Publicada el Thursday, 28 de February de 2013

Nafarroako Gobernua Nafarroako Kutxaren Gizarte Ekintzaren ondasun artistiko, kultural eta higiezin guztien inbentario bat egin dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “Batzorde Kudeatzailearen bidez, inbentario bat egin dezan Nafarroako Kutxaren Gizarte Ekintzaren ondasun artistiko, kultural eta higiezin guztiak katalogatu ahal izateko”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Nafarroako Parlamentuari inbentarioa egin izanaren berri eman diezaion, inbentarioa egiten dutenean, gehienez ere hiru hilabeteko epean”.

Bi idatz-zati horiek Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako eta ekimenaren titular Patxi Leuzak onetsitako ordezkatze-zuzenketa baten ondorio dira.

Era berean eta hirugarren atal batean, PPNk aurkeztutako gehitze-zuzenketa baten bidez gaineratu dena, Gobernua gonbidatzen da “Nafarroako Kutxa Fundazioaren adostasun batera iristera, hartara, Nafarroako Museoen Sarea osatzen duten zentroetan katalogatutako arte lanak erakusteko”.

Zioen azalpenean, atxiki gabeko parlamentari Patxi Leuzak bultzatutako ebazpenak dio ezen Kultura, Turismo eta Erakunde Harremanetarako Departamentuan ez denez halako informaziorik jasota “ageri”, eta Nafarroako Gobernuak ondasun horien zerrendarik “ez daukalakoan”, ondasun horren inbentariorik ez edukitzeak izan dezakeen “arriskua” ikusita, ondare horren guztiaren “inbentarioa egitea” beharrezko jotzen da.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 91.zk., 2012-11-08koa)