Publicada el Friday, 22 de February de 2013

Parlamentuko Osoko Bilkurak langabeziari buruzko bilkura monografiko bat egin du eta 20 ebazpen proposamen onetsi ditu

Parlamentuko Osoko Bilkurak langabeziari buruzko bilkura monografiko bat egin du gaur; bertan, aurkeztutako 30ebazpen proposamen eztabaidatu dira eta eta horietatik 20 onetsi dira.
 

Hona hemen onetsitako ebazpenak:
 

UPNk 5 ebazpen proposamen aurkeztu ditu eta guztiak onetsi dira. Lehenengo lauak UPNk, SNk eta PPNk haren alde emandako botoekin eta Bildu-ren, Nabai-ren, I-Eren eta atxiki gabeko bi parlamentarien abstentzioarekin:
 

1.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, ekintzaileak artatzeko entitate sare bat sortzea sustatzera. Sare horrek era koordinatuan jardun beharko du eta zerbitzu komunez gain, gutxieneko kalitate-estandarrak eskaini beharko ditu”.

2.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du enplegu politika aktiboen efikazia eta efizientzia neurtzeko balioko duten adierazleak presta ditzan”.

3.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, xede hori bera duten diru-laguntza deialdi zehatz baten bidez, gizarte ekonomiako enpresak sortzea sustatzera”.

4.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du enplegurako politika aktiboak era egokian lurralderatzera, halako moldez non enplegurako agentzien gidaritzapean, eremu bakoitzean dauden baliabideak era hobean eta ordenatuagoan aprobetxatzea lortuko den”.

5.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du enpleguaren politika aktibo eta pasiboen arteko lotura handiago lortzera bideratutako jarduketak egitera, horretarako, langabetuen enplegagarritasunaren alde egingo duten Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren jarduketa proaktiboak bultzatuz”.

Azken horrek UPNren eta SNren babesa jaso du; PPNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek ordea ez dute bozkatu.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako ebazpena ere, zortzi idatz-zatitan antolatua dagoena, onetsi da. Lehenengo hiru idatz-zatiak, UPNren, SNren, PPNren eta atxiki gabeko bi parlamentarien alde botoak eta Bildu-ren, Nabai-ren eta I-Eren aurkako botoak. Gainerakoak aho batez onetsi dira.

Enpresen jarduketak finantzatzeko Nafarroako Agentzia Global bat sortzea. Agentzia horrek, Nafarroako Gobernuaren eta SODENAren bidez, kapital publikoa jasoko du, eta irekita egongo da toki-entitateen eta inbestitzaile pribatuen parte-hartzera. 2 hilabeteko epean abian egotea beharrezkoa litzateke.

Gainera, proiektu enpresarialak bermatzeko funtzioa izango luke, betiere arriskuak behar bezala analizatu ondoren.

Nafarroako Agentzia Globalak nazioartekotzearekin eta ekintzailetza sustatzearekin lotutako funtzio eta eginkizun guztiak laburtuko lituzke.

Horrez gain, agentziak nazioartekotzera bideratutako Europako funts guztiak kudeatuko lituzke.

Nafarroako Gobernua izango litzateke haren burua, eta Nafarroako Parlamentuaren, toki-entitateen eta eragile ekonomikoen zein gizarte eragileen ordezkariak ere izango lituzke.

Halaber, inbestitzaile pribatuak ere izango lituzke.

Nafarroako ekonomia nazioartekotzeko programa.

Oinarri esportatzailea handitzea izan behar du programaren xedea, hau da, esportatzeko jardueran enpresa gehiago sartzea. Honakoak izango lirateke neurriak:

a) Zehazki nazioartekotze azkarreko enpresak babesteko programa. Programak enpresak nazioartekotzearen aldi guztietan lagunduko lituzke, horretarako, Nafarroako Agentzia Globalaren bidez, aholkatu, hezi, atzerrian sozioak bilatu eta finantzatuko lituzke.

b) Enpresa sareak sustatzeko programa, Nafarroako enpresen tamaina txikiari lotutako arazoak gainditzen laguntzera bideratutakoa. Honakoetan oinarritzen da:

- Enpresa ertain eta txikiak esportatzeko partzuergoen sorrera eta funtzionamendua babestea.
- Klusterren politika bat garatzea, hau da, negozio sailetan interes komunak dituzten enpresa-sareak, izan birtual zein fisikoak.
- Enpresa esportatzaileen eta jarduera horretan hasten direnen arteko lankidetzarako programak diseinatzea.
- Enpresak integratzeko prozesuen aldeko giroa sortzea.
- Europako Batzordeak sustatutako enpresen lankidetzarako programak indartzea.

a) Esportaziorako eta nazioartekotzerako aukeren atari bat sortzea. Atari horretan dauden aukeren berri emango da. Informazioa gehien bat nazioartekotutako enpresen ezagutza eta esperientziei buruzkoa izango litzateke.

b) Finantzazio prozesuak izapidetzeko inbertsio leihatila bakar bat sortzea. Nafarroako Agentzia Globalaren barnean egongo litzateke.

c) Nafarroako Agentzia Globalaren barruan, enpresa ertain eta txikiak bektore jakin eta estrategikoetan sar daitezen lagunduko duen funts bat sortzea.

d) Business Angels delakoen sare nafar bat sortzea, zeina Espainiako eta Europako sareetan integratuko litzatekeen. Horrela, inbestitzaile eta ekintzaileen arteko harremana bultzatuko da eta proiektu enpresarial berriak abian jartzeko finantzaketa lagunduko da.

Nazioartekotzerako programa hau 2013. urtea bukatu baino lehen martxan egon beharko litzateke.

Gazteen enplegurako plan bat abian jartzea, lau ardatz izango dituena: orientazioa; ikasketa, heziketa, kualifikazioa eta birkualifikazioa; enplegu aukerak eta enpleguaren sustapena; autoenplegua eta gizarte ekonomia.

Sei dira orientazioak jorratu behar dituen esku-hartze ildoak:

1º Txertatzeko bide pertsonalizatuak.
2º Jasotako eskuduntza profesionalak aitortzea.
3º Eskuduntzak egiaztatzea, ziurtagiri ofizial baten bidez.
4º Gazteei egokitutako babes material zehatzak diseinatzea.
5º Lanbide orientaziorako sarbidea hobetzea.
6º Garaiaren aurretik eskola utzi duten gazteentzako arreta berezia.

Ikasketa, heziketa, kualifikazioa eta birkualifikazioan honako ildoak jorratuko dira:

1º Lantegi-eskolak goraka ari diren sektoreetan. Teknologia berriak, energia berriztagarriak, ingurumena, etab.
2 Garaiaren aurretik eskola utzi duten gazteei heziketa arauturako sarbidea erraztea.
3º Lanerako prestakuntzarako sarbidea ahalbidetzea.
4º LH duala ezartzea bultzatzea, eredu alemana.
5º Graduondoko lizentziadun gazteak bikaintasunean heztea sustatzea, horretarako atzerrian hobekuntza profesionalari buruzko ikastaroak eskainiz.
6º Ekintzailetzan heztea.

Enplegu aukerak eta enpleguaren sustapenean lau ildo garatu beharko dira:

1º Heziketa/ enplegu txandakatze-programen bidez kontratazioa sustatzea.
2º Enpresetan praktiketan edo bekekin kontratatzea sustatzea.
3º Kontratazio mugagabearen alde egitea.
4º Kontratu ez-egonkorretatik mugagabekoetara aldatzea sustatzea.

Autoenplegua eta gizarte ekonomian lau ildo jorratu beharko dira:

1º Proiektu enpresarialak sortzeko eta abian jartzeko aholkatzea, heztea eta gidatzea. Merkataritza Ganberarekin elkarlanean egingo litzateke.
2º Enpresa berriak abian jartzeko diru-laguntzak.
- Lehenengo urtean funtzionamendu gastuak ordaintzeko diru-laguntzak.
- Maileguei dagozkien bermeak.
- Inbertsiorako laguntzak.
Jarduketa horiek Nafarroako Agentzia Globalaren bidez egingo lirateke.
3º Gazteen ekintzailetza gaitasuna sustatzea.
4º Autoenplegua sustatzeko feriak antolatzea.

. Ekintzailetzarako eta enplegua mantendu eta sortzeko pizgarrietan zerga-sistema berria diseinatzea. Ildo horretan sortu berri den batzorde txostengilearen ondorioak aintzat hartzea.

. Negoziazio kolektiboa desblokeatzeko beharrezkoak diren kudeaketak egitea, bai eta egungo hitzarmen kolektiboek milaka langile babestu ditzaten eta lan arloko legeriaren mailetara igaro daitezen saihestea. Nafarroako Gobernuak desblokeo hori eman dadin lagunduko da, eta lortzen diren hitzarmen kolektiboak Nafarroako Aldizkari Ofizialean arinago argitaratuko ditu.

. Jarduerarako eta enplegurako nitxo berriak aurkitzera bideratutako plan industrial bat gauzatzea.

. Departamentuarteko programa bat sortzea, enpleguan dauden bazterkeriak, desberdintasunak eta menpekotasun egoerak aztertzeko.

Parlamentuaren barruan ekonomia eta enplegua dinamizatzeko mahai bat sortzea, zeina Nafarroako Parlamentuko alderdiez, eragile ekonomikoez, gizarte eragileez eta toki-entitateez osatuko litzatekeen.

Bildu-k aurkeztu dituen bost ebazpen proposamenak onetsi dira, baina horietako biren, lehenengoaren eta hirugarrenaren, zati batzuk bakarrik.

Lehenengo ebazpenak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek eman dioten babesarekin onetsi denak, honakoa dio:
“Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuak neoliberalismoaren bidez inposatutako politika ekonomikoen eta murrizketen kontra dagoela adierazten du, zeinak Nafarroako Gobernuak sistematikoki aplikatu dituen; izan ere, ekonomiaren beheraldia eta enpleguaren suntsiketa eragiten dute eta kapitalaren interesak herritarren giza-eskubideen gainetik jartzen dituzte.

Horregatik, Nafarroako Parlamentuak herritarrei haien enplegurako eskubidea bermatuko dien politika ekonomikoa definizioarekiko konpromisoa duela adierazten du.

Enpresa pribatuaren arloan, Nafarroako Parlamentuak adosten du Gobernua Enplegua Arautzeko Espedienteak onesteko neurriak gogortzera eta ikuskapen zorrotza ezartzera premiatzea

Nafarroako Parlamentuak adosten du gure herritarren gaitzea eta heziketa kalitatezko enplegu bat bermatuko duen ardatz lehiakorra izatea. Horretarako, beharrezko neurriak hartuko dira eta beharrezko baliabideak emango dira hezkuntzaren aldi guztietan, lanbide heziketan, unibertsitatean eta osagai publikoaren ikerketari lotutakoetan”.

Bigarren ebazpenak, SNk, Bildu-k, Nabai-k, PPNk, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek eman dioten babesarekin eta UPNk haren aurka eman duen botoarekin onetsi denak, honakoa dio:
“Nafarroako Parlamentuak adosten du beharrezkoak diren mekanismo legal eta juridikoak abian jartzea, hartara lehen sektorea sektore estrategiko gisa sustatzeko, eta merkataritzarekin ildo zuzenak sortzeko. Hori guztia, Nafarroako produktuen kontsumoa eta merkaturatzea bultzatzeko, bai eta bi sektore horietan enplegua garatzea sustatzeko ere.

Horretarako, Nafarroako Parlamentuak Gobernua premiatzen du lehen sektorearen sustapena beharrezko baliabide ekonomikoekin hornitzera, eta produktuen salmenta zuzenari buruzko legea garatzera”.

Hirugarrenak, babes berdinak jaso dituenak, honakoa dio:

“Nafarroako Parlamentuak adosten du parte-hartzearen bidez, enplegu politika aktiboen arloan neurri, hitzarmen eta ekimen sorta berri bat hartzera. Neurri horiek egungo mekanismoek agerian utzitako gabezia guztiak zuzentzeaz gain, esfortzu guztiak kalitatezko enplegua bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak sortzera bideratuko dituzte.

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du inbertsiorako eta enplegua sortzeko funts estruktural bat sortzera, erakunde-, ekonomia-, eta sindikatu- partaidetzaren bidez kudeatuko dena eta jarduketetan gardena izango dena, eta, planifikazio publiko eta sozialaren bidez gidatuko dena, hartara, I+G+Baren baliabide publikoak optimizatzeko, inbertsio produktiboa sustatzeko, energia aurrezteko, lanbide heziketa hobetzeko eta lan merkatuan sartzeko arazo gehien dituzten kolektiboak merkatu horretatik kanpo geratzen ez direla bermatzeko”.

Laugarren ebazpenak, zeinaren lehenengo idatz-zatiak UPNren babesa izan ezik talde guztien babesa jaso duen, honakoa dio:

“Nafarroako Parlamentuak adosten du Nafarroako jarduera ekonomikoa finantzatzea bermatzeko neurri eraginkorrak abian jartzea, bai enpresa ertain eta txikientzat, bai autonomoentzat, bai ekintzaileentzat; betiere gizarte interesen eta Nafarroako garapen ekonomiko eta industrialen parametroen bidez.

Xede horrekin, Nafarroako Parlamentuak finantzaketa-sistema publiko propioa sortzeko borondatea duela adierazten du, zeinak aurrezki publikoa gizartearen beharretara eta inbertsio produktibo propiora bideratzea ahalbidetuko duen”.
Bigarren idatz-zati hori onetsi da, nahiz eta UPNk eta PPNk haren kontra bozkatu duten eta atxiki gabekoek ez duten bozkatu.

Bildu-k bultzatu duen bosgarren eta azken ebazpenak, haren aurka agertu diren UPNren eta PPNren babesa izan ezik beste guztien babesa jaso duena, honakoa dio:

“Nafarroako Parlamentuak adosten du aberastasuna eta lana banatzera bideratutako ekimenak abian jartzea, zeinak lan orduak murriztera, lana banatzera eta aparteko orduak deuseztatzera zuzenduta egongo diren”.

Aralar-Nabaik aurkeztu dituen bost ebazpenetatik bakarra onestea lortu du, zeinak talde guztien aldeko babesa jaso duen UPNrena izan ezik. Honakoa dio:

“Beharrezkoa da Sakanan, Erriberan, Erdialdean eta Mendialdean premiazko berrindustrializaziorako lau eremu sortzeko foru lege bat onestea, hartara, berrindustrializazioa lortzeko eta indartzeko. Premiazko berrindustrializazio eremuak garatu behar dira.

Garapenaren xede nagusia ingurugiroaren iraungarritasuna izan behar da; horretarako, energia aurreztu, ingurumena errespetatu eta tokian tokiko baliabideak errespetatuko dira”.

PPNk aurkeztu dituen bost proposamenetatik bi onesteko beharrezko babesa lortu du. Lehenengoak, UPNk, SNk eta I-Ek haren alde emandako botoekin eta Bildu-ren, Aralar-Nabairen eta atxiki gabekoen abstentzioarekin onetsi da eta honakoa dio:

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 25 urtetik beherakoek, hala eskatzen badute, langabezia egoeran daudenetik gehienez ere lau hilabeteko epean informazioa, heziketa, orientazioa eta bidea emango dien ikastaro bat jasoko dutela bermatzera, hartara, haien enplegagarritasuna hobetzeko eta lan merkatuan sartzea errazteko”.

Bigarrenak, UPNk, SNk, I-Ek eta atxiki gabekoen aldeko botoa eta Bildu-ren eta Nabai-ren abstentzioa jaso dituenak, honakoa dio:

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lantegi-eskolen ikasleentzat derrigorrezko izaerako heziketa osagarri gisa honako ikasgaiak gehitzera: Ekintzailetzaren eta autoenpleguaren sustapena eta Berrikuntza”.

Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako bost proposamenetatik hiru onesteko adina babesa jaso du. Alabaina, lehenengoaren zati batzuk besterik ez dira onetsi; honakoa dio:

“Nafarroako Parlamentuak austeritate neoliberalaren politika masiboak geldiaraztea beharrezkoa dela adosten du, zeinak Nafarroan UPNren gobernuak eta Espainian PPren gobernuak aplikatu dituzten. Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen du 2013,2014 eta 2015. urteetarako berpizteari, inbertsioari eta enpleguari buruzko plan publiko bat gauzatzera, honako edukia izango duena:
 

1.- Defizitaren eta zor publikoaren helburuak berehala malgutzea. 2012-2015 urteetarako egonkortasun plana aldatzea, hartara, zerga-politika hedakorra izan dadin.

2.- Autonomoak eta enpresa ertain eta txikiak finantzatzeko berme/ kredituen aparteko programa, urtean 100 milioi euroko aurrekontua izango duena eta “Sociedad de Desarrollo de Navarra, S.L.” izeneko enpresa publikoaren bidez kudeatuko dena.

3.- Kapitalaren errenten, errenta altuen eta enpresa handien enpresa-etekinen gaineko zerga-presioa handituko duen zerga-erreforma.

4.- Oinarrizko zerbitzu publikoetako langile kopurua handitzea, hartara, herritarren beharrak asetzeko. Horretarako, 2013. urtean hezkuntzan, osasunean eta gizarte zerbitzuetan lan eskaintza publikoaren deialdi bat egingo da, zerbitzu bakoitzaren langileen beharrizanak erantzungo dituena.

1,3 eta 4 idatz-zatiak SNk, Bildu-k, Nabai-k eta I-Ek haien alde emandako botoekin, atxiki gabekoen abstentzioarekin eta UPNren eta PPNren oposizioarekin onetsi dira. Bigarren idatz-zatia UPNk haren kontra bozkatu arren eta SNk bozkatu ez duen arren, onetsi da.

I-Eren bigarren ebazpena, haren auka bozkatu duen UPNren babesa izan ezik, talde guztiek emandako babesarekin onetsi da. Honakoa dio:

“Nafarroako Parlamentuak lan erreforma indargabetzea beharrezkoa dela adosten du. Halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen du erreforma hori arbuiatzera eta hari aurre egitera eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioaren eta sektore publikoaren arloan ez aplikatzea exijitzen dio”.
 

I-Eren hirugarren ebazpena talde guztiek haren alde emandako botoekin onetsi da, UPNk eta PPNk emandakoarekin izan ezin, kontra bozkatu baitute. Honakoa dio:
“Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuak adosten du beharrezkoa dela garapenerako eta enplegurako plan estrategiko eta lurralderatuak onestea Erribera eta Sakanako eremuetarako, eta, Nafarroako Gobernua premiatzen du plan horiek eremu horietako erakunde-, ekonomia- eta gizarte-eragileen partaidetza eta adostasunarekin garatu eta gauzatzera”. 

 

Atxiki gabeko parlamentariek aurkeztutako lau proposamenetatik hiru onestea lortu dute, lehenengoaren kasuan, zati batzuk bakarrik. Honakoa dio:

“Estatuarekin 2013rako defizitaren helburua malgutzea negoziatzea; horretarako, igoeraren % 75a, gutxienez, I+G+Bra bideratzeko konpromisoa hartuz (2013an 40 milioiko inbertsioa bermatuz), bai eta gure enpresa-ehunaren monitorizazioa eta akonpainamendura bideratzeko ere, lurralde osoko ekintzaileena eta gizarte-ekonomiarena barne.

Ekonomia- eta sindikatu-eragile guztiak elkarrizketa sozialaren prozesura gonbidatzea.

Gure sektore estrategikoetan klusterrak eta enpresen arteko elkarlanerako sareak sortzea edo/ eta finkatzea sustatzea.

Nafarroa nazioartean indartzea gure xede diren merkatuetan kaltetuko ez gaituen marka baten eta estatuak izan ditzakeenetatik kanpo dauden kokaleku estrategikoetan presentzia instituzionalaren bidez.

Nafarroa EAE-Akitania Europako eskualdean sar dadin elkarrizketak hastea, Nafarroa Europako erakundeek bultzatzen duten Europa polizentrikoan kokatzeko modu gisa.

Edozein moduz, Akitaniarekin eta EAErekin alde biko harremanak sendotzea, etekin komuna oinarri hartuta proiektuak garatzeko xedearekin, betiere, gainerako bizilagunekin harremana hoztu gabe.

Europako sareen inbentario bat egitea, esaterako, Euromontana eta Nafarroa bere interesei egokitzen zaien sare horiei atxiki dadin beharrezko kudeaketa lanak hastea. Nafarroak dagoeneko esparru europarreko enteetan duen presentzia ahalik eta gehien indartzea (Pirinioetako lan komunitatea, HERRÍN)”.

Ebazpen horrek talde guztien babesa jaso du, UPNrena eta PPNrena izan ezik, haren aurka bozkatu baitute.

Bigarren ebazpenaren kasuan, haren lehenengo idatz-zatiak babes berdinak jaso ditu, eta hurrengo bi idatz-zatiek UPNren aurkako botoa besterik ez dute jaso.

“Sodena sozietatearen eta finantza-entitateen artean sinatutako hitzarmenaren baldintzak aldatzea, halako moldez non alegiazko mailegu operazioetan Nafarroako Gobernuak entitate bakoitzarekin hartutako arriskuak egungo % 30etik % 50era igoko den, % 75erainokoa izan daitekeena banan-banan aztertutako operazio bakoitzean.

Enpresa ertain eta txikientzako zirkulatzaile-berme ildoarentzat eskuragarri dagoen muga 150 milioi euroraino igotzea, halako moldez non 2013an nabarmen handitu ahalko den, betiere, arriskuaren gaineko zentzuzko parametroak eta saldo bizia errespetatuz. Saldo bizi hori 2012ko ekainaren 30ean 53,4 milioi eurokoa zen, horietatik, 27,5 milioi 2013 amaitu baino lehen kitatu behar ziren.

Diruzaintza arazoak dituzten enpresa bideragarrien balantzeak berregituratzeko prozesuak babestuko dituzten bermeen ildo bat ezartzea”.

Atxiki gabekoen hirugarren ebazpena talde guztiek babesarekin onetsi da, UPNrenarekin izan ezik, kontra bozkatu baitu. Honakoa dio:

“Nekazaritza ustiategiak modernizatzeko laguntzak eta nekazari gazteak lehen aldiz instalatzeko laguntzak jasotzeko 2013ko deialdia arautzen duen foru aginduan xedatutakoari jarraiki, apirilaren 15a baino lehenago aurkezten diren eskaeren ebazpena ahalik eta gehien arintzea, betiere xedatutako baldintzak betetzen dituen eskaerarik bazter ez uzteko filosofia errespetatuz, halako moldez non inbertsioak 2013an zehar gauzatzen ahalko diren”.