Publicada el Thursday, 20 de December de 2012

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri, 13/2012 Foru Legean aurreikusitakoak, 2013. urterako luzatzen dituen Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren kontra emandako botoekin, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloan presako zenbait neurri, 13/2012 Foru Legean aurreikusitakoak, 2013. urterako luzatzen dituen Foru Legea onetsi du gaur.

13/2012 Legea iragan ekainaren 14an onetsi zen eta legez hartutako zerga-neurriak osatzea zuen helburu, Foru Ogasunak dirua biltzeko duen ahalmena indartze aldera. Horretarako, arau berriak ezarri ziren, antolakuntzaren alorrekoak, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura dauden langileen “lan baldintzak aldatuz” “gastuak murriztera” bideratuak zeudenak.

Neurri horiek “aurrekontuen eta ekonomiaren egoeran” oinarrituta hartu ziren. Hori dela-eta, uztailaren 1ean sartu ziren indarrean eta neurri gehienen indarraldia 2012rako mugatu zen. Alabaina, neurri horiek ondorengo ekitaldietarako “erabat edo neurri batean” luzatzeko aukera analisi baten mende geratzen zen.

13/2012 Legeak zortzi jarduera jasotzen ditu, lan baldintzetan eragiten dutenak, eta iragan otsailetik aplikatzen ari diren antolakuntzaren alorreko beste lauri gehitzen zaizkienak. Horiekin guztiekin, Nafarroako Gobernuak I kapituluan (langileak) 25 milioi euro inguru aurreztea espero zuen. 2011n kapitulu horretako gastua 1.156 milioi eurokoa izan zen, ekitaldi honetakoa ordea, 1.143 milioi eurokoa.

Bildu-k bultzatutako arauaren helburua 13/2012 Legea “zuzentzea” da; bai funtzionarioen bai estatutupeko eta lan-kontratuko langileen lanaldiari dagokionez, Nafarroako Gobernuaren mendeko enpresa publikoak barne, “ekonomia suspertzeko neurriak hartzen joateko, hazkundearen, enpleguaren eta ongizate estatuaren alde lan eginez”.

“Ordainsari eta lan baldintzen gisako alorretan atzerapausoak eta eskubide murrizketak” zuzentze aldera, 13/2012 Legearen 4. artikulua eta bigarren xedapen gehigarria aldatu dira; era horretan, artikulu bakarreko Foru Lege berri bat sortu da; SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek adostutako in voce gehitze zuzenketa baten ondoren, honela idatzita geratu dena:

Artikulu bakarra:

“1. Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioen urte osoko lanaldia 1.592 ordukoa (35 ordu astean) izanen da

2. Aurreko idatz-zatian finkatutako urteko lanorduen kopuruaren gainean dagokion konpentsazioa aplikatu ondoren, txandaka aritzen diren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko nahiz haren menpeko erakunde autonomoetako langileek lanpostuan benetan egon beharreko lanaldi hau izanen dute:

a) Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txanda: 1.457 ordu urtean.
b) Gauetako txanda finkoa: 1.535 ordu urtean.
c) Goiz eta arratsaldeetako txanda, igande eta jaiegunetan lan eginda: 1.554 ordu urtean.
d) Lanaldi zatitua, igande eta jaiegunetan lan eginda: 1.569 ordu urtean.
e) Lanaldi malgua (basozainak): 1512 ordu.

3. Aurreko idatz-zatian ezarritako ordu konpentsazioetan, baita txandaka, gauetan edo jaiegunetan lan egiteagatik ezarritako konpentsazio ekonomikoetan ere, jasota daude lanpostu guztietan gerta daitezkeen gorabeherak eta berezitasunak oro; besteak beste, txandakako lanaldiak eta txanden artean informazioa eman beharra, esate baterako.

4. Urteko lanordu kopuruaren banaketa Administrazio Publiko bakoitzak eginen du zerbitzu bakoitzaren beharraren arabera. Dagokion Mahaian beharrezko negoziazioa eginda, eta, betiere, ezarritako urteko ordu kopurua errespetatuz, eremu edo langile-talde jakin batzuetan oro har ezartzen denaz bestelako banaketa egin daiteke, baldin eta justifikatzen bada beharrezkoa dela zerbitzu horiek egoki emateko”.

5 Nafarroako Gobernuaren menpeko enpresa publikoetako goi-karguei eta lan-kontratuko langileei honako hauek aplikatuko zaizkie: 1. artikuluko 1., 4. eta 5. idatz-zatiak, jardunean segitzeari buruzkoak; 5. artikulua, zerbitzuagatiko dietei buruzkoa; 7. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatiak; eta artikulu horren gainerako idatz-zatietako agindu orokorrak, sindikatuen ordu kredituari buruzkoak”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamena (NPAO, 105. zk., 2012-12-11koa)