Publicada el Monday, 27 de February de 2012

NFEBHLO-REN XXX. Urteurrena ospatzeko oroigarrizko Osoko Bilkura


Martxoaren 15ean ospatuko da eta parlamentu-taldeen bozeramaileen zein Foru Gobernuaren eta Parlamentuaren Presidenteen parte-hartzea izango du
Heldu den martxoaren 15ean Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren onespen eta indarrean jartzearen XXX. urteurrenaren oroigarrizko osoko bilkura egingo du.

1982ko egun berean, martxoaren 15ean, onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak beranduago Kongresuak (1982ko uztailaren 26an) zein Senatuak (1982ko ekainaren 30ean) Lege Organiko moduan berretsiko zuten testua. Legea urte horretako abuztuaren 16an jarri zen indarrean. 2012an, hortaz, Hobetzearen legearen onespenaren eta indarrean jartzearen hogeita hamar urte betetzen dira.

Mahaiak eta Bozeramaile Batzordeak Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren XXX. urteurrenaren oroigarrizko osoko bilkuraren garapenerako arauak onetsi dituzte gaur.

Onetsitako arauei jarraiki, osoko bilkura Nafarroako ereserkia abestuz hasiko da. Segidan Parlamentu-Taldeen Bozeramaileek parte hartuko dute hogeita hamar urte indarrean egon ondoren Hobetzearen Legearen inguruko iritziak aurkezteko; betiere hamar minutuko txandetan eta parlamentario kopuru txikienetik handienerako ordenari jarraiki.

Segidan Nafarroako Presidenteak hitz egingo du hamar minutuz eta azkenik, Nafarroako Parlamentuko Presidenteak hitzaldi batekin amaiera emango dio ekitaldiari.

Arauak UPN, SN, PP eta I-E taldeek alde emandako botoekin onetsi dira; Bildu-Nafarroako ordezkariak kontra bozkatu du; eta NaBaiko ordezkaria abstenitu da.

Iruña, 2012ko otsailaren 28a