Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea aldatzen duen Legea onetsi dute
Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Aralar-Nabaik, PPNk eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoekin eta Bildu-ren eta I-Eren abstentzioekin, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea aldatzen duen Legea onetsi du gaur.
Legearen helburua Nafarroako kontratazio publikoaren araudia aldatzea da, hartara 2007/66/EE Zuzentarauari eta Europako Justizia Auzitegiak enkarguen, kontratual aldatzearen etab.-en karietara esandakoari egokitzeko.
Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2007ko abenduaren 11ko 200/66/EE Zuzentaraua eman zuten. Zuzentarau horren funtsezko helburuak dira kontratuen legez kanpoko esleipen zuzenaren kontra borroka egitea eta bermeak indartzea errekurtso prozeduretan.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren iritziz, legez kanpoko esleipen zuzena Batasunaren zuzenbidearen arau-hauste handiena da kontratazio publikoaren arloan.
Osoko Bilkuran egin den eztabaidan 22 zuzenketa onetsi dira in voce, 20 UPNK eta SNk batera izenpetutakoak, beste bat UPNk, SNk eta Aralar-Nabaik babestua, eta azkenekoa, izaera teknikokoa, parlamentu-talde guztiek sinatutakoa.
Enkargu edo mandatu berrien kapituluan, arauak efizientzia, gardentasun eta zorroztasun handiagoa ematen die kontratu publikoen esleipen prozedurei.
Ildo horretan, enkarguaren xede den prestazioa ematerakoan % 50era mugatzen da enpresa esleipendunek egin ditzaketen azpikontratazioen portzetajea. Lege-iruzurra ekidin nahi da, baliabide berekiaren eginkizuna ez dadin soilik izan hirugarrenen kontratazioak tramitatzea. Justuagotzat jotzen da ente instrumentalak ezin badu bere kabuz eta bere baliabideekin Gobernuaren enkargu bat aurrera eraman,
Gobernuak lizitaziora ateratzea enkarguaren xede den prestazioa, kanpoko edozein enpresak parte har ahal izateko.
Ildo horretan, legeak % 2tik % 5era igotzen du zigorra, zeina disusasio-neurri gisa, lizitaziorako behar den dokumentazioa edo gaitasuna ez duen lizitatzaileentzat ezartzen dena, prozesua moteldu eta kaltetzen baitituzte betebehar guztiak egunean eta baldintza guziak betetzen dituzten eta esleipendun izan ez direnak.
Era berean, zazpi eguneko epean behar diren agiriak badituela eta baliozkoak direla frogatu ezean, % 2tik % 5era igotzen da lizitatzaileentzako zerga. Gainera, kasu horretan, lizitatzailea prozeduratik kanpo geldituko da, eta lizitaziorako jarritako bermeak kenduko zaizkio aipatutako % 5 hori ordaintzen ez badu.
Administrazio klausula partikularren agiriei dagokienez, % 50etik % 20ra murrizten da kontratuaren baldintza ekonomikoak aldatzeko muga. Asmoa da lizitatzaileak ahalik eta gehiena hurbil daitezen eskaintzaren xede den lanaren benetako preziora; are gehiago, baldintzetan ageri diren aldaketak direnean.
Lankidetza publiko-pribatu instituzionalizatua
Legeak artikulu berri bat gehitzen du, araudirik ez dagoenez, lankidetza publiko-pribatu instituzionalizatuaren baldintzak ezartzeko. Xedea kontratuen exekuzioaz arduratuko den bazkide pribatuaren hautaketa “kontratazioaren printzipio gidariak errespetatuz” egiten garantizatzea da; “bereziki, publizitatearen eta gardentasunaren printzipioak”.
Helburua “Los Arcosko zirkuituan gertatu zena” saihestea da, hau da, proiektu zehatz baterako zen sozietate baten partaide izatera pasatzea, eta, gero, proiektu horren funtsezko elementuak aldatzea eta bestelako lizitaziorik ez egitea, halako moduz non kapital mistoko entitate horretako bazkideetako batek jarraitu zuen obra exekutatuz, tartean publizitaterik izan gabe.
Lehia askearen printzipioari ihes egitea. Are gehiago, baldin eta, behin kontratua esleituta, partaidetza publikoa nabarmen handitzen bada. Hori “lege-iruzur argia” da. Saihesteko jarduketa esparru bat ezartzen da, halako moldez non, Comptos Ganberak gomendatu zuen moduan, Administrazioa izanen bailitzateke “kapitalaren gehiengoa izanen” lukeena, eta “lehia-sistemaren bat erabiliko bailitzateke sozio pribatua hautatzeko”.
Helburu horrekin berarekin, in voce aurkeztutako zuzenketa bat onetsi da, UPNk eta SNk sinatu dutena eta gainerako taldeek babestu dutena, Bildu-k izan ezik, ez baitu bozkatu. Bertan, xedatzen da ezen foru lege honen mende dauden entitateek egin nahi dituzten kontratu eta kontzesioak “zuzenean kapital mistoa duen entitate bati esleitzen ahalko” zaizkiola. Esleipen horiek ez dira enkargutzat hartuko eta “lizitazio bakar” bat hartuko dute; era horretan, sozio pribatuaren hautaketarekin batera kapital mistoko entitatea sortuko da eta kontratua edo zenbateko horren kontzesioa esleituko da.
Baldintza-agirian, elkarrizketa lehiakorra erabiltzen denean esleipen prozeduran, jasota egon beharko da kapital mistoko entitateari esleitu behar zaion kontratuaren deskribapena, non aipatu beharko den kapital mistoko entitate horren xede soziala bakarrik xede horretara mugatuko dela eta berau gauzatu ondoren desegin egingo dela; entitatearen estatutuak eta akziodunen ituna, non araututa egonen baita zer harreman izanen duten esleipena hartzen duen entitateak eta kapital mistoko entitateak; eta baldintzen agirian jasota egon beharko da, halaber, zer elementuk arautuko dituzten, batetik, entitate esleipen-hartzailearen eta bazkide pribatuaren arteko harreman kontraktuala, eta, bestetik, entitate esleipen-hartzailearen eta sortu behar den kapital mistoko entitatearen arteko harremana.
Lizitazio-iragarkian, kapital mistoko entitateak exekutatu beharreko kontratuari edo ustiatu behar duen emakidari zer iraupen aurreikusten zaion jasoko da, eta “modu argi eta zehatzean” adieraziko da zer aukera dauden eginkizun berriak esleitzeko, horiek ere kontuan hartuta kontratuaren balio zenbatetsian.
Kontratuaren funtsezko alderdiren bat aldatzen bada eta ez badago baldintza-agirian aurreikusia, edota botere esleitzaile arduratsu batentzat aurreikusezinak diren zirkunstantziengatik gertatzen bada aldaketa hori, “beste lizitazio prozedura bat” egin beharko da.
Sortzen den kapital mistoko entitateek “baliabide material eta tekniko egokiak eduki beharko dituzte enkarguaren xede den prestazioaren zati handiena edo zati adierazgarri bat gauzatzeko, nahiz eta enkarguaren xede diren prestazioak emateko azpikontratazioak ere egin ahal izanen dituzten; azpikontratazio horiek ezin izanen dituzte kontratuaren prezioaren ehuneko 50 baino gehiagoko exekuzioak hartu”.
Formula matematikoak
Irizpide “subjektibo eta anbiguoak” medio sortzen den “arbitrariotasuna” saiheste aldera, xedatzen da ezen prezioaz gain irizpide gehiago daudenean, “gehienak formula matematikoen bidez zehazgarriak izango” direla. Halaber, esleipenaren epea 30 egunetara murrizten da, erdira alegia, esleipen irizpidea eskaintzarik abantailatsuena denean.
Kontratuak gauzatzeari dagokionez, kontratistari egotzi ez dakizkiokeen arrazoiengatik epez kanpo gauzatzen diren kasuetan, legeak kontratuko balio zenbatetsiaren % 2tik % 5era igotzen du zigorra, bai eta kalte-ordain osagarria ere.
Administrazioaren kontratuak aldatzeko aukerari dagokionez, xedatzen da ezen aldaketa guztien zenbatekoa, batera, ez dela kontratuaren esleipen prezioaren ehuneko 20tik gorakoa izanen. Gainera, lehenagoko % 50a “gehiegizkoak” direla jotzen da, ziurtatzeko hasieran hautatutako eskaintza dela egokiena. Garrantzizkoa dena da “aldaketak behar-beharrezkoak direnak bakarrik izatea, eta, murrizketa kontuan hartuta, beti izatea nahitaezkoak”.
Kasu horietan non aldaketa egiten bada kontratuan ez dauden edo ezaugarri oso desberdinak dituzten unitate berriak sartzeko, prezioak negoziazio prozesu batean finkatu beharko dira. Administrazioaren eta kontratistaren artean akordiorik ez badago, Administrazioak unitate berri horiek foru lege honetan aurreikusitako prozeduren bidez lizitatuko ditu, betiere urgentziak eragindako prozedura negoziatuko publizitate gabekoaren bidez, “exekuzioa geldiaraztea saiheste” aldera.
Kontratuen aldaketak ere argitaratu beharko dira. Baldintza bera exijitzen da kontratu osagarrientzat, hasierako kontratistentzako kontratazioak baitira, publizitaterik eta lehiarik gabeak, eta kontrolak orokortu beharra dago. Neurri hori gomendatuta agertzen zen Kontratazio Publikoaren Egoera Aztertzeko eta Diagnostikatzeko Adituen Batzordeak eginiko txosten eta ondorioetan, 2004an argitaratu baitzen, eta beste autonomia erkidego batzuek, dagoeneko, egin dute egokitzapena.
Kontratuaren aldaketei buruzko araudiak, besteak beste, enpresa-entitate publikoek, merkataritza- eta lan-sozietate eta fundazioek egindakoak ere jasotzen ditu, horiek ere ezingo dira nahi bezala eta mugarik gabe aldatu. Helburua Gobernuko departamentuek haien sozietate publikoei egiten dizkieten kontratu ugariak Administrazioak berak eskatu izan balitu baino garestiagoak izatea saihestea da.
Lege hau indarrean sartu baino lehen onetsi diren kontratazio-espedienteak eta publizitatu diren baldintza-orriak aurreko araudiari jarraiki gauzatuko dira, nahiz eta esleipena aurkaratzeko erregimena foru lege honetan xedatutakoaren araberakoa izango den.
Administrazioak egindako kontratuak baliogabetzeko arrazoien karietara, “esleipena egiten den momentuan krediturik ez izatea edo nahikoa ez izatea” aztertzen da.
Horri dagokionez, arauak argitzen du zein kasutan den egokia proiektua eta obra batera kontratatzea. Prozedura horrek aurrerantzean “salbuespen” izaera izango du eta bakarrik egiten ahalko da “arrazoi teknikoek beharrezko egiten” dutenean edo lanen “dimentsio edo zailtasun teknikoak direla-eta enpresaren beraren bitarteko eta gaitasunen bidez emandako konponbideak beharrezkoak direnean”.
Proiektuen alorrean sakonduz, Administrazioak proiektuen lehiaketan erabiliko du “lehen irizpide gisa”, orain arte hautazkoa zena, plan edo proiektu bereziak burutzeko, gehien bat lurralde-antolamenduaren, hirigintzaren, arkitekturaren, ingeniaritzaren, eta datu-prozesaduraren arloetan. Aldaketa horrekin parte-hartzaileekiko independenteak diren pertsona fisikoez soilik osatutako epaimahai baten parte-hartzea ziurtatzen da.
Bestalde, legeak artikulu berri bat du non, 50 langile edo gehiagoko enpresek ezgaitasunak dituzten pertsonentzat gutxienez lanpostuen % 2ko erreserba kuota “oro har” ez betetzea zigortzen den. Zigorra Administrazioarekin kontratatzeko debekua izanen da.
Iragan irailaren 13an onetsitako ebazpen batekin bat, legeak kontratazio-espediente garrantzitsuenetan iraungarritasun planak eta ustiatze gastuen azterlanak atxikitzeko konpromisoa hartzen du, bai ekonomiaren, bai estrategiaren arloetan. Beharrezkoa den kasuetan, ustiatze gastuen azterlan bat egingo da, hamar urtean gutxienez.
Kontratazio Publikorako Batzordea
Kontratazio Publikorako Batzordearen xedea kontratazio publikoaren sistemak behar bezala funtziona dezan zaintzea da. Horretarako, urtealdiko txosten bat aurkeztuko du Nafarroako Parlamentuan, zehaztuko dituena, batetik, zer esku-hartze izan dituen organo horrek, eta, bestetik, zer proposamen egiten dituen kontratazio-sistema efizienteagoa izan dadin eta, hala, zama administratiboak sinplifikatzeko.
Batzordeko kideen ordainsariek “ezingo dituzte dieta kontzeptuetan” kontzeptu horiei dagokienez Gobernuko kideentzat ezarritako mugak gainditu.
Lizitazio Publikoen Kontrolerako Batzordea
Lizitazio Publikoen Kontrolerako Batzordeak aurrerantzean Nafarroako Kontratazio Publikoen Auzitegia izena hartuko du (TACPN), hartara baliabide organo honen izena tribunal zentralen, autonomietako eta sortu diren toki-tribunalen parekoa izateko.
Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak lehendakari bat eta beste bi kide izanen ditu, hirurak Foru Komunitateko Administrazioaren, Nafarroako toki entitateen edo foru lege honen mendeko beste entitate batzuen zerbitzuko jarduneko funtzionarioak, izendapenerako zuzenbideko lizentziaduna izatea eskatu bazitzaien. Haien hautapena Nafarroako Gobernuak eginen du, baina aldez aurretik Nafarroako Parlamentuari jakinarazi beharko dio. Hautapena sei urterako izanen da, eta kideok aukera izanen dute berriz hautatuak izateko.
Batzordeburuak hamar urteko lanbide esperientzia izan beharko du gutxienez, gainerako kideentzat aurreikusitakoaren bikoitza, izan ere, aurreikusten da ebazpen gehienek udalerri eta mankomunitateetan eragina izan dezaketela.
Kontratazio Publikorako Batzordeko kideen gisara, Lizitazio Publikoen Kontrolerako Batzordeko kideek ere batera beteko dituzte batzordeko zeregina eta Administrazioan duten lanpostua, eta erregelamenduz ezartzen diren dietak jasoko dituzte ordainetan, funtzionario diren aldetik dituzten lansariekin bateragarri izanen direnak.
2011/7 Zuzentarauaren trasposizioa
Legeak Europako 2011/7 Zuzentarauaren trasposizioa jasotzen du, zeinaren bidez merkataritza jardueretako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen diren. Horretarako, zenbait epe ezartzen dira ordainketak egiteko, “egungo egoera ekonomikoan enpresa ugari pairatzen ari diren diru-gabezia saihesteko” helburuarekin.
Zerbitzu energetikoak
Lege honen pean egindako eta zerbitzu energetikoak eskaintzeko helburu duten kontratuek “gehienez ere hamalau urteko iraupena” izanen dute lan, hornidura eta laguntza modalitatean eta modalitate mistoan.
Baldin eta, kontsumo eta mantentze kontzeptuak batu izanagatik, kontratazioaren urteko zenbateko osoa azken bi urteetako batez besteko gastuaren berdina edo hura baino txikiagoa bada, inbertsioa bere hondar-balioaren arabera kontabilizatuko da, eta, une horretan bertan entitatearen ondareen inbentario publikoan sartua izango da.
· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 82. zk., 2012-10-15ekoa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 1. zk., 2013-01-02koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 15. zk., 2013-02-07koa)