Publicada el Thursday, 18 de October de 2012

Barcina lehendakariak zerga-erreformarako proposamen bat aurkeztu du. Zerga-bilketa handituko da zergak igo gabe eta enpresa-irabazien berrinbertsioa bultzatuko da erreforma horrekin

Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidako hasierako hitzaldian, etxebizitzak zaharberritzeko zuzeneko eta zerga-alorreko laguntza berriak iragarri ditu

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak jarduera ekonomikoa sustatzeko neurri fiskal ugari proposatu ditu gaur, Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan. Nafar enpresei laguntza ematea eta lanpostuak sortzeko gai diren enpresa berrien sorrera bultzatzea da zerga-erreforma horren helburua.


Neurri fiskal horiek dira, etxebizitzak zaharberritzen laguntzeko plan berriarekin batera, krisiari aurre egiteko Nafarroako Gobernua prestatzen ari den neurri ekonomiko nagusiak. Presidenteak goizeko saioan azpimarratu duenez, krisitik ateratzeko ezinbestekoa da austeritatea aplikatzea administrazio publiko guztietan, bai eta ekonomia sustatzeko neurri fiskalak hartzea ere, gizarte-zerbitzuak, osasuna eta hezkuntza bermatu ahal izateko.
 

Zerga-pizgarriak

Nafarroak autonomia dauka zerga kontuetan eta, hain zuzen ere, zergak ez igotzea da proposatutako zerga-erreformaren oinarrian dagoen ideia, baina Ogasunak bildutako diru-kopuruari eutsiaz. Horretarako, jarduera ekonomikoa suspertzeko tresna fiskalak garatzeko asmoa dauka Gobernuak. Horrela bada, proposatutako neurrietan pizgarriak emango dira enpresa berriak eta lanpostuak sortzeko berrinbertsioak egiteko, eta, horrekin batera, zergak atzeratzeko aukera emango da, hau da, kenkari batzuetarako urteko muga batzuk ezarriko dira, Ogasunaren diru-sarrerak murriztu ez daitezen.
 

Zerga-erreforma honen bidez zerga gehiago biltzea espero da, sozietate-zergaren bidez bereziki. Oinarri hauek daude asmo horren azpian:
 

- Sozietate-zergaren proposamen berriari jarraiki, bi baldintzatan aplikatuko dira kenkariak: batetik, enpresen irabaziak lanpostuak sortzeko edota I+G+B garatzeko berrinbertitzen badira. Horri esker, diru gehiago bilduko da zerga horren bidez, zerga-tasa gorena igo gabe eta, aldi berean, aplikatzen diren kenkariak ekonomia eta enplegua sustatzera bideratuko dira zuzenean.
 

- Bestetik, dakigunez, Nafarroako I. Ekintzailetza Plana aurkeztu zen asteazkenean, eta plan horri esker eta sozietate-zergaren arautze berriaren bidez lortzekoa den ekonomiaren eta enpleguaren sustapenari esker, diru gehiago bilduko dugu zergen bidez.
 

- Iruzurraren aurkako Plana hobetzeari esker, 2012an dagoeneko 86 milioi euro biltzea lortu dugu.
 

- Ezkutuko ekonomiaren aurkako plan bat jarriko dugu martxan. Orain irregularki ematen diren lan eta zerbitzuei dagokien tasak aplikatuko zaizkie, plan horren bidez.
 

- Zerga-erreformak tasa berri bat ekarriko du: “energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga”. Foru Komunitatean dauden energia sortzeko instalazio guztiei aplikatuko zaie zerga berria.
 

Yolanda Barcinak iragarritako zerga-erreformari jarraiki, aldaketak egingo dira PFEZn, hau da, langile eta familiei aplikatzen zaien zergan, eta aldaketa horiek etxebizitzei lotutako kenkarietan egingo dira bereziki. Hala, Espainiako Gobernuak kenkari horiek kentzea erabaki badu ere, Nafarroan bere horretan utziko dira ohiko etxebizitza erosteagatiko kenkariak, baina modulatu egingo dira errenta-tartearen arabera (egindako kalkuluen arabera, 95 milioi euro aurreztuko dira). Ohiko etxebizitza alokatzeagatiko kenkaria, berriz, %33 handituko da foru-erreforma honen bidez (urteko 900 eurotik, 1.200 eurora), erosketa beharrean alokairua sustatzeko asmoz.
 

Etxebizitza erosi eta alokatzeari dagozkion neurri horiez gain, ohiko etxebizitzak zaharberritzeko neurri batzuk onartuko dira, eta orain arte horretarako ematen diren zuzeneko laguntzak halako bi emango dira (etxebizitzagatiko gehienezko diru-laguntza 4.000 eurotik 10.000 eurora handituko da). PFEZn kenkari bat gehituko da kontzeptu horretarako. Neurri horren bidez, eraikuntza-sektorea indarberrituko dugu eta “50 urtetik gorako eraikinen ikuskapen tekniko” berria ezarriko dugu Nafarroan. Finantzazio publikoa eskuratzeko garaian, lehentasuna emango zaie ikuskapen horri lotutako neurriei, batetik, eta lehentasunez zaharberritu beharreko esparruetan dauden jabetzei, bestetik.
 

Lehendakariaren hitzaldiko beste gai batzuk


Barcina lehendakariak beste gai hauek aipatu ditu bere hitzaldian:
 

- Aurrekontu orokorrak eta zor publikoa: Nafarroako Gobernuak aurkeztuko duen Aurrekontuen Foru Legearen proiektua aurreikuspen hauetara egokitu da: 2013an BPGd %1,2 murriztuko da eta 2014rako zor publikoa 3.906 milioi eurokoa izango da, nafar aurrekontuek finkatuta daukaten gehienezko gastuaren oso gainetik. Barcina lehendakariak deia egin die gizarte-eragileei eta Parlamentuko taldeei, Nafarroak 2013an aurrekontu errealista izan dezan laguntzeko, zor gehiagorik egin gabe.
 

- Oinarrizko zerbitzuak bermatuta: Barcinak iragarri duenez, Gobernuak hil amaieran Parlamentura eramango duen aurrekontu-proposamenak oinarrizko zerbitzuak bermatuko ditu osasunean, hezkuntzan eta politika sozialetan, bai eta Estatuan egindako doikuntzak ukitu dituen alorretan ere (mendekotasuna, egoera irregularrean daudenentzako osasun-arreta…). Hobekuntza Legeak xedatzen duen autogobernua erabiliko du horretarako.
 

- Foru Komunitatearen etorkizunerako estrategikoak diren proiektuak bultzatzea: Honako konpromiso hauen berri eman du Barcina andereak: prestazio altuko nafar tren-ibilbidearekin jarraituko dute, Nafar Ubideak jarraipena izango du eta sail ureztatuak areago hedatuko dira; Hondakinen Kudeaketa Integraturako Plana prestatuko dute; lanbide-heziketako campus berria sortuko dute Iruñean eta salestarren ikastetxe berri bat Sarrigurenen; eta, azkenik, hiru ikerketa-zentro berri jarriko dituzte abian Nafarroako Unibertsitatean.
 

- Nafarroako teknologia-zentroak berrantolatu eta sustatzea. Barcinak jakinarazi duenez, Gobernua lanean ari da foru-erkidegoko hamahiru teknologia-zentroekin I+G+B plataforma berrantolatzeko asmoz. Baliabide publiko eta pribatu guztiak (955 lanpostu) lau lan-arlotan (energia, osasuna, elikagaien industria eta industria) biltzea da asmoa. Zentro indartsu batzuk ezarri nahi dira, egituran aurreztu, espezializazio handiagoa lortu eta ekonomiari ekarpen handiagoa egiteko eta, bide batez, diru-iturri publikoekiko duten mendekotasuna murrizteko.
 

- Administrazio publikoa eta fundazio publikoak murriztea. Oinarrizko zerbitzuetako eta proiektu estrategikoetako inbertsioei eta gastuei bere horretan eutsiko zaie, baina, horretarako, murriztu egingo dira Nafarroako administrazio publikoei lotutako egiturazko gastuak. Murrizketa hori % 20-30 bitartekoa izango da Nafarroako Enpresen Korporazio Publikoa osatzen duten 30 sozietate publikoen kasuan. Horrekin batera, dauden fundazio publikoak arrazionalizatu egingo dira.
 

- Nafarroako Gobernuaren babes politikoa: Nafarroako lehendakariak ezezko borobila eman dio Foru Parlamenturako hauteskundeak aurreratzeari, deialdia aurreratuz gero lortuko liratekeen emaitzek ez lioketelako gehiengo absolutua emango inongo aldiri eta egun ordezkaritza duten taldeek orain arteko alternatiba berbera izango luketelako, hots, UPNren alderdi bakarreko gobernuari babesa ematea edo ezkerreko alderdiez eta abertzaleez osatutako gobernu bat bultzatzea denak batera.
 

- Oinarrizko errentarekin eta mendekotasun-laguntzekin jarraitzeko bermea. Lehendakariak azpimarratu duenez, Gobernua prestatzen ari den aurrekontu-proiektuko politika sozialen atalean eutsi egingo zaio oinarrizko errentari, eta mendekotasun-laguntzak %8 besterik ez dira jaitsiko, batez beste, Estatuak politika horietarako egiten duen ekarpena %40 murriztu bada ere.
 

- Osasun-alorrean, egungo laguntza-zerbitzu guzti-guztiei eutsiko zaiela bermatu du lehendakariak. Era berean, kolon eta ondesteko minbiziaren detekzio goiztiarra hobetzeko politikak aplikatzen jarraituko dute, droga-mendekotasunari erantzuteko plan berria onartuko dute, arreta jarraitu eta urgentea berrantolatzeko asmoa dute eta, azkenik, luzatuko egingo dira laguntza espezializatuaren ordutegiak. Bestalde, aditzera eman duenez, errezeta elektronikoa guztiz hedatuta egongo da urte amaierarako. Nafarroa aitzindaria da Espainian alor horretan.
 

- Hezkuntzaren alorrean, Barcinak esan du ahalegin handia egingo dutela aniztasunari erantzuteko eta are alor horretan ematen den arreta areagotzeko ere, eta jakinarazi du hezkuntza-tarte guztietan ingelesa irakasten jarraituko dutela eta lanbide-heziketaren aldeko apustu estrategikoa egingo dutela. Hezkuntza-bikaintasunaren printzipioan oinarritutako hezkuntza-erreforman sakontzen jarraitzeko eskaintza egin du, azkenik.
 

- ETAren amaierari dagokionez, lehendakariak lehenik eta behin azpimarratu du erakunde terrorista ez dela desegin, ez duela barkamenik eskatu eragindako minagatik eta ez diela inolako laguntzarik eman, bere hilketen biktima izanik, oraindik justiziarik eskuratu ez duten hamahiru nafar familiei. Bide batez, Bilduko alkate eta kideak terroristak goratzeko jardueratan zuzenean laguntzen dutela salatu du Barcina andereak. Amaitzeko, nabarmendu du Nafarroako Gobernuak konpromiso sendoa duela “ETAren biktimen oroimen eta duintasuna leheneratzeko eta galdutako askatasun-esparruak berreskuratzeko”.