarteratze-Akordioa ez betetzea edo ez bidaltzea, besteak beste, prestazioa jasotzeko eskubidea kentzeko arrazoiak dira. Beste arrazoietako bat onuradunaren heriotza da, araubideari jarraiki araututa “familia-unitateko beste kide batean subrogatzen denean izan ezik”.

Arauak eskatzen diren “baldintzak betetzen ez direla jakinda ere, errenta jasotzeko edo mantentzeko” aurrera eramandako ekintzak zigortzeko zehapen araubidea du. Horrela bada, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke, eta mailaren arabera, zigorra oharrarazpena, 100 eta 3.000 euro bitarteko isuna edo sei hilabete eta hiru urte bitarteko epean prestazioa jasotzeko debekua izan daiteke.

Lege hau indarrean sartzen denetik, prestazioa berritzeko eskaerak bertan xedaturikoaren arabera izapidetu eta ebatziko dira, bizitokia jarraian eta egiazki izateko baldintzari dagokiona izan ezik, 18 hilabetekoa izango dena.

Legea indarrean sartzen den unetik 6 hilabeteko epean, Gobernuak dekretu bidez gizarteratze-errenta araudiaren gauzatzea onetsi beharko du.

· www.parlamento-navarra.es
· Foru Lege Proiektuaren Argitalpena (NPAO, 36 zk., 2011-12-02koa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 1 zk., 2012-01-02koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 5 zk., 2012-01-02)