Publicada el Thursday, 28 de February de 2013

Udaletako zinegotzien boto-eskuordetzea ezartzen duen Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea aldatzen duen Legea, udaletako zinegotzien boto-eskuordetzea ezartze aldera.

PPNk bultzatutako Foru Legearen xedea da zinegotzien eskuordetzea aurreikustea, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduak parlamentarientzat ezartzen duen bezala, non botoen izaera “pertsonala eta delegaezina” salbuesten dituen egoerak aurreikusten diren.

Zehazki, xedatzen da boto-eskuordetzea “bakarrik posible dela” osoko bilkuretan, inolaz ere bozketa beharrezkoa duten batzorde, lan-saio edo bestelako egoeretan. Udaleko osoko bilkurak, gehiengo absolutuaz onesten ahalko du zinegotzien boto-eskuordetze sartzea bere araudi organikoan.

Xedatzen denez, amatasuna dela-eta bilkuretara joaterik ez duen zinegotzi edo bozeramaileak bere botoa beste zinegotzi baten esku utzi ahalko du, erditzearen ondorengo sei asteetan. Haurdunaldia ez da gaixotasuntzat hartze, ez baitakar arrisku egoera saihestezinik berarekin. Beraz, ez da botoa eskuordetzeko arrazoi izanen “mediku arduradun batek ez badu behar bezala egiaztatzen”. Edoskitzea ez da boto-eskuordetzea baimentzeko “arrazoi nahikoa”.

Halaber, behar bezala egiaztatutako ospitaleratze baten edo gaixotasun larri baten ondorioz bilkuretara joaterik ez duten zinegotziek botoa beste zinegotzi baten esku utzi ahalko dute.

Botoa beste baten esku uzteko eskabidea idatziz aurkeztu beharko zaio kasuko udalean eskumena duenari. Idazkian zehaztu egin beharko da boto-delegazioa nork egiten duen eta nork hartzen duen, bai eta delegazioaren iraupena ere. Delegazioa ezingo da inolaz ere urte bete baino gehiagokoa izan.

Baja medikoa egiaztatzeko, ziurtagiri medikoa aurkeztuko da, sinatua eta elkargokide zenbakia adierazita, eta, ziurtagiri horretan, gaixotasunaren larritasuna zehaztuko da. “Zinegotzi batek ezinen du eskuordeturiko boto bat baino gehiago izan”.

Eskuordetutako botoen kopurua ez da izanen, inolaz ere, udalbatza osatzen duten zinegotzien erdia baino handiagoa, hartara, “udaleko osoko bilkuraren eztabaidaren izaera ez galarazteko eta ez baldintzatzeko”.

Osoko Bilkuraren eztabaidan, legeak kontzejuetako kideei eta kontzejuei beraiei egiten zien erreferentzia bazter utzi da. Izan ere, jotzen da toki entitate horien konfigurazioa eta funtzionamendua “oso desberdina” dela udalekin alderatuta. Beraz, “zuhurtasun” irizpide bat dela-eta, ez zaie 6/1990 Legean egindako aldaketa aplikatzen ahal. Salbuespen hori jasotzen zuen zuzenketa PPNk, SNk eta Aralar-Nabaik aurkeztu dute in voce eta aho batez onetsi da.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 58. zk., 2012-06-15ekoa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 9. zk., 2013-01-24koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 20. zk., 2013-02-20koa)