Publicada el Thursday, 21 de March de 2013

Ebazpen bat onetsi dute zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den laguntza ekonomikorako berariazko deialdi bat egin dezan, genero indarkeriari aurre egitera bideratutako estrategia politikoak eta jarduketak diruz laguntze aldera

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat aho batez onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “laguntza ekonomia emateko deialdi berariazkoa egin dezan, Gizarte Politiketako Departamentuaren eta Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren bitartez, diruz laguntze aldera generoko indarkeriari bere adierazpide guztietan aurre egitera bideratutako estrategia politikoak eta jarduketak”.

Deialdi horrek “prebentzio politikak, generoko indarkeriaren biktimentzako laguntza juridikoa eta psikologikoa, biktimei lagun egitea eta abar barne hartuko lituzke, bai zuzenean kaltetutako pertsonei, bai indarkeria mota hori zuzenean nahiz zeharka pairatu duten adingabeentzat”. Deialdia “toki entitateentzat” nahiz gizarte-jarduketako esparru horretan lan egiten duten “elkarte partikularrei” zuzenduko zaie.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du, Nabai-k eta I-Ek sinatutako in voce baten bidez gehitu dena. Bertan, zehazten da deialdiak “generoko indarkeriak zuzenean zein zeharka ukitutako pertsonen egoera hobetzera bideratutako proiektuek izandako eraginaren ebaluazioa” jasoko duela.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabaik bultzatutako ebazpena 2010ean sinatu zen “Emakumeen aurkako indarkeriaren arloan laguntza eta prebentzio-lana benetan koordinatzeko erakundeen arteko akordioa” delakoari dagokio. Horren karietara, proposatzen du emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borroka beste elkarte partikularrekiko lankidetza eta koordinazioarekin “osatzea”, are gehiago, “egoera ekonomiko eta soziala okerrera egin duela-eta generoko indarkeria kasuek gora egin dutenetik”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 97. zk., 2012-11-19koa)