Parlamentuko Osoko Bilkurak langabeziari buruzko bilkura monografiko bat egin du
Langabeziaren aurrean alderdiek eta Gobernuak akordioak eskatzen dituzte, baina ez datoz bat neurrietan
Parlamentuan ordezkariak dituzten alderdiek eta Nafarroako Gobernuak bat etorri dira gaur langabezia adostasun politiko eta sozialaren bidez borrokatu behar den “lehentasun” bat dela esaterakoan, alabaina, hartu beharreko neurri jakinei dagokienez bat ez datozela adierazi dute.
Hala adierazi dute Nafarroako Parlamentuan egin den langabeziari buruzko saio monografikoan, non bigarren txanda batean haien ebazpen proposamenak aurkeztuko dituzten.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilari eta lehenengo lehendakariorde Lourdes Goicoecheak hitzaldi batekin eman dio hasiera saioari. Bertan, “enplegurako proposamen eraikitzaileak” ez egitea leporatu dio oposizioari, eta “honakoa gauzatu daitezkeen proposamen zehatz eta iraungarriak egiteko aukera ona” dela baieztatu du.
Goicoecheak onartu du langabeziaren egoera “oso kezkagarria” dela, maila “oso negatiboetara” iritsi baita, eta, beraz, hari aurre egitea “lehentasun” bat dela.
"Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuek agerian uzten dute langabezia krisi ekonomikoarekin eta bigarren atzeraldiarekin batera handitu dela”, iritzi du kontseilariak. Gainera, langabetuen kopurua 52.600ekoa dela eta langabezia tasa 17,5ean dagoela esan du, bai eta horrek Nafarroa Espainiako bigarren tasa baxuenean kokatzen duela ere.
"Gure apusturik handiena berrindustrializazioa izan behar da. Bide luzea da, baina horri esker Nafarroak aurrera egingo du eta hazkundearen bidera itzuliko da, esan du Goicoecheak. Halaber, “lanpostu sendo, egonkor eta kalitatezkoak” sortzea ahalbidetuko duten “zutoin irmo” gisa aipatu ditu Volkswagen, Nafarroako ubidea eta abiadura handiko trenaren proiektuak.
Horrez gainera, langabetuak hezi eta kontratatzearekin lotuta burutzen ari diren eta burutuko diren jarduerak zehaztu ditu, eta, lanpostuak mantentzeko modu gisa lanaren banaketa bultzatuko duten formulak aztertzea beharrezkoa dela azpimarratu du.
Socialistas de Navarra parlamentu-taldearen bozeramaile Roberto Jiménezek “ekonomia berpiztuko duen eta enplegua sortuko duen hitzarmen politiko eta sozial zabal bat” defendatu du, zeina oinarrituko zen jarduketa enpresarialak finantzatzera bideratutako Nafarroako agentzia global bat sortzean, Nafarroako ekonomia nazioartekotzeko programa batean eta gazteak laneratzeko plan bat abian jartzean.
Jiménezek esan du ezen “proposamen irekiak” direla eta “langabeziaren aurka borrokatu” nahi dutela. Gainera, langabeziaren aurka borrokatzeko adostasunetara iristeko prest dagoela adierazi du, langabezia “gizarte honen arazo larrienetako bat” baita.
Esan duenez, Nafarroa, nahiz eta bertako datuak beste komunitate batzuetakoak baino hobeak izan, “ez da irla bat”. Jarraian, abian jarritako politikak kritikatu ditu, bere hitzetan, “langabezia handitzen, pobrezia handitzen eta ezberdintasunak handitzen ari baitira”. Azkenik, erreforma laborala ezin txarragotzat jo du eta negoziazio kolektiboa “lehentasun” bat dela defendatu du.
Bakartxo Ruizek (Bildu-Nafarroa), “egoera dramatikoak pairatzen ari diren pertsonei” bere “elkartasuna” adierazi die eta inposatzen ari diren politikak kritikatu ditu, “milaka pertsona langabeziara bidaltzen ari diren errezetak, erreforma laborala eta murrizketak, esaterako”.
Ruizek enplegurako planen eta Moderna planaren “porrota” azpimarratu ditu, bai eta kontzertazio sindikalaren ereduarena ere; alabaina, onartu du ez dagoela “makila magikorik”, baina bai alternatibak, eta ildo horretan, lan harremanen berariazko esparru bat eskatzeaz gain, “Nafarroa garatzea helburu duen enplegu plan bat abian jartzeko eskuduntzak” eskatu ditu.
Ruizek, halaber, hainbat gai defendatu ditu, esate baterako, murrizketen politikak geldiaraztea, finantzaketa publikorako sistema bat sortzea, hezkuntzan inbertsio publikoa sustatzea eta lanbide heziketa bultzatzea.
Patxi Zabaleta (Aralar-NaBai) oposizioak proposamenik egiten ez dituela ukatu du eta UPNri hitzarmenak egiterakoan “baztertzailea” izatea egotzi dio. Gainera, Nafarroa azken hilabeteetan langabezia gehien igo den komunitatea dela aipatu du eta azpimarratu du langabezia “guztion erantzukizuna” dela eta “bai elkartasuna bai justizia zein zuzenbide konponbideak” behar dituela.
Zabaletak konponbideak bilatzea lehentasun bat dela azpimarratu du eta adostasuna eskatu du, bestela gizarteak “erantzukizun eza” egotziko dielakoan. Jarraian, abian jarritako enplegu planak zalantzan jarri ditu.
“Nafarroak duen kapitalik handiena jendea da eta horregatik etengabeko heziketak eskaintza publiko bat behar du” iritzi du Zabaletak. Horren karietara, defendatu ditu NUPi atxikitako teknologia parkearen proiektua berreskuratzea, administrazioa enplegua sortzen eredu izatea eta Nafarroa eremuka berrindustrializatzea.
Enrique Martínen (PPN) aburuz, “Parlamentua berandu ekiten ari zaio langabeziaren arazoari”, orain Nafarroan Espainian baino gehiago hazten ari dena. Bere ustez, aplikatzen ari diren neurriak “ez dira nahikoa eta ez dira eraginkorrak” eta Nafarroako Gobernua ez da arazoari aurre egiteko bitarteko egokiak erabiltzen ari, neurri “zaharkituak” erabiltzen baizik.
Langabetuen kopuru “larriak” “beharrezko egiten du gaiari erantzukizunez ekitea”, esan du PPk onetsitako lan erreforma babestu duen Martínek.
Martínek bai gobernuaren erabakiak bai CEINen gisako enpresa publikoetan hartutako erabakiak kritikatu ditu eta “langabeziaren arazoari aurre egiteko, denok batera eta aldi berean lan egitera, alderdikeriarik gabe” premiatu du.
José Miguel Nuinek( I-E) langabezia “Nafarroako tortura sozialeko egoera” bat dela irizten du eta “zifrek drama horren aurrean Nafarroako Gobernuaren porrota agerian” uzten dutela uste du, bai eta hortaz, Parlamentuak “langabeziaren kontra borrokatzeko erabaki garrantzitsuak har ditzan” beharrezkoa dela.
Nuinek adierazi du “gizartea eztanda egiteko puntuan dagoela”. ldo horretan, adostasunetara iristea beharrezkoa dela esan du, baina “letra hila izan ez daitezen, aplikatzen ari diren austeritate politika masiboak zuzendu behar dira”.
Hainbat proposamen egin ditu, besteak beste, Nafarroako banku publiko bat berreskuratzea, enplegurako programa osagarri bat, autonomo eta enpresa txikientzako berme eta kredituen programa osagarri bat abian jartzea, erreforma laborala indargabetzea eta gazteen langabeziaren aurka borrokatzeko plan bat.
Carlos García Adanerok, UPNren bozeramaileak, enpleguaren gaia Gobernua erasotzeko erabiltzen dela deitoratu du eta gizarteak “konponbideak eta erantzunak” exijitzen dituela azpimarratu du; horregatik, ez daitezen “demagogoak” izan eskatu die bozeramaileei.
García Adaneroren hitzetan “gastuak diru-sarreretara doitu behar dira eta horretarako gauzatzen ari diren politikak beharrezkoak dira”. Gainera, Gobernuak zerga-politika dela-eta jaso dituen kritikei dagokienez, erantzun du ezen politika hori ez dela UPNrena, Parlamentuarena baizik, eta erregionalistek babesten ez dituzten hainbat alderdi jasotzen dituela.
García Adanerok bere parte-hartzean Gobernuak aurkeztutako proposamenak nabarmendu ditu, eta PPri proiektuak egiten ez direla esan izana aurpegiratu dio, izan ere, ezin izan dituzte gauzatu “Espainiako Gobernuak ez duelako ordaindu, dirua kendu duelako”.